Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Aldundiak eta Gureak fundazioak elkarrekin jardungo dute desgaitasuna duten pertsonak funtzio publikoan sartzea bultzatzeko
Foru erakundeak Gureak fundazioaren aholkularitza izango du kolektibo hori lan eskaintza publikoan sartzen laguntzeko Gisa honetako lehen hitzarmena da estatu mailan
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gureak Inklusio Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, desgaitasuna duten pertsonak funtzio publikoan sartzea bultzatzeko. Bi erakundeek elkarrekin jardungo dute “desgaitasunen bat dutelako laguntza behar bereziak dituzten pertsonak funtzio publikoan sartzea eta osoki integratzea bultzatzeko, betiere berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatuz, diskriminazio positiboaren kontzeptua aplikatuz eta desgaitasuna duten pertsonentzat egin beharreko egokitzapenak eginez”. Hitzarmena gaur izenpetu dute Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eta Iñaki Alkorta Gureak fundazioko lehendakariak.
Gisa honetako lehen hitzarmena da estatu mailan, eta bi lan ildo nagusi hartzen ditu barne: Alde batetik, lanpostu egokiak aztertzeko eta identifikatzeko prozesu bat abiaraziko da; hura abiapuntutzat hartuta, Aldundiak hurrengo urteetako Lan Eskaintza Publikoan egokitzeko modukoak diren lanpostuak aukeratuko ditu, eta, beharra balego, funtzio egokituak dituzten lanpostu bereziak sortu. Bestetik, hautaproba deialdian plazak erreserbatuko zaizkie desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala –bi kasuetan % 33koa edo altuagoa– duten pertsonei edo % 65 baino gehiagoko desgaitasun fisikoa edo zentzumen desgaitasuna dutenei. Deialdi horrek izaera pilotua izango du. Erreserba horretan, gutxienez plazen % 50 esklusiboki zuzenduko zaizkie % 33ko edo gehiagoko desgaitasun intelektuala duten pertsonei, hain zuzen, laguntza behar handiagoak dituzten pertsonei lehentasuna emateko helburuz.
Bi aldeek elkarrekin egingo dute lan desgaitasuna duten pertsonak funtzio publikoan sartzeko, betiere ikuspegi globala kontuan izanik, eta prozesuaren fase guztiak kontuan hartuz: desgaitasuna duten pertsonen ezaugarrietara egokitzeko modukoak diren lanpostuak aztertzea eta, beharra balego, funtzio egokituak dituzten lanpostu bereziak sortzea; proba eta merituak egokitzea; hautaketa egitea; hautaketa organoak espezializatzea; lanpostuko prestakuntzaz eta ibilbide profesionalaz arduratzea; ingurua erabiltzaileen antolaketarako prestatzea eta sentsibilizatzea; jarraipen eta laguntza metodologia, segurtasuna eta lan osasuna eta abar.
Hitzarmenak xehetasunez jasotzen du zein diren alde bakoitzak bete beharreko konpromisoak, bai hautaketa prozesuaren diseinuari dagozkionak, bai eta oposizio aldiari eta lanpostura egokitzeko aldiari dagozkienak ere. Aldundiak izendatuko ditu lan prozesuetan, giza baliabideetan, lan inguruneetan edo materialetan arrazoizko egokitzapenak egiteko beharrezko baliabide ekonomikoak eta/edo teknikoak, betiere desgaitasuna duten pertsonak laneratzea eta, bereziki, laguntza behar bereziak dituzten pertsonen laneratzea ahalbidetzeko. Gureak fundazioak, berriz, aholkularitza eskainiko dio une oro Aldundiari, prestakuntza eskainiko die hautagaiei eta lan ingurunea partekatuko duten langileei, eta jarraipena egiteaz arduratuko da, gainera.
Bestalde, hitzarmenetik eratorritako ekintzak sustatuko eta ebaluatuko dituen batzorde bat sortuko da, eta batzorde hori urtean lautan bilduko da, gutxienez. Hitzarmen honen bidez, bi aldeek aukera berdintasunaren arloan hartutako konpromisoa berresten dute; alegia, oro har desgaitasunen bat duten pertsonen –eta, bereziki, laguntza berezia behar dutenenen– aukera berdintasunaren printzipioa errealitate bihurtzekoa, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren mendeko erakundeetako funtzio publikoan sartzeari dagokiona ere, kolektibo horrek historian zehar administrazio publikoan sartzeko izan dituen zailtasunak eta gabeziak gainditzeko asmoz.
Imanol Lasak oso positibotzat jo du hitzarmena, eta adierazi du hitzarmen hori kokatzen dela, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoa Europa mailan desberdintasun gutxieneko lurralde izan dadin egiten ari den lanaren barruan. “Gure lurraldea erreferentzia bihurtu nahi dugu berdintasun politiken arloan, ekonomiari, generoari, hizkuntzari, lurraldeari eta abarri dagokienez. Hitzarmen honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste administrazio publiko orokor batzuentzat erreferentzia izan nahi du enpleguan aukera berdintasuna sustatzen, eta eredugarri, Gipuzkoako enpresetan desgaitasunen bat duten pertsonen laneratzea bultzatzen. Guztion artean gizarte solidarioago bat sortu nahi dugu, pertsona guztiak aintzat hartuko dituena, inor atzean edo alboratuta geratu gabe”.
Gaineratu du Aldundiak eredugarri izan nahi duela arlo honetan ere, eta “haratago” joan nahi duela, “plantillan desgaitasunen bat duten pertsonen legezko % 2ko kopurua gaindituz, eta espezializatua eta inklusiboa izango den eredu globalago baterantz eginez. Horretarako, kontuan hartuko dira pertsonen garapena eta lanpostuan laguntza behar bereziak dituzten pertsonen ezaugarrietara egokitzeko beharrezko egokitzapenak”. Pribilegioa iritzi dio bide horretan Gureak fundazioaren esperientzia eta ezagutza alboan izateari.
Iñaki Alkortak nabarmendu nahi izan du Gureak Inklusio Fundazioa lanean ari dela ahultasun edo kalteberatasun egoeran dauden pertsonen laneratzea eta horiek lanean jarraitzea bultzatzeko, “izan ere, 40 urte baino gehiagoko gure ibilbidean eskuratu dugun know-how horri esker enplegagarritasuna hobetzen dugu, orientazio profesionala eskainiz eta lanpostuan lagunduz”. Alkortak gaineratu duenez, “Gipuzkoan pertsona guztiak aintzat hartuko dituen gizarte solidarioago bat sortzeko, ezinbestekoak dira gaurkoa bezalako hitzarmenak, aurrerapauso bat baitira laguntza behar handiagoak dituzten pertsonak administrazio publikoan sartze bidean”. Gureak Inklusio Fundazioak enpresa pribatuekin ere egiten du lan, alo horretan ere jarrera arduratsua sustatzea eta ingurune arruntetan integrazioa sustatzea helburu hartuta.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2026/03/30
Berria
2026/03/01
DONOSTIA
2026/02/25
IRUN
2026/02/19
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



