Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/01/26

Jon Insaustik Miren Azkarate ordezkatuko du Kultura eta Hezkuntza zinegotzi bezala

Azkaratek Euskara zinegotzi izaten jarraituko du, betiere, Unibertsitatean irakasle lanarekin uztartuz. Jon Insaustik bere gain hartuko ditu Donostiako Udaleko Kultura eta Hezkuntza delegazioak hurrengo astetik aurrera. Donostiako alkate Eneko Goiak aldaketaren berri eman du gaur.
Jon Insaustik Miren Azkarate ordezkatuko du Kultura eta Hezkuntza zinegotzi bezala

Hortaz, Insaustik Miren Azkarate ordezkatuko du, izan ere, Azkaratek Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun izateari itzuliko da. Hori bai, Azkaratek zinegotzi izaten jarraituko du legealdi amaiera arte eta Euskara zinegotzia izate jarraituko du. Gainera, Jon Insausti EAJ-PNV udal-taldearen bozeramaile izango da, Miren Azkarate ordezkatuz - gogoan izan, Azkarate talde jeltzalearen bozeramaile izan dela orain arte.

Eneko Goiak berak adierazi du, aldaketa aspaldi aurreikusita zegoela, eta Miren Azkaratek Kultura departamentua zuzentzea onartu zuela Europako Kultura Hiriburutza bultzatzeko eta zuzentzeko, “hain zuzen ere, hiriak azken urteetan izan duen proiekturik handiena bultzatzeko eta zuzentzeko".

Horren harian, Goiak honakoa gaineratu du: “Behin erronka hori amaituta -ondo baino hobeto burutu dugun erronka -, legatua ondo bideratuta utzita, eta 2018ko aurrekontua onartuta, Miren-en ordezkapena errazteko ordua iritsi da Kultura zinegotzi bezala".

Donostiako alkateak Azkarateri eskertu dio Hiriburutza bultzatzeko egindako lan bikaina, baita hiriko kultura jarduera handian egindako lana ere: "Gure hirian kultura zinegotzi izatea lan zoragarrienetako bat da, baina era berean, oso lan zorrotza da edozein arduradun publikorentzat".

Bestalde, Miren Azkaratek honakoa esan du: "Ohorea izan da lan hau egitea eta lehen lerrotik ikustea Kultura Hiriburutza. Gauza oso positiboa izan da hiriarentzat eta, horren herentzia denborarekin baloratuko dugu. Era berean, ohorea izan da Donostia Kultura bezalako erakunde baten garapenean aurrera egiteko proiektuan parte hartu izana".  

Azkaratek azaldu du, Donostia kultur arloan hiri oso bizia eta aberatsa dela, parte-hartzailea eta gauza berrien zein ekimen kontsolidatuen sustatzailea.

Jon Insausti Kultura eta Hezkuntza zinegotzi izango da, hain zuzen ere, ardura eta ilusio handiz hartzen duen lana. Insaustik azpimarratu du, Miren Azkaratek egindako lanarekin jarraituko duela, betiere, martxan dauden proiektuak garatzen, eta amaitu ez direnak kudeatzen.

Ildo beretik, Insaustik honakoa gaineratu du: “Donostiak kultura jarduera aberatsa du: Donostia kultura da eragile nagusiena da, eta lehen mailako jarduera-programa eta kultura zentro sarea du. Jaialdiak inguruko inbidia dira; Kursaal Eszena dugu; eta Tabakalera bezalako proiektua dugu, hain zuzen ere, kultur bizitzaren traktorea den proiektua. Eta gainera, elkarte- eta erakunde-sare garrantzitsua dugu, hain zuzen ere, zalantzarik gabe Donostia kultura hiriburu dela adierazten duen sarea".

Profila

Jon Insausti Maisterrena (Donostia, 1989) da egungo Udal korporazioaren zinegotzirik gazteena. Enpresen Zuzendaritzan eta Administrazioan lizentziatua da EHU / UPV unibertsitatetik, eta hainbat Master egin ditu (Gizarte Ardura Korporatiboa eta Jasangarritasuna, Gizarte-Berrikuntza eta Kultur- eta Sormen-Industriak, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleria). Gainera, Doktoretza ikaslea da EHU / UPVko Garapenari buruzko Ikasketen Programan.

Banco Guipuzcoano-n eta Nekatur-en (Euskadiko Nekazal Turismoen Elkartean) lan egin du. "Transcreativa" proiektuan aholkulari izan da. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...