Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/10/16

Eneko Goiak biztanleriaren zahartzea, talentua atxikitzea eta etxebizitzen prezioa jo ditu Donostiaren erronkatzat

Donostiako alkate Eneko Goiak biztanleriaren zahartzea, talentua atxikitzeko gaitasuna eta etxebizitzen prezioa jo ditu Gipuzkoako hiriburuak etorkizunari begira dituen erronkatzat. Horrekin batera, Donostiak kultur apustua, nazioarteko bokazioa eta komunikazioen hobekuntza sendotu behar dituela azpimarratu du.
Eneko Goiak biztanleriaren zahartzea, talentua atxikitzea eta etxebizitzen prezioa jo ditu Donostiaren erronkatzat

Donostiako alkateak gaur Bilboko “Ekonomia Berria Forumean” emandako hitzaldian, Donostiak gaur egun duen egoeraren xehetasunak zerrendatu ditu. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak egindako aurkezpenaren ondoren, Goiak uste osoz esan du euskal hiriburuak lankidetzan aritu behar direla eta “herrialdeko proiektu partekatu batean” parte hartu behar dutela.

Goiak “2020 Donostiako Plan Estrategikoan” sartzen diren puntuak azaldu ditu, Gipuzkoako hiriburua “hiri ireki, abegikor, dinamiko, askotariko eta kosmopolita” dela erakutsiz, eta “hiriaren nortasun ikurrak kontserbatzen eta indartzen jakin duena, batez ere euskal kulturaren eta euskararen babesari dagokionez”.

 “Hiri lehiakorra, Gipuzkoako lurraldeko liderra, gainerako euskal hiriekin konektatuta dagoena, eta Europan integratutako Eurohiria. Gipuzkoako lurraldearen industria gaitasunaren buru gisa, I+G+b-ri lotutako ekonomia oso bat sortzen ere jakin duen hiria”, azaldu du Goiak; eta "pertsona bakoitzak bere bizitzako egitasmoa ahalik eta baldintza onenetan garatzeko moduko" hiri baten aldeko apustua errepikatu du. 

Hiriaren gaur egungo egoera

Donostiako alkateak adierazi du hiriak “duela 28 hilabete baino askoz egoera hobea” duela gaur egun, baina esan du hori “ez dela Udal Gobernuaren merezimendua soilik, egonkortasun politikoak hobetzen laguntzen duen arren".

Hala, alkateak zehaztu du Donostia EAEn langabezia tasa txikiena duen hiriburua dela. 2016. urte amaieran, langabezia % 10,6 zen, eta ekitaldi honetan jada % 10tik beherakoa da, emandako datuen arabera.

Era berean, Donostiako Sustapenak argitaratutako "2016ko Hiri ekonomiaren barometroaren” arabera, adierazleek “hiriko jarduera ekonomikoaren berreskuratzea eta inbertsioaren eta horretara erakartzeko gaitasunaren aktibazioa argi erakusten dute arlo guztietan”.

Puntu horretan, garrantzitsutzat jo du Miramon Parke Teknologikoa “osatuz joan dadila, behin bere jardueretako batzuk (Cidetec edo Graphenea) handituta eta beste batzuk (Asklepios Biopharmaceutical) gehituta".

Hala eta guztiz ere, Eneko Goiak uste du hiriaren etorkizunari begira beharrezkoa dela beste alderdi batzuk kontuan hartzea, hala nola biztanleen zahartzea, hirian sortzen den talentua bertan atxikitzeko zailtasunak edo etxebizitzen prezioaren gorakada.

Hala, alkateak nabarmendu du “azken urteetan egin den esfortzu handia” etxebizitzen eskuragarritasunaren aldetik, “alokairuko erregimenean dauden 2.000 etxebizitza publiko inguruko parkea sortuz, eta hori handitzeko asmoarekin”. Horrekin batera, Txomin Enea auzoaren garapena azaldu du. Auzoaren lehen fasea oso aurreratuta dago eta hiriari etxebizitza bolumen handia eskainiko dio, baina hiriaren garapeneko bigarren fasea “Martutene espetxearen lekualdaketaren mende dago, inoiz iristen ez den lekualdaketa”. Goiak Espainiako Gobernuari espetxea lekuz aldatzeko eskatu dio, hiriaren garapen garrantzitsu horretako bigarren faseari ekitea ezinezko egiten duelako.

Goiak Udalaren jarduna babestu du erabilera turistikoko etxebizitzen fenomenoaren erregulazioari dagokionez, “etxebizitzen prezioan ondorio negatiboak izan baititzake”.

Turismoa

Aurreko udan turismoari buruz izandako polemikari dagokionez, alkateak adierazi du “politikoki erabilitako kontua izan dela, modu desegokian egin dela eta justifikatu gabe zabaldu dela”.

Hala, Eneko Goiak esan du hiriak azken urteotan erregistratu duen bisitarien gorakada “nabarmentzekoa izan dela, eta batez ere 2015ean eta 2016an erregistratu dela goraka hori”.

2011 eta 2016 artean hotel establezimenduetan pasatako gauak % 33 gehitu direla eta turismoak Donostiako BPGd-ren % 12 hartzen duela zehaztu du.

“Beraz, turismoa Donostiako diru sarreren iturri garrantzitsua da. Eta ziur nago hala izaten jarraituko duela, ondo egiten baldin badakigu”, adierazi du.

“Gaur egun ezagutzen dugun arrakasta, ezer baino lehen, pozteko arrazoia dela uste dut. Ez ditut ulertzen arrakasta horretaz kexatzen diren jarrera politikoak. Eta uste dut batzuetan diskurtso batzuk arduragabekeria handia direla”, azpimarratu du.

Goiak gogorarazi du aurten onartu dela 2017-2021 Gida Plan berria, "fokua helmugaren kudeaketan jartzen duena, bereziki nabarmenduz egiazkotasuna, kalitatea eta jasangarritasuna”.

Ildo horretan, erabilera turistikoko etxebizitzak erregulatzeko ordenantzak gorakada esponentziala izan duen sektore bat erregulatzeko xedea du.

 “Ostatu eskaintza mota hori gelditzeko iritsi da, eta horren jakitun izan behar dugu. Gainerako eskaintzen osagarria da, zalantzarik gabe. Baina jarduera erregulatua izan behar du, eta existitzen den bizitegi erabilerarekin bateragarria”, azaldu du.

Hori dela eta, Donostiako alkateak azpimarratu du “Udalaren eskumena eta betebeharra dela hiriko erabilera desberdinak egoki ordenatzea, elkarbizitzarako eta jarduera ekonomikorako espazio egokiak bermatuz”.

Kulturaren aldeko apustua

Goiak, gainera, azpimarratu du Donostia kulturaren hiri bilakatzearen aldeko apustu irmoa egin behar dela. Horrekin lotuta, adierazi du Europako Kultur Hiriburu izatea “erronka handia” izan dela.

“Erronka kolektiboa izan da, hainbat zailtasun ekarri dituena hala politikaren nola antolamenduaren aldetik. Erronka gainditu dugu, ordea. Horrez gain, baina, erronka burutugabea da; izan ere, 2016ak ondare garrantzitsua utzi digu, eta orain ondare hori kudeatzea egokitzen zaigu”, azaldu du.

Alkatearen hitzetan, hiriburutzaren urtearen ondoren, Tabakalerako proiektuaren aldeko apustuari heltzeko ordua iritsi da.

“Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza eskutik ari dira proiektu horretan lanean. Proiektuari bultzada emateko, gainera, aurki zuzendari nagusi bat izendatuko da eta diseinuarekin lotutako eduki berriak txertatuko dira”.

Azkenik, adierazi du proiektua aurrera egiten ari dela, “ikuspegi nazional batetik baina nazioartean zabaltzeko helburu argiarekin”.

Nazioarteko bokazioa

Hiriaren ikuspegia bakarrik aintzat hartuta, Eneko Goiak uste du Kultur Hiriburutzak Donostiari aukera eman diola nazioartean lekua hartzeko, bereziki Europan.

 “Gainera, gure hiria balio positiboekin lotzea ekarri du. Gaur egun Donostiak atzerrian duen irudia nabarmen aldatu da, eta horrek nazioartean gure lekutxoa egiteko eta beste hiri batzuekin lankidetzan aritzeko aukera eman digu”, adierazi du.

Hori dela eta, alkateak esan du datozen urteetan ahalegin handiagoa egingo dutela Udalaren egituraren barnean nazioarteko harremanen arlo bat sartzeko.

Komunikazioa

Alkatearen ustez, hiriak badu datozen urteetan bete beharreko beste erronka bat: garraio eta komunikazio sistemak hobetzea. Hain zuzen, esan du laster hasiko direla Topoaren trenbideen alderik aldeko obrak, eta horrek garraio publikoko sistema iraunkorra eta emisiorik gabea edukitzeko aukera emango digula.

Horrez gain, trenbide proiektu horrek hiria eraldatuko duela nabarmendu du.

 “Batetik, Easoko trenbideen gunea berreskuratuko dugu, eta hori oso garrantzitsua da, 21.000 metro karratuko eremua baita, hiriaren erdigunean; bestetik, halako garraio sistema bat edukitzeak aukera emango digu hiria orain posible ez diren oinezkoentzako eremuz betetzeko, programa baten bidez”, azaldu du.

Azaldu duenez, puzzle horretako hurrengo ezinbesteko pieza Loiolako Erriberetako aldageltokia da; puntu hori Topoaren eta RENFEko aldiriko tren zerbitzuaren arteko lotura izango da, hain zuzen.

Azkenik, Abiadura Handiko Trena ere funtsezko elementua izango da Gipuzkoako hiriburuko komunikazioak hobetzeko. Laster jarriko da abian, 2022. urtearen inguruan; horrek mugaz haragoko zerbitzu berriak diseinatzeko bide emango du, eta “Eurohiriaren proiektua inoiz baino errealagoa izango da”. 

Bizikidetza

Eneko Goiak adierazi du hirian eta herrialde osoan bizikidetza hobetzeko eta sendotzeko lan egin behar dela. Sei urte igaro dira ETAren indarkeria amaitu zenetik, eta alkateak uste du konpontzeko geratu diren zenbait konturi heldu behar zaiela, “bake egoera hau finkatu nahi badugu”. Hain zuzen ere, bizikidetza sendotzeko prozesu horretan nagusiki puntu hauek landu behar direla esan du:

  • Iraganaren azterketa kritikoa: ez elkarri ezer aurpegiratzeko, gure bizikidetzaren oinarriak finkatzeko baizik.
  • Biktimen aitorpena.
  • Bizitakoaren ondorioak gainditzea: ETAren desagerpena eta espetxe politikaren aldaketa.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...