Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/09/13

Gurean APP

Merkataritza eta turismoa sustatuko duen aplikazioari proposamenak egiteko deia luzatu dute Bergarako Udalak, Tokikom-ek eta Bedelkar elkarteak
Elena Lete

Gurean App telefono mugikorrentzako aplikazio berri bat da. Denbora daramagu Udalak, Tokikom-ek eta Bedelkarrek lanean, herriko turismoa eta merkataritza sustatu nahi duen aplikazio honetan lanean. Elkarlan honek dagoeneko eman du fruitua eta Gurean aplikazioa abian jartzeko oso gutxi falta da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Honen oinarrian, beacon teknologia dago. Beacon-ak baliza txiki batzuk dira –Bergaran zehar gaur egun 50 ditugu, estrategikoki banatuta–; baliza horiek gertuan dituzten mugikorrei seinaleak bidaltzen dizkiete, betiere mugikorrek Gurean aplikazioa deskargatuta badute.

Gurean bidez, beacon bakoitzaren irismen-esparruan dauden telefono mugikor guztietara informazio pertsonalizatua bidaltzen da.

Hala ere, herritarrentzako eta erabiltzaileentzako egindako aplikazioa izanik, bergararren eta inguruko herritarren iritzia jaso nahi da lelen. Honela, proba pilotua erabilgarri dago eta azken ukituak eman aurretik, herritarrak eta eskualdeko bizilagunak Gurean aplikazio berria probatzera animatu nahi ditugu eta izan ditzaketen proposamenak bidaltzera.

Aplikazioa honela deskargatu daiteke:

  • QR kodeen bidez; Bergarako Bedelkar elkarteko bazkideen establezimenduetan eta honako toki publiko hauetan : Agorrosin, Labegaraieta kiroldegia, Udal pilotalekua fraiskozurin, Udaletxea, Udal Liburutegia, Udal Euskaltegia…
  • Web-orriaren bidez, sarbidean.

Ondoren, behin App Store nahiz Google Play bidez aplikazioa deskargatuta dagoenean, horren aukera guztiak aprobetxatu ahal izateko bluetooth konexioa eta geolokalizazioa aktibatu behar da –instalazio-prozesuan zehar iradokitzen den moduan–.

Modu honetan, aplikazioa probatzen duten herritarrek euren iritzia eta proposamenak egin ditzakete #GureanBergara traola erabiliz twitter bidez. Aplikazio berria herriko sozio-ekonomia bultzatzeko lagungarri izan daitekeelakoan gaude eta bergararrak parte hartzera animatu nahi ditugu. Izan zu ere, #GureanBergara proiektuaren parte.

Gaur Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aurkezpenean Bergarako alkateak adierazi duenez, Bergarako Udalak apustua egin du “teknologia berriak herritarren esku jartzeko”. “Hala, Gurean app telefono mugikorrentzako aplikazioari esker bergararrak herriko merkataritzarekin kohesionatuago gaude, eta horrek guztioi egiten digu mesede. Izan ere, herriko ekimen eta eskaintza hobeto ezagutuz, gurearen alde hobe egin dezakegu”, azaldu du. Gaineratu duenez, Gurean app-a udalerriko “ondare aberatsaz bisitariak ohartarazteko ere erreminta aproposa” da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du aplikazio honek eta, Ekonomia Sustapeneko foru zuzendariak, Antton Tomasenak, azpimarratu duenez, babes hori Aldundia “ekonomiaren susperraldia finkatzeko” egiten ari den “ahaleginaren” lekuko da. “​Gure ekonomiaren lehiakortasuna bultzatu behar dugula esaten dugunean, tokiko merkataritza ere gogoan izaten dugu. Tresna berriak, berritzaileak, behar ditugu herritarrei bizia erraztu eta tokiko dendetara eramateko. Uste dut Gurean APPek bide bat zabaltzen duela alde horretatik, eta antzeko erramintak laguntzen jarraituko dugu”, adierazi du.

Tokikomeko lehendakari Alaitz Artolazabalen esanetan, egindako elkarlanaren balioa azpimarratu du. “Pilotua Begaran, Debagoieneko edukiak lantzen dituen Goiena komunikazio taldearen eskutik egin dugu. Hasiera hasieratik beraien misioarekin bat egiten zuen proiektu bat bezela identifikatu baitzuten eta benetan sinesten dutelako Bergarak, gure inguruko herri askok bezela erakusteko asko duela”, azaldu du. Ideia horretara “toki komunikabidea, udala eta herriko komertzioak” batu izana “oso positibotzat” jo du Artolazabalek.

BEDELKAR

Bedelkar elkartetik, Bergara Bizi ekimenaren barne hiriko merkataritza indarberritzeko pausoak ematen ari gara eta ibilbide horretan, Teknologia berri + sare sozialetan merkataritzaren presentzia ezinbestekoa dela iruditzen zaigu.

Erosketarako, aisialdirako eta harremanetarako, Bergara merkataritza gune erakargarri bat dela herritarrei eta ingurukoei erakusten ari gara azken urteetan.

GUREAN aplikazioa euskarri teknologiko erabilgarria dela iruditu zaigu, bertakoek eta kanpotarrek lekuko merkataritzaren berri izateko.

Plataforma honen bidez, bertako merkatariek eskaintzak, promozioak eta jarduerak modu interesgarri baten ezagutzera emateko aukera ikusi dugu.

Establezimenduen irudiaren erakusleiho bat izan daiteke, bezero-trafikoa areagotzen du eskaintza, promozio eta jardueren kontsulten bidez.

TOKIKOM

Toki komunikabideen bateragunea da berau Euskal Herriko bailara eta herri desberdinetako 28 bazkide eta 60 hedabidetik gora biltzen dituen bateragunea. Ikusentzunezkoak eta idatziak.

Gure ADN an daramagu komunitatea garatzea, gertuko edukietan forkoa jarrita, gertukoak interes berezia sortzen digulako eta komunitate horretara heltzeko, teknologia berrietan aukera polita ikusi dugu. Teknologia berrien erronkari heldu nahi diogu

Kasu konkretu honetan, teknologia berrien bitartez: TOKIKOM komunitateko kide direnen arteko barne turismoa garatzeko aukera ikusi dugu eta gure komunitatean garrantzitsu den komertzio lokalari ere hauspoa emateko aukera.

Ezer garbi badaukagu elkarlana da eta elkarlanaren fruitua da proiektu hau.

GOIENA

Goienaren misioarekin bat egiten duen proiektu bat dela garbi ikusi genuen eta Bergarako udalari eta Bedelkar dendari elkarteari aurkeztu genien proiektua bertatik bertara.

Goienaren misioa: Debagoienetik pertsona eta entitateen arteko komunikazio-beharrak asetzea eta aisia, kultura eta elkarbizitzarako bideak lantzea, euskara ardatz, elkarlanean oinarriturik eta era guztietako euskarri komunikatiboez baliatuz.

Bergarak erakusteko asko du eta hori ahalik eta modu erakargarrienean biltzeko ahalegin berezia egin dugu bideo desberdinen bitartez. 

Gurean aplikazioan espazio bat ireki dugu, kasu honetan Bergararen gainekoa. Baina asmoa litzateke herri gehiago sartzea bertan.

Goienak hau eta horrelako gehiago egingo ditu Debagoienako komunitatearen parte delako. Sinisten dugu gure herrian, herri bizian.  Horregatik, dendari eta udalarekin lan egitea ez da aukera bat izan, Goienaren sortze beretik hartutako erabakia da, gure DNA dira: elkarlana, komunikazioa eta euskara.

Oso pozik gaude proiektu honetan sortu den harremanarekin eta espero dugu Bergaran bertan ere ekimen gehiago burutzea elkarrekin.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...