Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/06/05

“Tirania guztien kontra borrokatu gara: inork antifaxista eta antitotalitario titulua merezi badu, hori da EAJ-PNV”, esan du Ortuzarrek

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak, Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eta CEUSeko zerrendaburuak eta Aitana Agirre Gipuzkoako hautagaiak igande honetako Europako Hauteskundeen kanpainaren baitan talde jeltzaleak gaur arratsaldean Donostiako Boulevardean egin duen ekitaldi politikoan hitz egin dute
“Tirania guztien kontra borrokatu gara: inork antifaxista eta antitotalitario titulua merezi badu, hori da EAJ-PNV”, esan du Ortuzarrek

“Batzuk Espainiako politikara edo ultraeskuina geldiarazteko mantrari eustera eta gelako antifaxistenarena egitera dedikatzen diren bitartean, guk nahiago dugu Europaz hitz egin, Euskadi Europan hobeto kokatzeko proposamenei buruz, gure nazio nortasuna eta gure hizkuntza, euskara, Europan ondo ezagutu ditzaten, euskal jendearen interesak, gure sektore sozial eta ekonomikoen interesak Bruselan ondo defendatuak izan daitezen. Baina ez dugu ihes egingo nor baino nor antifaxistago den eztabaidatik. Guk ez diogu inolako beldurrik eztabaida horri. Gehiago esango dut, gure ibilbideak nahikotxo abalatzen gaitu Europa osoan goitik beherako antifrankista eta antifaxista garela erakusteko. Inork antifaxista eta antitotalitario titulua irabazteko eskubidea badu, hori da Euzko Alderdi Jeltzalea, hori da PNV. Tirano guztien kontra borrokatu gara, Francoren kontra, nazien kontra, diktadura komunistaren kontra, eta ETAK Euskal Herria menderatzeko erabili zuen diktaduraren kontra ere. Guztien kontra egin dugu!”.

Hauxe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur arratsaldean EAJ-PNVk Donostiako Bulebarrean igandean egingo diren Europako Hauteskundeetarako kanpainan egin duen ekitaldian zabaldu nahi izan duen mezu nagusia. Mitin berean hitza hartu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak, E-9ko hauteskundeetarako EAJ-PNVren eta CEUS koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak eta Aitana Agirre Gipuzkoako hautagaiak. Euskadik Europan duen parte hartze aktiboa aldarrikatu du Urkulluk: “Europa sozialerako proposamenak egin ditugu, Europa lehiakorra, bere kultura aniztasuna, bere aniztasun linguistikoa balioesten duena, Europa jasangarri eta batua”, azpimarratu du. Agirregoitiak bere aldetik berretsi du EAJ-PNVk ingurune naturala babesteko lanarekin hitzeman duen konpromisoa “gure esku dago erloju hori geldiaraztea eta narriatuta dauden lurrak eta ekosistemak berroneratzeko konpromisoak betetzea”, eta EAJ-PNVk bere hauteskunde egitasmoan helburu horrekin jasotzen dituen proposamenetako batzuk aipatu ditu. Agirrek bere aldetik, euskal hiritargoa animatu du igandean botoa ematera “gure esku dago ekainaren 10etik aurrera zer nolako Europa izango dugun erabakitzea”.

Ortuzarrek gaur gogoratu nahi izan du zuzentzen duen alderdia dela “Euskadi Europan garatzeko programa egin eta aurkez dezakeen bakarra, 160 proposamen zehatz Euskadi Europar Batasunean finkatzeko eta Europar Batasuna indartzeko”. Eta Euskadirentzat “autogobernu gehiago eta askatasun gehiago eta Europa gehiago eta hobea” erreklamatzearekin batera Ortuzarrek ziurtatu duenez EAJ-PNVko emakume eta gizonok “harro baino harroago gaude egin dugun lanarekin, gure ibilbidearekin, lortu dugun guztiarekin. Beti demokraziaren ondoan, beti diktaduren aurka, beti pertsonen eta herrien askatasunaren alde”. EBBren buruak bere hitzaldiaren zati handi bat dedikatu nahi izan du Juan Mari Agirre, Agirre Lehendakariaren anai eta Aitana Agirreren aitonaren bizitza eta pasadizoak eta demokraziaren alde egin zuen borroka eta Euskadirekin hitzemanda zeukan konpromisoa azaltzeko. Aitana Agirre izan da, hain zuzen, Boulevardeko ekitaldiari hasiera eman diona. “Aitana erbesteak emandako biloba da, baina batez ere, askatasunaren alaba da. Bere aitona eta amona bezalako pertsonei esker, belaunaldi horri eta bere ondorengoari esker, gaur hemen gaude, autogobernua duen Euskadin, batuta dagoen Europan”, adierazi du jeltzaleen buruak.

Lehendakariak gaur arratsaldean esan duenez “Euskadi agente aktiboa da eta gure proposamenak aurkeztu ditugu `Europaren Etorkizunerako Euskal Ikuskerarako´. Proposamenak egin ditugu Europa soziala eraikitzeko, lehiakorra, bere aniztasun kulturala, bere hizkuntzak balioesten dituena, jasangarria eta batua. Proposamenak Europa irekia izateko, solidarioa, Giza Eskubideena eta politikoa, Herrien Europa eraikitzeko proposamena”, amaitu du Iñigo Urkullu Lehendakariak.

Oihane Agirregoitiak gaurko diskurtsoa egin du ingurune naturalak babesteko beharraren inguruan, gaur Ingurumenaren Munduko Eguna dela gogoan. Aurtengo edizioan, gainera, desertifikazioaren kontzientziazioa egin nahi da. “Gure esku dago erloju hori geldiaraztea eta narriatuta dauden lurrak eta ekosistemak berroneratzeko konpromisoak betetzea”, esan du, eta EAJ-PNVk ingurumen alorrerako egiten dituen proposamenak azaldu ditu. “Batasunak kontratazio publikorako dituen arauak berrikustea, ingurumena babesteko neurriak eta gizarte gaiak argi eta garbi jaso ditzatenvesleipena egiteko baloratu beharreko faktoreen artean; ikerketa, berrikuntza eta ezagutza eta prestakuntza berriak sustatzea ingurumenarekin zerikusia duten lanbideetan; gure gizarte- eta ingurumen-estandarrak betetzen dituzten Europako ekoizpenak babestea, hirugarren herrialdeen lehia desleialari dagokionez, eta gure ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jasangarritasuneko estandarrak mundu osora zabaltzea, garapenerako lankidetzarako tresna gisa”, aipatu du. Ildo horretan, berretsi egin du EAJ-PNVk “arrantzale, baserritar eta nekazariekin duen konpromisoa, eta horregatik jakin badakigu beraiek direla iraunkortasunean interesa duten lehenak. Zuekin gaude, eta zuen eskutik egingo dugu trantsizio berdea; ingurumenak kezkatzen gaitu, eta horiek zaintzea gure agenda politikoetan egon behar da”, hitzeman du Agirregoitiak.

Aitana Agirrek, Gipuzkoako hautagaiak, igandean, ekainak 9, botoa ematea funtsezkoa dela azpimarratu du. “Gure esku dago ekainaren 10etik aurrera zer nolako Europa izango dugun erabakitzea. Gure botoekin erabakiko dugu Europa polarizatua izango dugun, gero eta arrazistagoa, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak errespetatzen ez dituena, emakumeek orain arte lortutakoa baztertzen duena eta estaturik gabeko nazioen aurka egiten duena edo, orain arte bezala, aniztasunaren, demokraziaren, giza eskubideen eta herrien eskubideen bidetik egingo duena”, adierazi du. “Ikusten dugunez, orain arte lortutako eskubideak ezin ditugu ziurtzat jo. Eskubideak eta aurrerapenak lortzea oso zaila da, baina atzera egitea erraz gerta liteke urte gutxiren buruan. Kinka horretan dago gaur egun Europa: pixkanaka aurrera egiteko bidean jarraitu edo iragan ilunera itzuli”, berretsi du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube