Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/01/18

Herri honekiko benetako konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa erakutsi duen alderdi bakarra da EAJ

Kepa Zubiarrainek “ilusioz eta lanerako gogo biziz” heldu dio EAJk Lazkaori eskaintzen dion proiektuari segida emateko desafioari; “enplegua eta ekonomia” sustatu eta “herri solidario eta euskaltzalea” eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Herritarrei “sozialki aurreratua, ekonomikoki sendoa eta politikoki egingarria” den proiektu bat eskaini die Joseba Egibarrek Kepa Zubiarrain Lazkaoko zerrendaburuaren aurkezpenean.
Herri honekiko benetako konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa erakutsi duen alderdi bakarra da EAJ

Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, Lazkaoko Udalerako EAJko hautagaiaren aurkezpenean hartu du parte gaur arratsaldean. Kepa Zubiarrain ekonomialari lazkaotarra izango da zerrendaburu Goierriko herri honetan eta gaurko ekitaldian EAJ-k Lazkaorako eta herritarrentzako proposatzen duen proiektuko lerro nagusiak eman ditu ezagutzera.  

Lazkaon urte luzetan egindako lana lekuko, EAJk gizartearen aurrean duen “sinesgarritasuna” nabarmendu du Joseba Egibarrek bere hitzetan. “Bere historia osoan gure herriarekiko benetako konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa mantendu duen alderdi bakarra gara. Pertsona erdigunean jarri izan ditugu beti eta hori ezin dezakete denek esan; batzuk, iragan hurbilean, pentsatzen zuten proiektu batzuk pertsonen gainetik zeudela”, adierazi du, ezker abertzaleari aipamena eginez.

Orain dela lau urte Gipuzkoan eta Lazkaon gauzatu zen aldaketa ere aipatu du GBBko lehendakariak. Aldaketa horrek, bere esanetan “merezi izan du”, herri askotan eta lurralde osoari begira “aurrerapauso sendoak” eman direlako. “Emandako hitza bete egin dugu, kudeaketa txukuna eginez eta herritarrak kontuan hartuz”, goraipatu du.

Aurrera begira ere bide berean jarraitzeko determinazioa erakutsi du Egibarrek, besteak beste, “arazoei aurre egiteko gizartearekin kontatuz, euskara sustatuz, kalitatezko enplegua bultzatuz eta prekarietateari aurre eginez, pertsona guztiak kontuan hartuz eta sozialki aurreratuak diren politikak martxan jarriz”. “Ezaugarri horiek EAJk bakarrik betetzen ditu. Baina aurrera begiratu behar dugu eta, horretarako, gure proiektua sozialki aurrerakoia, ekonomikoki sendoa eta politikoki egingarria da”, gaineratu du.

Herritarrekin elkarlanean

Egungo Lazkaoko alkateak, Felix Urkolak, aurkeztu du herritarren aurrean Kepa Zubiarrain. Alderdikideek beregan jarritako “konfidantza osoa” eskertu du Zubiarrainek eta azaldu du “ilusioz eta lanerako gogoarekin” heltzen diola EAJk Lazkaorako duen proiektua gidatzeko desafioari. “Lazkaoren iragana eta oraina eraikitzen lan ederra egin du EAJk, emaitza oparoak eman dituena. Aurrera begira etorkizuna irudikatzen eta gauzatzen lan egiteko prest nago”, aurreratu du ekonomialari lazkaotarrak, eta horretarako “lan talde sendo eta konprometitua” osatzen ari direla jakinarazi du.

EAJko zerrendaburuak “herriaren bizitasuna eta herritarrentzako aukerak” sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du lazkaotarren aurrean. “Horretarako, batetik, beharrezkoa dugu enplegua eta jarduera ekonomikoa –dela industrian, merkataritzan edo ostalaritzan eta lehen sektorean– bultzatzea, eta baita kalitateko zerbitzuak, kultura, aisialdia eta kirolerako eskaintza zabala, nahiz etxebizitza bermatzea”.

Bestetik, Zubiarrainek “elkartasuna eta justizia soziala” gauzatzen segitzea jarri du helburu, pertsonak “erdigunean” jarriko dituzten politiken bitartez; “Lazkao herri kohesionatua eta orekatua izaten jarraitzea nahi dugu, herri solidarioa, inor atzean uzten ez duena. Eta horretarako buru-belarri lan egingo dugu”, hitza eman du. Bide horretan gizon eta emakumeen arteko “berdintasuna” ezinbestekoa da, hori gabe ez baitago “gizarte justurik”.

Amaitzeko, helburu horiek guztiak gauzatzeko “elkarlana, kudeaketa arduratsua eta gardentasuna” eskaini ditu EAJko hautagaiak. “Lazkao elkarlanean hazi den eta hazten ari den herria da. Goraipatu beharrekoa da hainbat lazkaotarrek, auzolanean, ikastola, kultur eta giza taldeen alde eginiko lan isil  bezain garrantzitsua egiten dute. Lan egiteko modu honetan sinesten dugu eta herrian sortzen diren ekimen berriei babes osoa emango diegu. Herri bat bizirik mantentzeko herritarren eta herriko elkarteen  parte-hartzea ezinbestekoa baita”, laburbildu du.

Kepa Zubiarrain, 1969an jaioa, ezkondua eta 3 seme-alaben aita, Ekonomi eta Enpresa Zientziatan lizentziatua da eta arlo pribatuan lan eskarmentu handia izateaz gain, badu udal kudeaketan esperientziarik ere, Lazkaoko Udalean zinegotzia izan baitzen 1995-1999 legealdian. Deustuko Unibertsitatean ikasketak amaitu ondoren, bere lan ibilbidearen zatirik handiena ESTANDA Fundiciones S.A. enpresan egin du. Zinegotzi izan zen legealdian, berriz, alkateorde izan zen eta Ongizate saila izan zuen bere ardurapean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...