Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/10/27

Errenteriako EAJ-PNVk udal zerga eta tasak izozteko proposamena egin du

Jeltzaleek diotenez, datu ekonomikoei begiratuta, argi dago gure eskualdeko eta gure udalerriko herritarrek, bereziki pairatu dutela eta pairatzen jarraitzen dutela krisi ekonomikoa. Egoera honek, azken urteotan herritarren eros ahalmenaren galera ekarri du eta soldatak IKPa igoko den neurri berdinean igoko ez direnez, eros ahalmen hori are gehiago jaitsiko da.
Maite Peña

EAJ-PNVren iritziz, gainera, kontuan izan behar dira, ordenantza fiskalei lotutako bi gertaera. Batetik, azken urteetan hondakin bilketaren gaineko zergak jasan duen igoera garrantzitsua, lehengo urtean bertan %21eko igoera izan zuen udal tasa honek. Bestetik, OHZren joan den urteko igoera, katastroaren eguneratzea dela eta. Katastroaren eguneraketa hau indargabetzeko tipoen jaitsierak ez zuen orokorrean igoera hori indargabetu, hau da, tipoa jaitsi bazen ere, ez zen nahikoa izan balio katastralaren igoera orekatzeko eta Udalak kontzeptu honetan diru gehiago bildu zuen.

Udal gobernuak, orokorrean, IKPa igotzea aurreikusten den neurri berean tasa eta zergak igotzea proposatzen du, hau da, %2ko igoera orokorra, salbuespen batzuekin. Jeltzaleen iritziz, Errenteriako Udalaren egoera ekonomikoa kontutan hartuta, tasak eta zergak izoztea posiblea da eta ez luke aurrekontuetan gaindiezina izango litzatekeen afekziorik izango. Errenteriako Udalak baditu beste diru iturri batzuk eta esfortzu hau egiteak ez lioke aparteko arazorik sortuko.

Horiek horrela, gauzak bere onera itzuli eta herritarrek beren eros ahalmena berreskuratu bitartean, EAJ-PNVren ustez, Udalak tasa eta zergak ez igotzen ahalegindu beharko luke, Errenteriako familia ugari hilabete amaierara ozta ozta iristen direnez, igoera txikienak ere beren ekonomiaren desoreka handia ekar bailezake.

Jeltzaleek egiten duten beste proposamena, hondakin bilketaren inguruko kanpainarekin lotuta doa. Azken aste hauetan Errenteriako herritarrak birziklapenarekin sentiberatzeko kanpaina burutu du Udalak eta EAJ-PNVren ustez, kanpaina horri hobarien bidezko bultzada bat eman behar zaio. Jeltzaleek hondakin bilketaren gaineko zergari dagozkion hobarietan, biohondakina jasotzeko edukiontzia erabiltzeko programan aktiboki parte hartzen dutenentzako hobaria, auzo konpostaren programako hobariarekin parekatzea proposatzen dute, hau da, %25etik %30era igotzea.  Neurri honek helburu bikoitza edukiko luke, alde batetik, esan bezala, birziklapenari bultzada bat ematea, eta bestetik, herritarrengan presio fiskala arintzea.

Proposamen hauek Antolaketa Batzordean egin zituen EAJ-PNVk eta bertan udal gobernua aurka azaldu bazen ere, asteartean izango den Osoko Bilkuran onartzea nahiko lukete jeltzaleek eta adostasun batetara iristeko ateak zabalik dauzkatela adierazi dute. “Ordenantza Fiskalak onartzen ditugunean, Udalaren ekonomiari begiratu behar diogu, noski, baina era berean, herritarren ekonomiari begiratzea ere gure erantzukizuna da” amaitu dute jeltzaleek. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...