Alderdi Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/09/10

Garapen eta ongizatearekiko konpromisoa ekintzekin erakusteko garaia da

Urtebete baino gehiago igaro da 2023-2027 agintaldiari hasiera eman zitzaionetik eta arrazoizko denbora dela uste dugu Udal Gobernuaren jardunari buruz lehenengo balorazio bat burutzeko. Horretarako, herritarren ikuspuntutik interesgarrienak izan daitezkeen 10 gai aukeratu ditugu.
Garapen eta ongizatearekiko konpromisoa ekintzekin erakusteko garaia da

1.    Uda denboraldian arazo ugari

Ekainaren 15ean hondartza denboraldiari hasiera eman zitzaion Zumaian eta aurten gabezia handiak izan ditugu Santiagon, Itzurunen eta errioan bainatzeko guneetan. 

Santiago hondartzari dagokionez, Portu Txikiko kantinaren ondoan zeuden komun publikoak hondartzara sartzeko arrapalara lekualdatu ziren erabiltzaileek hondartza bete ohi duten espaziotik urrun, erabiltzaileei eta langileen lan baldintzei kalteak eraginez. Erabaki hau Espainiako Kosta Zuzendaritzak hartu zuen Zumaiako Udalak arrapalaren azpian dauden instalazioak egokitzeko obrak egiteko konpromisoa ez betetzeagatik. Guk Santiago hondartzari buruzko Plan Berezi bat idaztea proposatzen dugu, besteak beste, Portu Txikin komun iraunkor bat ezartzea aurreikusten duena, gune horren benetako erabilerara egokituz, ez bakarrik udako denboraldian, baita urte osoan ere, inguru horretan herritar asko ibiltzen baita.

Itzurun hondartzan atzerapenak izan ziren hondartzara sartzeko arrapalaren eskuinaldeko hegalaren segurtasuna hobetzeko obren lizitazioan eta exekuzioan eta hondartza denboraldi hasierarako ez zen prest egon. Gainera, sorosleen instalazioen mantenua ez zen azken egunera arte bermatu.

Errioko bainuzaleak direla eta, udalak buiak erosita ditu errioan bainatzeko gunea babesteko. Ez dugu ulertzen zergatik aurten ez diren buia horiek bainua baimenduta dauden guneetan kokatu.

Bestalde, Zumaiako sorosleen lizitazioa berandu atera zen, honek helegite bat izan zuen eta honen aurrean, denbora gainera zetorkiola ikusirik eta funtsezko zerbitzu bat izanik, BPX enpresari aurreko udako kontratua luzatzea beste erremediorik ez zaio gelditu udalari. Baino hau dena gutxi izanik, BPX enpresak ekainaren 12an jakin zuen beraiek emango zutela zerbitzua; zerbitzua ematen hasi behar zutena baino 3 egun lehenago, 3 egun bakarrik izan zituzten langileak jakinaren gainean jarri eta dena antolatzeko.

Azkenik, martxoko osoko bilkuran aterpe klimatikoen inguruko mozioa onartu genuen aho batez, Udalak zumaiarrak beroaz babesteko neurriak hartzeko konpromisua hartu zuelarik. Osoko bilkuran plazaratu genuen moduan, mozioan aterpe hauek ezartzeko epea eta kokalekua ez zehaztean, uda garairako abian ez egoteko arriskua ikusi genuen, eta hala izan da; oraingoz ez da aurreikusi aterpe klimatiko horien kokalekurik.

2.    Puntanueta II eta Aitamari etxebizitza hitzarmena

2023ko martxoan, hauteskunde bezperan, Puntanoetarako eta Aita Marirako proiektu urbanistikoen berri eman zitzaigun, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat zegoela esanez. Prentsaurrekoaz haratago, akordio horretara iristeko oinarrien dokumentazioa behin eta berriz eskatu dugun arren, gaur egunera arte ez dugu ezer jaso. Noizko gauzatuko da proiektu hau? Iruditzen zaigu ilusio faltsuak ematen ari direla herritarrei.

Zumaiako etorkizuneko etxebizitzak zumaiarren beharretara zuzendu behar dira, hau da, zumaiarrek libreki aukeratu dezatela nola garatu bizitza proiektua, zumaiarren profil ezberdinak landuz, zumaiarrekin hitz eginez eta analisi bat gauzatuz zer motatako etxebizitzetan bizi nahi duten. Udaleko etxebizitza politikek zumaiarrei etxebizitza ezberdinak eskuratzeko aukera eman behar diela babesten dugu, bai alokairu sozialeko, bai babes ofizialeko etxebizitzak, bai etxebizitza tasatuak, zein etxebizitza libreak.

3.    Aparkaleku publikoak

Goiko plazan eta estazioan aparkaleku ugari kendu dira, bestelako alternatibarik eskaini gabe. Alternatibei dagokionez, gure proposamenei ezezkoa eman zaie, besteak beste Erkibeko gunea herritarrentzat aparkaleku gune bihurtzea eskatu dugunean. Gainera, etorkizuneko parking publikoen inguruan ez dugu inolako berririk.

4.    Erkibe etxeko proiektua geldituta

Herritaren interesak defendatzeko eskatu nahi diogu gai honetan Udal Gobernuari; proiektu alderdikoi bat egin ordez proiektu integral bat aurrera eramatea nahi dugu. Herriaren beharrei erantzunez, bertan ludoteka berria egiteko lanean jarraituko dugu. Horrela, adinen araberako ekimen ezberdin eta berezituak garatzeko aukera emango luken gune zabal bat izan dadin, zeinak aire-librean ekintzak egiteko aukera ere emango luken. Era berean, bertan erabilera anitzeko eta aisialdirako gune estali bat ezartzearen aldekoak gara.

5.    Kiroldegiko proiektua eta zuzendaritza atzeratu

2019ko hauteskundetan EH Bilduk igerilekuan bi kale gehiago egin nahi zituela adierazi zuen, jada 5 urte igaro dira eta oraindik ez dago inongo erabakirik. 2023ko aurrekontuetan Kiroldegiko proiektuaren zuzendaritza idazteko partida jarri zuten baina 2024ra atzeratu ere. Orain dela gutxi partida berriz atzeratuko dutela adierazi digute 2025era. Noiz egingo da Kiroldegia?

Bestalde, 2023ko urrian Udalak 372.901 euroko diru laguntza lortu zuela iragarri zuen komunikabideetan. Gauzak horrela, pasa den otsailean Aldundiak udalari jakinarazi zion ez zizkiola 2023 amaieran jaso beharko lituzkeen futbol zelaiko argiteria hobetzeko 22.117 euroak emango eta martxoan, berriz, 2024an kiroldegiaren berrikuntza proiektuaren idazketarako aurreikusita zeuden 194.176 euroak ere ez zituela jasoko.

6.    Pump track eta skate parkerekin nahasmena

2018an proiektu bat edukitzetik, 2019an gobernu aldaketa bat izan eta horren ondorioz Skate Parkeko proiektua atzera botatzera igaro gara. 2022an bestelako proiektu bat planteatzetik 2024an dena airean edukitzera.

Zumaiak bi ekipamenduak (Pump Tracka eta Skate Parkea) izatea merezi dituela eta izan ditzakela uste dugu. Izan ere, bi ekipamenduek erabiltzaile-oinarri garrantzitsua baitute eta Udalak beharrezko baliabide ekonomikoak izan bai ditzake aurrekontuaren kudeaketa egokia landuz.

Beraz, gure proposamena Skate Park bat egitea da, 2018an jada idatzitako proiektuaren arabera hasieran aurreikusitako kokalekuan, hau da, Aitzuri pilotalekuaren alboan. Eta, aldi berean, Pump Truck-aren proiektua, herritarrek bozkatu zuten bezala, adostu beharreko kokapen batean garatzea, estazioko lorategian Pump Truck egoki bat eraikitzeko espazio gutxiegi baitago eta autobusen joan etorriak direla eta gunea arriskutsua izan daitekeelako.

Udalari eskatzen diogu ez ditzala bi proiektuak nahastu, bi jarduerak espazio berera mugatzeak dakartzan aktibitate murrizketengatik.

7.    Marianton parkea eta herriko beste jolas parkeak

Jolas parkeei dagokionez, Udal Gobernuak Marianton parkea eraberritzeko 780.000 euroko diru partida aurreikusi du 2024 eta 2025erako, eta herriko gainerako parkeak konpontzeko, aldiz, 15.000 eurokoa 2024an.

Hau ikusita, gure proposamena Marianton parkean, 2022an adostuta zegoen bezala, gune estali bat ezarri eta parkea arrazoizko aurrekontu bat erabiliz hobetzea izango litzateke. Horrela, 780.000 euroko partida zentzuzko kopuru batera murriztuko litzateke, eta diferentzia hori herriko beste parke guztiak modu inklusibo eta irisgarrian modernizatzera bideratzea proposatzen dugu.

8.    Aurrekontu partehartzaileak geldirik

2022an landu zen ekimen hau, Zer egingo zenuke Zumaian 500.000 eurorekin? lelopean. Herritarren partehartzearekin 11 proiektu aukeratu ziren 2023 eta 2024 urteetan zehar gauzatzeko. Aipatutako epearen bukaera gertu dugunean, proiektuen eta hartutako konpromisoaren gauzatze eza edo gauzatze maila eskasa mahai gainean jarri nahi dugu. 2023rako aurreikusita zegoenetik haur parkeen hobetzea bakarrik gauzatu da. Ez dakigu ze egoeratan dauden beste proiektuak; hau da: igerileku naturala egiteko azterketa, eraikin publikoetan eguzki plakak ezartzea edo estalpe balioaniztuna.

2024ko proiektuei dagokionez egoerak ez du itxura hobeagorik. Besteak beste, Pump Truck-a bertan behera gelditu da momentuz, haur parkeetako hobekuntzek ez dute jarraipenik izan eta bidegorri sarea hobetzeko azterketari buruz ez dago berririk.

Beraz, parte hartze prozesu baten ondorioz hartutako konpromezuak ez dira bete, are eta zorroztasun handiagoarekin bete behar direnak alegia.

9.    Herriaren txukuntasuna

EAJ-PNVtik denbora daramagu gure kale, plaza eta lorategien egoera txarra salatzen. Gure ustez, egiten diren garbiketa, mantentze-lan eta konponketak ez dira nahikoa herria behar eta merezi duen bezala zaintzeko.

2024rako onartutako aurrekontuek bide-garbiketarako kontratu berri bat jasotzen dute. Kontratu horren zenbatekoa bikoiztu egiten da egungoarekin alderatuta, eta horrek agerian uzten du atal honetan egin den kudeaketa txarra, 2018an berritu behar zen kontratu bat eutsi izan delako 2024 arte.

Azkenaldian egiaztatu dugunez, bide publikoak behar bezala ez garbitzeak arratoiak eta labezomorroak ugaritzea eragiten du.

Bestalde, gure ustez, kaleak asfaltatzeko eta konpontzeko, hiri-altzariak berritzeko eta abar, gutxienez 4 urterako herri lanen plangintza bat egin beharko litzateke, herriko txoko bakar bat bera ere jaramonik egin gabe gera ez dadin.

Berdin gertatzen da irisgarritasunarekin. Bada garaia mugikortasun-zailtasunak dituzten pertsonak Zumaian inongo oztopo edo mugarik gabe mugitzeko modua izan dezaten. Horrek ere, inprobisazioak alde batera utzi eta behar bezalako irisgarritasun plan bat egin eta lehen bait lehen martxan jartzea eskatzen du.

10.       Gardentasuna

Behin eta berriz eskatu dugu osoko bilkurak streaming bidez jarraitzeko aukera zabaltzea herritarrei, 10.000 biztanle baino gehiago dituzten Gipuzkoako herri gehienetan egiten den bezala, baina ezezkoa jaso dugu EH Bilduren aldetik.

WEB orriari dagokionez, informazio gabeziak ditu eta gure neurriko herriekin alderatuta aldea nabarmena da. Horretaz gain hainbat dokumentu ez daude eguneratuak. Adibide esanguratsu batzuk: 2023 eta 2024 urteetako Osoko Bilkuretako aktak ez daude publikatuta; aurrekontuei dagokionez, 2024koak ez daude argitaratuta (azken urtea 2023a). Eta aurkeztutako informazioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren argitalpena da. Nahiz eta hau oinarrizko informazioa izan, ez da era aproposena informazio mota hau modu erraz, argi eta grafikoan azaltzeko, legediak ezartzen duen bezala.

Eta ez dugu ahaztu nahi. Anbulatorioen arazoari dagokionez, espero dugu ahalik eta epe laburrenean arazoa konponduta geratzea. Hala ere ziur gaude gizartea eta egoera aldatu egin direnez Osakidetzak konponbide estrukturalei ekin behar diola; horien arteko bat egoera hau sortu duen plaza berrien deialdi eta koberturen modeloa izanik. Eusko Jaurlaritza berriak, Imanol Pradales lehendakaria buru, eraldaketa hau emateko lidergoa hartu du eta lehen pausuak ematen ari da Euskadiko Osasun Itunaren lanketarekin.

Jakinarazi digutenez, Zumaiko osasun zentroan bete gabe dauden mediku plaza guztiak egonkortze prozesura atera dira eta urtea amaitu baino lehen beteta egotea espero da. Bitartean, Donostia eta Zarautzko zenbait medikuk errefortzu lanak egiten jarraitzen dute Zumaian, ahalik eta hoberen artatzeko herritarrak.

EAJ-PNVko zinegotziok, egoeraren berri izan dugun orduko eta udal-oposiziotik ari garenaren jakitun, horrek dituen muga guztiekin, mugitu egin gara eta gure esku egon den guztia egin dugu. Euskadiko osasun sistema publikoa defendatzen jarraituko dugu, gai honen inguruan zabaltzen ari den desinformazioari aurre eginez.

Zumaia geldialdira ez eramateko, erabakiak hartzeko gaitasun gehiago eskatzen diogu Udal Gobernuari garapen eta ongizatearekiko konpromisoa ekintzekin erakusteko garaia baita. Oposizio zorrotz eta eraikitzaile bat egiten jarraituko dugu gure proposamenak helaraziz, beti ere errespetutik, Zumaiak merezi du eta.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...