Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Errenteriako EAJ-PNVk hondakin bilketa sistema berriaren inguruko balorazio gazi-gozoa egiten du
Zoriontzekoa irizten dio herritarrek emandako erantzunari, %60ko birziklapen tasa gainditu baita eta bide horretan pixkanaka baina pauso sendoak emanez %80ko birziklapen tasa lortuko dela uste dute jeltzaleek. Herritarren erantzun horrek Udalaren aldetik maila berdineko erantzunik jaso ez izana tamalgarria dela dio EAJ-PNVk, bistan baita, hondakinen bilketan arazo ugari daudela eta konponbideak ez direla behar bezain laster iristen.
Urte bete pasa da Errenteriako Udalak hondakin bilketaren inguruko ordenantza berria onartu zuenetik eta EAJ-PNVk sistema berriaren emaitzen inguruko balantzea egin nahi izan du. Jeltzaleentzat balantzea gazi-gozoa da, herritarrengandik jasotako erantzuna oso positiboa izan baita, %60tik gorako birziklapen tasa, baina hondakin bilketan, ordea, arazoak begi bistakoak dira. Jeltzaleen iritziz, Udalak herritarrenen mailako erantzuna eman beharko luke eta dauden arazoei lehen bai lehen eman beharko lieke konponbidea.
Sortu berri den hondakin sistemaren jarraipen batzordean, EAJ-PNVk batzordean duen ordezkariak, Elixabete Muruak, hondakin bilketaren inguruan dauden arazo desberdinak mahai-gaineratu zituen. Izan ere, maiz ikusten dira poltsak lurrean eta edukiontzien txipek arazoak ematen baitituzte. Horren harira, EAJ-PNVk udal gobernuari eskatzen dio arazo guzti hauei lehen bai lehen konponbidea bilatzeko, izan ere, errenteriarrek sistema berriari eman dioten erantzunak, Udalaren aldetik erantzun hobea merezi baitu.
“Aste honetan egindako bileran gure kezka azaldu nuen hondakinen bilketan dauden arazoen inguruan” adierazi du Elixabete Muruak “egoera katastrofikoa denik ez dugu esango, baina arazoak begi-bistakoak dira, nahikoa da edukiontzien ingurura begirada bat botatzea” jarraitu du ordezkari jeltzaleak. “Egia esan, jarraipen batzordean jasotako erantzunek ez gaituzte batere lasaitu, udal gobernuak onartzen du arazoak daudela, baina errua herritar batzuen boikotari, bandalismoari, zenbait kolektiboen informazio faltari eta abarri egozten die. Arazoak sortzen dituzten zenbait faktore Udalaren eskuetatik kanpo egon daitezke, baina udal kudeaketa aldetik hobetu litezkeen kontuak badirela ezin da ukatu. Azken finean, herritarren aurrean erantzukizuna Udalak dauka eta Udalak berak konpon ez lezakeena, konpondu behar duenari konponaraztea Udalaren ardura da“ . “Arazoei eman beharreko irtenbidea gehiegi luzatzen ari dela uste dugu, beraz.” jarraitu du Muruak.
Amaitzeko, Elixabete Muruak errenteriarrak eskertu eta bide horretan jarraitzera animatu ditu “Zorionak eman nahi dizkiegu errenteriarrei, sistema berria abian jarri zenetik lortutako datuengatik. Errenteriarrok gero eta gehiago birziklatzen dugu eta bide horretatik ziur gaude ezarritako helburuetara iritsiko garela, informazioaren eta sentsibilizazioaren bidetik, inposaketarik gabe”.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


