Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/07/28

Usabal kiroldegiko segurtasun neurriak indartu ditu Udalak

Pasa den uztailaren 4ko Usabal kiroldegiko kloro intoxikazioa argitzeko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak, Asier Martin, Tolosako Usabal kiroldegiko gerentek eta Asier Bakaikoa, Tolosa Lantzen S.A. Udal entitate publikoaren teknikariak.
Olatz Peon

Pasa den uztailaren 4an kloro intoxikazioa gertatu zen Tolosako Usabal kiroldegiko barruko igerilekuetan. 104 pertsona artatu ziren; horietatik 23 artatze berezia jaso zuten eta inguruko ospitaletara zein anbulatorioetara bideratuak izan ziren. Ezbeharra gertatu ondorengo 24 orduetan kaltetutako guztiak etxean ziren. Usabal kiroldegia uztailaren 5ean 10:00etan ireki zen bere osotasunean, analisi guztiek airearen garbitasuna bermatu ostean.

Behin larrialdiko operatiboa bukatu zenean, Tolosako Udalak ezbeharra nola gertatu zen jakiteko asmotan, prozedura administratiboa jarri zuen abian. Era horretan, Usabal kiroldegia kudeatzen duen enpresari, Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Osasun Publikoaren zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileei egunean gertatutakoaren eta emandako pausu oro batzen dituen txostena egiteko eskaera luzatu zien. Txostenak honakoa ebatzi du:

Hipoklorito sodikoa zuen 500 litroko ontziak (irekitzeko-ixteko giltzaren junta batetik) fuga bat zuenez, kiroldegiko mantentzeko langile batek ontzi-aldaketa prozedura hasi zuen ihesa konpontzeko (ez da ohiko prozedura). Tamalez, behar ez zuen 1.000 litroko ontzia (azido sulfurikoa izandakoa) hartu zuen hipoklorito-ontziaren aldaketa egiteko.

Bi produktuak erreakzio kimikoa izan zuten eta konbinazioak kloro gasa sortu zuen. Pixkanaka-pixkana sotoan zehar zabaltzen hasi zen eta barruko igerilekuen aireztatze sistemak hartu zuen. Gutxi gorabehera 10 minututara aire kutsadura igerileku barruan zabaldu zen.

Ezbeharra gertatu eta gero, erantzuna oso azkarra izan zela nabarmendu du Asier Bakaikoa Tolosa Lantzen S.A. udal entitate publikoaren teknikariak: “bai Kiroldegiko langileen partetik, bai larrialdietarako arlo ezberdinengatik ere. Beraz, esan genezake autobabes plana egoki bete zela”.

Olatz Peon Ormazabal alkateak ere, ildo beretik, ezbeharrari eman zitzaion erantzuna “ona” izan zela adierazi du: “ezarritako protokoloa goitik behera bete zen, Usabal kiroldegia minutu gutxitan uste zen eta zaurituak berehala artatu ziren. Langileen lana, bai kiroldegikoena eta baita larrialdi zerbitzuetakoena ere, funtsezkoa izan zen”. Tolosako Udalaren izenean elkartasuna adierazi die zauritu guztiei: “gertutasunez egon gara beraiekin, askorekin hitz egin dugu. Edozein zalantza, argibide edota laguntza eskura dezakete Tolosako Udalean”.

Behin jakinda artatutako jendeak ez zuela bestelako osasun arazorik izan, eta etorkizuneko istripuak neurri handi batean saihesteko asmotan, Tolosako Udalak kiroldegiaren enpresa kudeatzaileari neurri tekniko bereziak eta osagarriak hartzeko egin beharrak ezarri zizkion, eraikinak dituen aurretiko segurtasun neurriak hobetzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...