Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/07/04

Gipuzkoako Foru Aldundia hasi da AT sistemako arkuak muntatzeko lanekin

Irunen hasi dira sistemaren hankak instalatzen eta, aurreikuspenen arabera, uztaila amaierarako amaituko dira ateburuaren muntaketa lanak
Gipuzkoako Foru Aldundia hasi da  AT sistemako arkuak muntatzeko lanekin

Aurreikusitako epeak betez, Gipuzkoako Foru Aldundia gaur hasi da AT sistemaren “ateen” muntaketa lanekin. Europako zuzentarauei jarraiki, sistema honen xedea ibilgailu astunek Europa zeharkatzen errepidetan ibiltzeagatik ordaintzea da. Jakin denez, bidesari honek Etzegarate eta Irun artean eta alderantziz igarotzen diren kamioei eragingo die, eta helburua da N-1 errepidea erabiltzen duten 12.000 kamioilariek erabileragatik ordaintzea.

Muntaketa lanak Irunen hasi dira, eta bertan ari dira kokatzen N-1 errepideko bidesari sistema osatuko duten hiru arkuetatik lehenengoa. Gaur arkuaren hankak instalatu dira eta, aurreikuspenen arabera, uztaila amaieran amaituko dute arkuaren buruaren muntaketa. Beste bi arkuak, Andoain eta Etzegaratekoak, irailean altxatuko dira, planifikatutakoaren arabera.

AT sistemaren lehen ezaugarriak atzotik hasi dira ikusten, baina proiektuaren eta exekuzioaren adjudikazioa lortu zuen Bidelanek hilabeteak daramatza softwarea eta hardwarea lantzen. Arkua bera muntatzen hasi aurreko lanak ere egin dira, hala nola lur saila egokitzea eta azpiegitura prestatzea; ateak funtzionatu dezan beharrezkoak diren komunikazio eta instalazio elektrikoen kanalizazioa; ateari eutsiko dion zapata, eta erabiltzaileen eta atearen babeserako elementuak (bionda), besteak beste.

Ibilgailu astunak detektatu, identifikatu eta kanona egozteko sortu da AT sistema. Free flow erako sistema da, hau da, ibilgailuek ez dute gelditu beharko. Nahitaezko ordainketa sistema izaki, erabiltzaileek beharrezko bitarteko teknikoak eduki beharko dituzte erabilera operatiboki ahalbidetzeko, edo informazioa erraztu beharko dute matrikula ordaintzeko bideren batekin lotu ahal izateko. Garraiolari guztiek ordainketa sistema honen berri izan dezaten, kanpaina informatibo bat egingo du Bidegik. Ibilbide osoak ez du 10 euroko prezioa gaindituko, eta Bidegi izango da kanona kudeatzeko eta biltzeko arduraduna.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu duenez, N-1ean bidesaria jartzeak trafikoa orekatuko du. Izan ere, kamioien trafikoaren zati bai AP-8ra eta AP-1era mugituko da, eta horrek hobekuntza nabarmena ekarriko du gure errepide sarean, N-1eko fluxuak arinduz.

2017ko azken hiruhilekoan funtzionamendu probak egin ondoren, bidesarien sistema berria 2018ko hasieran sartuko da indarrean. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...