Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/10/20

Azitainen industria egitea defendatu du Josu Mendicute Eibarko alkategaiak

Josu Mendicute Rodriguezek, 2019an EAJ-PNVren Eibarko Alkatetzarako hautagaiak, Eibarko Azitaingo Industrialdea handitzea proposatu du. Horretarako, 60.000m2tik gorako lurzoru bat proposatu du; betiere, Eibar Kirol Elkarteak ez badu Kirol Hiria bertan egiten.
Josu Mendicute

Eibar Kirol Elkartearen Akziodunen Batzarrak datorren asteazkenean erabakiko du non egin Kirol Hiria: Azitainen (Eibar) edo Areition (Mallabia). “Akziodunek erabakiko dute zer eta non egin. Azitaingo aukera baztertzen baldin badute, bertan industria egitearen aldeko apustu irmoa egiten dut. Ez da onargarria geldirik egotea gure enpresak Eibartik kanpora joaten ari direnean”.

Mendicutek argitu du industrialde hori garatzeko aukera baldintzatuta dagoela, “hori izango da proposamena, Kirol Hiria Areitiora baldin badoa”.

Alkategai jeltzalearen ustez, funtsezkoa da Eibarko Polo Teknologikoa garatzea eta beste 100.000m2 berri lortzea industriarentzat. Horietatik, 62.000m2 Azitainen izango lirateke, hain zuzen ere, entrenamendurako hiru zelai proposatzen diren lekuan.

“Etorkizuneko apustua industriaren eta ezagutzan oinarritutako zerbitzuen bidetik doa, ez horrenbeste supermerkatuen eta fastfood kateen eskutik. Industria funtsezkoa da ikerketa eta garapen teknologikoa sortzeko”.

Alkatetzarako hautagai abertzaleak aitortu du “ohorea” izango litzatekeela Kirol Hiria Eibarren egitea, baina garrantzia kendu dio egungo Alkateak sortutako polemikari: “Eibar taldea Eibarkoa da eta izango da. Garrantzitsuena da taldea lehen mailan egotea. Horrek jartzen gaitu mapan”.

Horretarako, ezinbesteko deritzo Ipurua konpontzeari, eta erakundeei eskatu die “busti daitezela eta lagundu dezatela, gainontzeko taldeei lagundu dieten bezala. Badakit Eusko Jaurlaritzak ekarpen duina egingo duela, eta espero dut Aldundiko kirol diputatu sozialistak beste horrenbeste jartzea”.

Azitaingo goiko eremua “leku ona da gure udalerrian industria garatzeko, baldin eta Akziodunek Kirol Hiria bertan egitea baztertzen badute, kirol zuzendaritzaren irizpide teknikoak ez betetzeagatik. Ni ez naiz eztabaida horretan sartuko. Azitain erabakitzen baldin bada, nire esku dagoen guztia egingo dut halaxe izan dadin. Eta Areitio erabakitzen baldin badute, nire esku dagoen guztia egingo dut gune hori industriaz betetzeko. Industria bultzatzea enplegua sortzea da, Eibar etorkizunera begira garatzea da, ekonomia piztea da”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...