Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Legealdiaren balorazio positiboa eta udal diru kontuak egoera onean Lezoren etorkizuneko erronkei aurre egiteko
Jeltzaleek egoera ezin hobean utziko dituzte udaleko diru kontuak guztira ia 2,5 euroko soberakinarekin, Udalera iritsi zirenean baino milioi bat gehiago Eta hori guztia proiektu eta inbertsio garrantzitsuak gauzatuz: Herri Eskolako estaldura, bidegorria, Altamirarako sarbide eta biribilgunearen hobetzea, Gezalako aldagelak, kultur lokal berria, herriko lehen igogailua eta Elias Salaberria kalearen berritzea
Hilabete gutxi barru amaiera emango zaio legegintzaldiari eta Lezoko EAJ-PNVk azken urte hauetan Jesus Mari Martiarena alkategaiak Udalaren gidaritzan egindako lanaren balorazioa positiboa egin du..
Egun Lezoko Udalak egoera ezin hobean ditu diru-kontuak 2.469.640,01 euroko soberakina duelako, legealdi hasieran baino ia milioi bat gehiago (1.513.747,69 euro). Jeltzaleen kudeaketa on, eraginkor eta zorrotzari esker daude diru-kontuak osasuntsu eta beraz, datorren gobernu taldeak proiektu berriak gauzatzen jarraitzeko aukera izango du, jeltzaleen aburuz Lezok ezin duelako geldirik geratu, aurrera egiten eta hobetzen jarraitu behar duelako.
3.454.382 euro inbertsiotan:
Zuhurtziaz eta zorroztasunez kudeatu izanak, baina, ez du udal gobernuaren lana baldintzatu, izan ere, Jesus Mari Martiarenak gidatutako gobernua, hauteskunde programa bete eta hainbat proiektu eta inbertsio gauzatzeko gai izan baita. Guztira, ia 3,5 milioiko inbertsioak egin dituzte.
Aurrera eramandako proiektuen artean esanguratsuenak: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Lezo eta Donibane artean eraikitako bidegorria; Herri Eskolako estaldura; Gezalako aldagelak; pertsonen segurtasuna hobetzeko Altamirarako sarbide eta biribilgunean gauzatutako lanak; kultur taldeentzako lokal berria; jada martxan dagoen herriko lehen igogailua edota laster amaituko diren Elias Salaberria kalea berritzeko lanak.
Baina ez dira gauzatutako proiektu bakarrak izan. Udal gobernuak bere lana 4 ardatz nagusitan oinarritu du eta ardatz horien baitan hainbat proiektu garatu ditu. Ardatz nagusitzat izan dituzte: pertsonen ongizatea bermatu eta hobetzea, zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatuz; tokiko ekonomia eta jarduera ekonomikoa bultzatzea; kultura babestu eta indartzea eta herritarren zerbitzura lan egitea gobernu ona oinarri hartuta.
Ongizate alorrean aurrera eramandako ekimenak: Tipi-Topa irteerak adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko; kirol orientazio zerbitzua eta kirola kalean egiteko ibilbide osasungarrien baitan eraikitako parke osasuntsuak; Aiton Borda zaharren egoitzaren berritzea; Gaxuxa emakume taldearen lokalaren egokitzapena; Bidez Bide garraio zerbitzua landa auzoetako bizilagunentzat eta ezgaitasunak dituzten pertsonentzat eta berdintasuna sustatzeko aurrera eramandako kanpainak.
Lezo herri atseginagoa, irisgarriagoa eta pertsonei egokitutakoa izan dadin lehen igogailua eraikitzeaz gain, bidegorria eraiki eta Elias Salaberria kalea berritzen ari dira, Altamirarako sarbide eta biribilgunea hobetu, Jauregialde eraberritu eta zebrabideak altueran jarri dira oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko. Halaber, herriko haur jolastoki ia guztiak berritu dira etxeko txikienei jolaserako eremu egokiak eta seguruak eskaintzeko.
Ekonomia alorrean, udal gobernu jeltzalearen helburu nagusienetariko bat izan da herritarrek jasaten duten presio fiskala baretzea. Industriaguneari buruzko azterketa ere egin da beharrak ezagutzeko eta Iturrin egokitzeko eta hobetzeko lanak abiarazi dira enpresa berriak erakarri eta lanpostuak sortzeko helburuarekin. Urtetik urtera ere Enplegu Plana babestu da herriko pertsona langabetuei aukera berriak eskaintzeko eta herrian giroa sortu eta tokiko merkataritza eta ostalaritzan kontsumoa bultzatzeko Eguberrietan kaleak argiztatu dira.
Tokiko nortasunari eta kulturari lotuta, urtero aurrekontuak handitzeaz gain, bai kultur jardueretarako eta baita jaietarako ere, Gezalako aldagela berriak eraiki dira eta herriko kultur taldeentzat lokala ere sortu da. Aisialdiari eta kirolari lotuta, lehen esan bezala, haur jolastokiak berritu dira, kiroldegian hobekuntzak egin (pista, saskibaloi saskiak, markagailua…) eta Lopenen saskibaloi saskia jarri da.
Eta proiektu horiek guztiak gobernu ona oinarri hartuta gauzatu dira, herritarren behar eta eskariei erantzunez. Gauzak horrela, herritarren gehiengoaren nahiari erantzute asmos, edukiontzi bidezko hondakin bilketa sistema ezarri eta kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina ezberdinak gauzatu dira. Informazio bide berriak ere jarri dira herritarren eskura eta beste batzuk egokitu dira herritarrekiko komunikazioa hobetzeko (APP berriak, udal aldizkaria, webgune berriaren garapena…) eta parte-hartze prozesuak ere gauzatu dira, Altamirakoa kasu, herritarrekin elkarlanean herrian zein hobekuntza egin erabakitzeko.
Amaitzeko, Jesus Mari Martiarena alkategai jeltzaleak adierazi du “legealdi hau ondo egindako lanaren eta kudeaketa onaren adierazgarri izan dela, aldaketari bidea eman diogu Lezon eta ekindako bideari jarraipena eman nahi diogu proiektu berriekin Lezoren etorkizuna bermatzeko, Lezo hobe bat eraikitzen jarraitzeko, herritarren behar eta eskariei erantzunez”.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


