Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/10/16

Etorkizuna Eraikiz ekimenak beste bultzada bat jasoko du Nazioarteko I. Biltzarraren eskutik

Foru Aldundiak aurkeztu berri du Etorkizuna Eraikiz ekimenaren Nazioarteko Biltzarra, TeamDay, datorren ostegunean, urriaren 19an, Tabakaleran egingo dena, Gipuzkoaren etorkizuna modu partekatuan eraikitzeko hasitako bidea finkatu eta bultzada berri bat emateko. Mickey McManus bezalako adituek eta abian dauden proiektuetan inplikatuta dauden entitateetako ordezkariek parte hartuko dute.
Etorkizuna Eraikiz ekimenak beste bultzada bat jasoko du Nazioarteko I. Biltzarraren eskutik

Gizarte antolatuaren 200 ordezkarik baino gehiagok parte hartuko duten biltzar horrek hiru helburu ditu: dinamika aberastea nazioarte mailan erreferentziazkoak diren kasu berritzaileak aurkeztuz; proiektu pilotuetan parte hartzen ari diren pertsonen ekarpenak eta hobekuntzak jasotzea; eta, aurreikusitako sozializazio estrategiaren barruan, Gipuzkoako gizartea Etorkizuna Eraikiz ekimenaren partaide egiten jarraitzea.

Imanol Lasa foru bozeramaileak zehaztu duenez, Biltzarra “mugarri” bat izango da eta aukera emango du egindako ekintzak “guztion artean” ebaluatzeko, baita “ezagutza berria” eskuratzeko ere Etorkizuna Eraikiz ekimenaren antzeko esperientziak, hau da, lankidetzan eta esperimentazioan oinarritutako gobernantza eredu arrakastatsuak, ezagutzera emango dituzten nazioarteko adituen eskutik. Lurraldeko erakundeetako hainbat ordezkarik eta gizarte nahiz ekonomia arloko eragilek parte hartuko dute: esparru ezberdinetako elkarteak, unibertsitateak, enpresak, garapen agentziak… Izena emateko epea zabalik dago, eta ondorengo loturaren bidez ere izena eman ahal izango da. Bozeramaileak parte hartzera animatu ditu herritarrak “guztion ideiak, talentua eta ilusioa beharrezkoak ditugulako”.

Markel Olano diputatu nagusiak inauguratuko du Biltzarra, eta lehenengo hitzaldia Mickey McManusek emango du, etorkizuna eraikitzeko Sormenaren eta Berrikuntzaren erabileran mundu mailan duen esperientzia partekatuz. MacManus, berrikuntza kolaboratiboan aitzindari, Autodesk enpresaren (mundu mailan berritzaileena den softwarearen garapenean espezializatutako enpresa) ikerlari gonbidatua da eta BCG enpresako (berrikuntzako aholkularitza globala) aholkulari seniorra. Bere izenean 10 patente ditu gauzen internetaren, automozioaren eta zerbitzuen arloan. ‘Trillion’ liburuaren egileetako bat da, interneten etorkizuna, gailu mugikorrak eta teknologia horiekin izango dugun harremana nolako izango den irudikatzen duen liburu arrakastatsu eta sarituaren egileetako bat.

Eskainiko duen hitzaldian azalduko du nola sor daitezkeen pentsamendu bide berriak, nola berdiseinatu daitezkeen gure ingurunea eta lantaldeen eta sorkuntza eta berrikuntza prozesuen dinamika, gure etorkizuna eraikitzeko orduan; abiapuntutzat hartuta berrikuntza ez dela berez gertatzen den zerbait, eta beharrezkoa dela horretarako espazioak sortzea. Lan egiteko modu berriak, ingurune berriak eta pentsamendu egitura berriak sortzeko espazioak.

Ondoren, Henrik D. Finsrud Norvegiako udal eta eskualdeen elkarteko berrikuntzako zuzendariak, Norvegiako lankidetza publiko-pribatuaren kasua azalduko du. Finsrudek 20 urtetik gorako esperientzia dauka ikerketa proiektuak, klusterrak eta sareak kudeatzen eta abian jartzen. Partaidetza proiektu ugari koordinatu ditu, nazio nahiz nazioarte mailan, sektore pribatuarekin, gobernuarekin eta herritarrekin lankidetzan.  Bere hitzaldian, Finsrudek bere esperientziaz hitz egingo du, eta gobernantza irekiko Etorkizuna Eraikiz ereduarekin alderatuko du. Norvegiako KS kasua azalduko du, Ongizatearen Teknologia programaren bitartez, zeina diseinatu baitzen etorkizuneko erronketako batzuei aurre egiteko osasunaren, lan merkatuaren eta hezkuntzaren ikuspegi bereziarekin. Hala, Norvegiako ongizate ereduaren indarguneak, ahuleziak eta erronkak aurkeztuko ditu.

Jarraian, Pauline Carneten txanda izango da,  Ikerketako eta Etnografiako zuzendaria Policy Lab UK delakoan, gobernu tresna berriak garatu eta esperimentatzeko sorkuntza espazioan. Esperientzia sendoa dauka ikerketa sozial eta politikoan, zuzenbidean eta etnografian, eta ikerketa proiektuak eta landa lanak kudeatu ditu Erresuma Batuan nahiz nazioarte mailan. Nagusiki gizarte gaiak ikertu ditu, hala nola nazioarteko migrazioa, pobrezia, enplegua edo askotariko zereginak. Hitzaldian, Carnetek azalduko du nola garatzen dituzten politika irekiagoak eta herritarrei zuzendutakoak gauzatzeko beharrezkoak diren tresnak. Lantaldea 9 lagunek osatzen dute, diseinatzaileak, ikerlariak eta arduradun politikoak dira. Diseinua eta tresna digitalak erabiltzen dituzte proiektu eta konponbide politiko berriak guztien artean diseinatzeko. Orain arte, 20 proiektu handi garatu dituzte hainbat arlotan: etxebizitza, osasuna, lana, lan-bizitza eta familia bateragarri egitea, polizia, etab…

Xabier Barandiaranek, Diputatu Nagusiaren Kabineteko buruak, ere Etorkizuna Eraikiz ekimenaren berri emango du, eta mahai inguru bat moderatuko du, non aztertuko diren ekimenaren eragileak, faseak, erronkak, ahuleziak eta indarguneak, betiere esperientzia pilotuetan parte hartzen ari diren eragileen, entitateen eta enpresen eskutik, baita ikerketan, aholkularitzan, internazionalizazioan eta sozializazioan adituak diren eragileen eskutik ere. “Proiektu handi guztiek hausnarketarako egun bat izaten dute, esperientziak partekatzeko, besteengandik ikasteko, elkar ezagutzeko, proiektuen berri izan, aztertu eta aberasteko… Azken batean, aurrera egiten jarraitzeko. Aukera paregabea izango da metodologiak eta lehenengo emaitzak testatzeko”, adierazi du Lasak.

Proiektuen errepasoa

Ondoren, Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroleko diputatuak, eta Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azalduko dituzte Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan dagoeneko abian dauden prozesuak eta proiektuak, hainbat esparrutakoak: zibersegurtasuna, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna, berrikuntza zahartzaroaren arretan, elektromugikortasuna, langileen parte hartzea, aldaketa klimatikoa, ikus-entzunezkoak eta euskara, gastronomia 4.0… Biltzarrari amaiera emateko, ariketa kolektibo bat egingo da etorkizunaren inguruko proiekzio bat egiteko “Gipuzkoaren etorkizuna batera irudikatzen” izenburupean, Mickey McManusek koordinatuta. Estatubatuarraren gidaritzapean, parte hartzaileek ariketa bat egingo dute pertsonek, entitateek eta enpresek aurrean izan ditzaketen erronkak bistaratzeko; azken batean, lurraldearen etorkizuneko erronkak bistaratzeko.

Gainera, Kongresuaren bezperan, foru arduradunek laneko bilerak edukiko dituzte gonbidatutako nazioarteko adituekin, erakundeen arteko elkarlanerako bideak aztertzeko, eta nazioarteko agendan Aldundia jorratzen ari den gaiak kokatu eta kontrastatzeko.  “Gipuzkoa proiektu liluragarri batean murgilduta dago, hain zuzen ere gizarte, ekonomia, hizkuntza eta generoaren arloan desberdintasun gutxien duen Europako lekuetako bat izatea. Esan ohi da etorkizuna iragartzeko modurik onena dela etorkizun hori sortzea, irudikatzea nola nahi dugun lan egin, zahartu eta bizi. Hori da Foru Aldundiak proposatzen duen formula Gipuzkoaren etorkizuna zehaztu eta hobetzeko: guztion artean egitea, eta herrialde aurreratuenen jardunbide egokiak aprobetxatzea. Horregatik, ziur gaude gaurko jardunaldi honek bultzada garrantzitsua emango diola Etorkizuna Eraikiz ekimenari” gaineratu du bozeramaileak amaitzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...