Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/03/16

Irunek sarbide berri bat izango du AP-8 autobidetik, hiriko sarrera-irteerak erraztuz

Xabier Iridoy Irungo EAJ-PNVren bozeramaileak lotune erdiaren abiarazteak Iruni eta Irundarrei ekarriko dizkion onurak modu baikorrean hausnartzen ditu, eta hiriaren funtzionamendu onerako administrazioen arteko lankidetza azpimarratu du. Iridoyk bere harridura azaldu nahi izan du albistearen aurrean Udal Gobernuak erakutsi duen jarrera mingotsarengatik
Irunek sarbide berri bat izango du AP-8 autobidetik, hiriko sarrera-irteerak erraztuz

Argazkiak...

Urtea amaitu aurretik, Bidegi foru sozietateak AP-8 autobidetik Irunerako sarbide berria egiteko lanak hasiko ditu. Sarbide horri esker errazago egingo dira hiriaren hegoaldeko (Belaskoenea-Katea) sarrerak eta irteerak, bai Donostiatik bai Donostiarantz. Obraren aurrekontu zenbatetsia 6,5 milioi eurokoa da, eta lanak urte amaierarako hastea eta 15 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da. 

Lotune erdia autobidearen 4,300 kilometro puntuaren parean egingo da, Lapize auzoan, Behobiaren eta Irun-Barrerako ordainlekuaren artean. “Sarbide berriak hirigunearekin zuzenean lotzea ahalbidetuko du, eta modu nabarmenean hobetuko du irundarren mugikortasuna”, aurreratu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak.  “Irunek 60.000 biztanle ditu, eta gaur egun bi lotune ditu autobidearekin, hiriaren bi muturretan, bat Behobian eta bestea Katean, eta horietatik ibiltzen da Hondarribia helmuga edo abiaburu duen trafikoa. Lotune erdi honen bitartez, herrigunerako sarrera-irteera bat emango diegu herritarrei”, erantsi du Olanok.

Bestalde, Bide Azpiegituretako diputatuak zehaztu du, aurreikuspenen arabera, lotune erdi horrek eguneko 2.500 ibilgailu hartuko lituzkeela; beraz, horrek, hiri erdirako mugikortasuna nabarmen hobetzeaz gain, arinduko luke Irungo eta Hondarribiko trafikoak biltzen dituen GI-636 errepideko zirkulazioa.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatuko du proiektua Bidegiren bitartez, eta AP-8 autobideko lotune berri honekin beteko dugu obra hori egiteko konpromisoa, Bidegiren kaudimen ekonomikoari eta banketxeekin uztailean berritutako kontratuari esker”, gehitu du diputatu nagusiak.

Proiektuaren barruan sartzen da errepide bikoitz bat, biribilgune bat, zubibide bat eta autobideko sarrerako eta irteerako erreiak eraikitzea. Lotura berria Oinaurreko biribilgunean hasiko da, Elizatxo hiribidetik metro gutxira, hain zuzen ere hirira sartzeko ardatz nagusietako batean, non bat egiten duten Arabatenea eta Jostun kaleek.   Bide berria 50 metroko kanpo diametroa izango duen biribilgune  batera iritsiko da. Biribilgune horretatik abiatuko da sarbide berria, autobidearekin lotura egingo duena aldapan, Donostiako noranzkoan. Biribilgune horretara iritsiko da, halaber, autobideko irteerako bidea. Irteerako bide hori ere maldan egingo da, eta AP-8 autobidearen gainetik igaroko da 47 metroko altueran.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi lanean aritu dira azken hilabete hauetan zenbait zerbitzu elektrikoren afekzioak kudeatzen, eraikuntza proiektua idatzi ahal izateko.

Proiektua honek bat egingo du udal eskumenekoa den Irungo hegoaldeko ingurabidearekin.

Foru Aldundiak egindako iragarpen baikorraren aurrean bere poza adierazi du Iridoyk, Irungo EAJ-PNVko bozeramaileak 

Irungo EAJ-PNV Udal Taldeak bere poza adierazi nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak AP-8ko lotune erdia 2018an abiaraziko dela jakinarazi ondoren. "Gaurko goizean, Markel Olano diputatu nagusiak eta Aintzane Oiarbide, Bide-Azpiegituretako diputatuak, datorren maiatzean lotune erdiaren proiektua amaituko dela eta hortaz, urte bukaeran azpiegitura honen obrak hasiko direla jakinarazi dute. Hala, hitzartuta zegoen bezala, gure hiriak duen arazo garrantzitsuenetako bati irtenbidea ematen" gogorarazi du bozeramaile jeltzaleak.

Horren harira, Iridoyk Aldundiak emandako aurrera pausu irmoak Ronda Sur-en lehen fasearen berehalako hastapena ere lagundu beharko du, "autopistari paraleloan joango den ingurabidea izango da Ronda Sur, Irungo hirigunea inguratzea ahalbidetuko duena, gure hiriaren trafikoa antolatuz" azaldu du Iridoyk. Halaber, bere taldeak hirian mugikortasunaren inguruan dauden arazoei irtenbidea emateko lanean jardungo dela adierazi du, beste erakundeekin batera beharrezko izanez gero. "Administrazio guztiek, udala barne, Irungo proiektu handi honen alde lan egin behar dugu. Kasu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du bere aurrera pausoa, bere konpromisoari erantzuna emanez eta Irunek dituen beharrekiko interes erreala erakutsiz" azaldu du.

Azkenik, EAJ-PNVko bozeramaileak bere harridura azaldu nahi izan du Foru Aldundiak jakitera eman duen albistearen aurrean Udal Gobernuak erakutsi duen jarrerarengatik. "Beste behin ere, gobernu sozialistak aukera aprobetxatu du beste erakundeei kritika egiteko, eta bere burua biktima gisa islatzeko. Honekin Santanok beste erakundeekin elkarlanean aritzeko ezgaitasuna erakutsi du berriro ere" deitoratu du Iridoyk. "Benetan Irunen interesak defendatu nahi baditugu, hori ez dela jarraitu beharreko bidea uste dugu".

Horregatik, Xabier Iridoy, sozialisten kritikaren aurrean, administrazio desberdinen arteko lankidetzaren alde azaldu da Iridoy, "hiriarentzat hoberena lortzea izan behar baita gure xedea, eta horretarako Udal Gobernuak ez duen borondatea behar da".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...