Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/02/01

Jose Miguel Santamaria izango da EAJ-PNVren hautagaia Ordiziako alkatetzarako

Ordiziako ekonomia, ongizatea eta herri-bizitza bultzatzen jarraitzeko lidergoa eta gertutasuna uztartzen ditu EAJ-PNVko alkategaiak. Eztabaida antzuak gaindituz, herritarrekin elkarlanean Ordiziak aurrera egin du Santamariaren alkatetzapean
Jose Miguel Santamaria izango da EAJ-PNVren hautagaia Ordiziako alkatetzarako

Ordiziako egungo alkatea, Jose Miguel Santamaria Ezeiza, izango da EAJ-PNVko  hautagaia datozen udal hauteskundeetan, alderdi jeltzaleak herrian garatutako barne prozesuak eta batzarrak berriki hala erabaki duenez. 1972an jaioa, ezkondua eta bi seme-alaben aita, dagoeneko bi legealdiz Ordiziko alkate izan da. Urte hauetan guztietan garbi geratu da Santamariaren konpromisoa eta lidergoa Ordiziak aurrera egiten jarraitu dezan eta ordiziarren ongizatea etengabe hobetu dadin.

Formazioz Merkataritza Kudeaketarako Teknikaria, gaztetatik herriko hainbat elkartetan lan egin du, besteak beste, gazteentzako monitore gisa, Elizbarrutiko Misiolaritzan, Gesto por la pazen eta Errefuxiatuen harreran. Santamariaren herrigintzarako konpromiso publiko eta politikoa 2003an hasi zen, Ordiziko Udalean zinegotzi gisa. 2007an alkate izatera pasa zen 2011 arte  eta azken legealdian alkatetza berreskuratu zuen EAJ-PNVren alkategai gisa. 

Santamariak gidatutako EAJ-PNVren udal taldearen eskutik, aurreko urteetako sestra antzuak eta paralisia alde batera utziz; elkar ulertzearen alde egin du alkateak, atez atekoari lotutako konfrontazioa gaindituz. Herriak aurrera egin du alor ekonomikoan eta sozialean, nahiz herritarren ongizatearen eta erosotasunaren ikuspegitik, gizarteko ordezkaritza zabalarekin partaidetza prozesuak bultzatuz egin ere. Beharrezkoa da Ordiziak bide horri eutsi eta aurrera egitea, etorkizuneko desafioei ekinez, eta horretarako ezinbestekoa da egindako lanari jarraipena ematea. 

Dagoeneko Ordiziako EAJ-PNV eta alkategaia lanean ari dira, alboan izango duen lantaldea osatzen eta Ordiziaren etorkizuneko erronkei erantzuna emango dien programa lantzen. 

Iker Zeballosek, Ordiziako Uri Buru Batzarreko lehendakariak, nabarmendu duenez, “Ordiziak aurrera egin dezan anbizioz eta determinazioz” jokatu du Santamariak eta “lidergoa eta herritarrekiko gertutasuna” uztartu ditu urte hauetan guztietan. “Udal taldeak egin duen lan bikainari jarraipena emateak berebiziko garrantzia du, Ordizian ekonomiak, ongizateak eta herri-bizitzak aurrera egin dezaten. Egonkortasuna eta udal gobernu sendoa bat beharrezkoa da horretarako, Ordiziako proiektu estrategikoen bitartez ongizatea eta etorkizuna garatzeko. Santamariak ilusioz segiko du bide horretan ordiziar guztiekin, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean”, jakinarazi du Ordiziako EAJ-PNVko ordezkariak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...