Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/06/22

Politika eta kudeaketaren arteko ituna itxi du Foru Aldundiak, emaitzetara bideratutako aurrekontuekin

Erakundeak martxan jarri du datorren urteko aurrekontuak osatzeko prozesua
Politika eta kudeaketaren arteko ituna itxi du Foru Aldundiak, emaitzetara bideratutako aurrekontuekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak politika eta kudeaketaren arteko ituna itxi du, Emaitzetara Bideratutako Aurrekontuak (EBA) ezartzeko martxan dituen egitasmoekin. “Aldaketa kualitatibo oso garrantzitsua da, zeren eta esaten ari garena da gure aurrekontua kreditu esleitzaile hutsa izatetik gure kudeaketa politikoaren isla izatera pasatzera doala”, azaldu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak. Azaldu duenez, egitasmoa administrazio publiko “moderno” eta “eraginkorra” lortzera bideratuta dago. Honen ondorioz, aurrekontuen egutegia aldatu du aurten Foru Aldundiak: udazkenean beharrean, ekainean bertan irizpide ekonomikoak ezarri eta datorren urteko aurrekontua diseinatzen hasiak dira departamentuak.

Gai honi helduta, administrazio publikoetako langile eta alorreko adituen arteko topaketa egin da gaur goizean foru jauregian, ‘Emaitzetara bideratutako aurrekontua: Gipuzkoako Foru Aldundiaren esperientzia’. Olano berak ireki du ekitaldia eta, ondoren, Sebas Zurutuza Kudeaketa Estrategikoko zuzendariak eta Jose Corchon Finantza eta Aurrekontuetakoak ere hartu dute hitza. Hauen aurretik, Jordi Joly katalanak esparru honetako esperientzia aurreratuen berri eman du. Bartzelonako Udaleko Ekonomia eta Finantzetako zuzendari exekutiboa izan zen 2011 eta 2015 artean Jolly, eta eskarmentu eta entzute handia du alorrean.

Diputatu nagusiak gogoratu duenez, Aldundiak legealdi hasieran finkatu zuen bere gobernu jarduna gidatzen duen Kudeaketa Plan Estrategikoa. “Orain, Emaitzetara Bideratutako Aurrekontuen bitartez, Planaren eta kudeaketa errealaren arteko engranajea koipeztatzen dugu, politika eta kudeaketa gerturatuz”, azaldu du Olanok. Eskema biribiltzeko, martxan dago politika publiko hauen etengabeko ebaluazio sistema. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Aldundi osoa dago sistema berri honetara egokitzeko lanean inplikatuta, baina bereziki azpimarratuz Sebas Zurutuza zuzendariaren figura, “prozesu honi guztiari ikuspegi estrategikoa ematen dion pertsona”.

 “Eraginkortasuna da mota honetako planteamenduekin bilatzen duguna” esan du Olanok. Diputatu nagusiaren arabera, Foru Aldundia ari da legealdi hasieran jarri zituen eta Kudeaketa Plan Estrategikoan jasoak dauden helburuak gauzatzen. “Bi urte hauetan erakutsi dugu gai garela jarri genituen helmugetara iristeko, baina are eraginkorragoak izan dezakegu”, azaldu du. Zentzu honetan, ziur agertu da Emaitzetara Bideratutako Aurrekontuen eskutik foru erakundea beste aurrerapauso bat emateko gai izango dela. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...