Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/10/19

Errenteriako EAJ-PNVk 2019ko ordenantza fiskaletan hainbat hobari eskatu du

Udal gobernuak aurkeztutako proposamenean, oro har, izoztea proposatzen bada ere, zenbait zerga eta tasa %1 igotzea proposatzen da eta zerga eta tasa horiek izaten dira herritarrengan eragin gehien izaten dutenak, hain zuzen ere, jeltzaleen aburuz
Maite Peña

Udal gobernuak aurkeztutako 2019ko ordenantza fiskalen aldaketarako proposamena aztertu ondoren, horien inguruan hausnartu eta bere proposamena egin du EAJ-PNVk. Joan den urtean zerga izozte bat eskatu zuten jeltzaleek, gure herriak bereziki pairatzen duen krisi ekonomikoaren eragina kontutan hartuta eta udalaren finantza egoerak izoztea ahalbidetzen zuela jakinik, baina udal gobernuak KPIa igotzeko bere asmoari eutsi zion. Aurten, gobernuak, oro har, izoztea proposatzen badu ere, zenbait zerga eta tasa %1 igo nahi ditu. Jeltzaleen iritziz, igotzen diren zerga eta tasa konkretu horiek bereziki eragiten diete herritarrei eta eragin hori orekatze aldera, hobarien atalean egin ditu EAJ-PNVk bere aldaketa proposamenak. Jeltzaleen proposamenak helburu du, besteak beste, zerga eta tasa horiek ordaintzeko zailtasun gehien dituztenen bizitzan igoera horrek ez eragitea edota ingurugiroaren zaintza bultzatzea.

Zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrentzako hobariak

Azken urteetan zenbait tasek igoera nabarmenak izan dituzte, esaterako, orain bi urte hondakin bilketaren gaineko tasak %21eko igoera izan zuen eta joan den urtean, berriz ere %2a igo zen. Hondakinen tasa hori eta ur-hornidura eta estolderia zerbitzuaren tasa berriz ere %1 igotzea proposatzen du udal gobernuak eta jeltzaleen ustez, egoera larrienean daudenengan eragina gero eta handiagoa da. Horregatik, bi tasa horietan, bizikidetza unitatearen eta diru-sarreren araberako salbuespenak proposatu ditu EAJ-PNVk. Bestalde, ibilgailuen gaineko zergan ere, foru arauak aurreikusten duen familia ugarientzako %50eko hobaria aplikatzea eskatu dute, hori ere kideen eta diru-sarreren arabera.

Ingurumenaren zaintza, obrak eta etxebizitza hutsen mobilizazioa

Ingurumenaren zaintza bultzatzea helburu duten hobarien artean, batetik ibilgailuen gaineko zergan, ibilgailu hibridoei %75eko hobaria eta elektrikoei %95ekoa 5 urtez aplikatzea eskatzen dute jeltzaleek. Eta bestetik, hondakin bilketaren gaineko zergari dagozkionez, 5. edukiontziaren programan aktiboki parte hartzen dutenentzako hobaria %25etik %30era igotzea, edukiontzi honen erabilera areagotzeko.

Etxebizitza hutsak alokairu sozialera mobilizatzeko, Bizigune programaren barruan edo antzekoak diren beste foru edo udal programa batzuen barruan dauden etxeen OHZn %50eko hobaria proposatzen dute jeltzaleek. EITak agintzen dituen irisgarritasuna, bizigarritasuna edota energia eraginkortasuna hobetzeko obren gaineko zergan %95eko hobaria proposatzen dute halaber eta baita %75eko hobaria alde zaharrean fatxadak berritzeko obretan ere.

Proposamen horiek guztiak  erregistratu dituzte jeltzaleek, udal gobernuak egindako proposamena hobetzeko asmoz eta errenteriarren interesen defentsan. “Aurkeztutako proposamenak erabat egingarriak eta zentzuzkoak dira eta herriaren eta herritarren onura bilatzea dute helburu” amaitu dute jeltzaleek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...