Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/04/24

“Orain Eibar 2030” etorkizunerako proiektua aurkeztu du Eibarko EAJk

Helburuak dira aparkaleku-arazoa konpontzea, jarduera ekonomikoa bultzatzea eta kale garbiagoak eta atseginagoak lortzea. Gainera, Josu Mendicute alkategaiak, hiriaren etorkizuneko erronkei erantzuteko proposamenak herritarrekin kontrastatzeko konpromisoa hartu du
Josu Mendicute

Hiriaren etorkizunaz hitz egin nahi du EAJk. Horretarako, Alkatetzarako hautagai jeltzaleak, Josu Mendikutek, hiri-proiektua diseinatzeko oinarriak aurkeztu ditu. Iragarri duenez, hiru erronkari egin nahi die aurre: aparkaleku kopurua areagotzea, enplegu gehiago eta hobea sortzea, eta hiriaren irudia hobetzea. Hori dela eta, “etorkizuneko proiektua definitu nahi dugu, eta Eibarko gazteei aukera bat eman udal gobernantzan erreleboa hartzeko. Ideia berrien garaia da, Eibar modernizatzeko eta atseginagoa egiteko, aparkalekuak eta parkeak sortzeko eta dinamismo ekonomikoa lortzeko”.

Aparkalekuen arazoa konpontzea da Mendikutek ezarri duen lehen erronka handia. “Eibarren jaioa naiz eta hemen bizi izan naiz beti. Ez dut gure herria ezagutu aparkaleku-arazorik gabe, eta Alkate aukeratzen banaute, arazo hori behin betiko desagerrarazi nahi dut. Uste dut enkistatutako arazoa dela, baina konpondu egin daitekela. Horretan ahaleginduko gara”, baieztatu du. Hori dela eta, alkategai abertzaleak iragarri du laster zerrendatuko dituela aparkaleku arazoa ebazteko proposamenak. “Aspalditik dihardugu gizarte eragileekin elkartzen eta auzoak bisitatzen. Proposamenak lantzen ari gara, herritarren eskutik, aparkalekua bezalako premia bati erantzuteko. Eibartar askoren kezka da hori”, azaldu du Mendikutek.

Problema hori arintze aldera, alkategaiak hainbat proposamen mota lantzen dihardutela aitortu du: hutsik dauden tailerrak berrerabiltzea, etxebizitza berrietan garaje gehiago eraikitzea, eta alturan parkinak egitea. Horrez gainera, beste proposamen batzuren berri ere eman dute: hutsik dauden lurzoruak erabiltzea, eta ekimen bat abiatzea, eibartarren garajeak erabiltzeko horiek hutsik dauden orduetan. “Proposamen horiek guztiak datozen hilabeteotan publiko egingo ditugu, eta herritarrekin kontrastatuko. Eibartarrek aukera izango dute ekarpenak egiteko, etorkizuneko hiri-proiektua elkarrekin eraiki behar baitugu”.

EAJren etorkizuneko proiektuaren beste ildo nagusi bat ekonomia piztea da, eta jarduera ekonomikoak eszenatoki teknologiko berrian birkokatzea. Bizitzeko eta lan egiteko Eibar, eta ekonomia berraktibatzea aberastasuna sortzeko, justizia soziala egoteko eta ekitatea oinarri duen gizartea eraikitzeko. “Aparkalekuaren arazoa konpontzea klabea da EIbarren erakargarritasun komertziala hobetzeko. Amañatik Barrenara ardatz peatonal komertziala premiazkoa da, espaloiak zabalduta Urkizun, Errebalen, Bidebarrietan edo Kalbetoin. Horretarako, egoera kaxkarrean dauden eraikinak bota egin behar dira, eta kotxeek benetako alternatiba bat behar dute aparkatzeko”, berretsi du. Hori guztia, industria eta ezagutzan oinarritutako jarduera berriak alboratu gabe. “Enplegu gehiago eta hobea nahi dut. Eibartar gazteek bere bizitza proiektua garatzeko leku hobea izatea nahi dut. Horretarako beharrezkoak dira aparkalekuak, parkeak eta kalitatezko enpleguak. Horregatik, etorkizunera begira, lurzoru industriala sortu beharra daukagu, eta Polo Teknologikoa premiaz garatu”.

Egitasmoaren hirugarren ildoa da Eibar erosoagoa eta erakargarriagoa. “Bizitzeko eta lan egiteko leku hobea izatea nahi dut. Horrek esan nahi du denborarik ez galtzea aparkaleku bila, lan-eskaintza onak egotea, kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta hiria ondo zaitzea: egoera onean dauden altzari publikoak, kale garbiagoak, berdegune zainduagoak, alegia, kale garbiagoak; pintadarik gabe paretetan, txiklerik gabe eta txakur-kakarik gabe espaloietan, eta zabor poltsarik gabe kontenedoretik kanpo”.

Aparkalekuak, desberdintasun handia

Aparkaleku arazoa behin betiko amaitzea da Mendikuteren asmo handia. Erronka horrek desberdintasun handia ezartzen du alderdi guztiek aurreko urteetan hartutako hauteskunde-konpromisoekin. “Udalak 30 milioi eurotik gorako aurrekontua du urtero eta hamarkadaz hamarkada ez gara gai izan aparkaleku arazoa konpontzeko. Ezin dut ulertu. Konpontzeko ahalmena daukagu. Usted ut garaia dela talde berri bat sortzeko, prest egongo dena udal gidaritza hartzeko, ideia berriekin eta ilusioz Beteta, Eibar modernizatzeko. Alkate izan nahi dut aparkalekua ez dadin arazoa izan gure herrian”, azaldu du. Zinegotzi abertzalearen esanetan, “aparkalekuak sortzeak esan nahi du denbora gutxiago galtzea, merkataritza sustatzea, espazio libreak sortzea. Bizi-kalitatea dakar eta kale erosoagoak lortuko ditugu gure nagusientzat eta haurrentzat”.

Hori dela eta, alkategai jeltzaleak Aparkaleku Plan bat egiteko konpromisoa hartu du, Eibar oinezkoen hiri lortze aldera. “Oinez mugitzea posible da Eibarren. Baina, horretarako, aparkalekua ezin da arazo izan. Hori da Alkatetzarako hautagai gisa hartzen dudan premiazko erronka. Eta erronka hori estrategia baten baitan kokatzen dut, hiria birmoldatzeko eta jarduera ekonomikoa sustatzeko estrategia baten baitan”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...