Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Ohorea da EAJn Atutxa moduko pertsonak izatea, euskal erakundeak gauza guztien gainetik defendatzen dituztenak
Andoni Ortuzar EBBko presidenteak espero du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena inflexio puntua izatea “Espainiar Estatuan justizia eta politika behin betiko banatuta egon daitezen”. Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak "jarraitu beharreko eredutzat” jo du Atutxa, Knörr eta Bilbaoren jarrera
“14 urteko oinazealdia izan da, 14 urteko bidegabekeria, baina, azkenean, hemen lortu izan ez duguna Europako Gortean erdietsi dugu”. Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek oso balorazio positiboa baina aldi berean kritikoa egin du Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaur ezagutzera eman duen epaiaz. Estrasburgok bere ebazpenean abalatu ditu Juan Mari Atutxaren jokaera eta jarrera, Eusko Legebiltzarreko presidente zelarik Sozialista Abertzaleak legebiltzar taldea desegiteari uko egin zionean. “Espainian Justiziak bizi duen egoera salatzeko eguna da gaurkoa. Atutxa auzia Espainiako Justiziaren inguruan dagoen egoeraren adierazle bat da, hau da, berme prozesalik gabe, politizazioa, justiziaren arbitrariotasuna. Egun ona da, halako ebazpenek gauzak hobeto pentsatzeko joera ekar dezaten eta azkenean Espainiako botere judizialaren goitik beherako eraberritzea eman dadin. Baina, gauza guztien gainetik, ospatzeko eta Juan Mari Atutxak 14 urtetan bizi izan duen borroka aitortzeko eguna dugu gaurkoa. 14 urteotan ez da bakarrik egon, baina bera egon da beti aurpegia ematen. 14 urtetan leiala izan da erakundeekin eta Eusko Legebiltzarrak erabakitzeko duen gaitasuna defendatu du. 14 urte legalitatean sinesten eta Espainiako Justiziaren kontra borrokatzen. Zorionez, 14 urte hauek beren emaitza ona ekarri dute orain” esan du jeltzaleen buruak. “Egun ona da gaurkoa. Espero dezagun inflexio puntua ere izan dadila, behingoz eta behin betiko justizia eta politika banatuta egon daitezen Espainiar Estatuan”.
Ortuzarrek argi baino argiago esan duenez “ohorea da EAJrentzat Juan Mari moduko alderdikideak izatea, gauza guztien gainetik euskal erakundeak defendatu dituelako. Munduko indar guztiarekin egin du, gainera, gauzak egiteko duen modu berezi horrekin, amore eman gabe. 14 urte geroago, Estrasburgon berreskuratu dugu euskal erakundeen duintasuna”. Jeltzaleen buruak zorion mezua eta esker ona luzatu nahi izan die Kontxi Bilbao eta Gorka Knörri ere, “bidai honetan Juan Mariren bidelagun izan direlako eta beraiek ere euskal erakundeen duintasunaren defentsa partekatzen zutelako”.
“Jarraitu beharreko eredutzat” jo du Imanol Lasak Atutxa, Knörr eta Bilbaoren jarrera
Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak “albiste zoragarritzat” jo du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Eusko Legebiltzarreko presidente ohi Juan Mari Atutxa, eta Legebiltzarreko Mahaiko kide ziren Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao zigortu zituen epaiaren aurka emandako ebazpena, “duela hamalau urte gertatutako bidegabekeria” zuzendu eta erreparatu egiten duela argudiatuta. “Jarraitu beharreko eredutzat” jo du Lasak Atutxa, Knörr eta Bilbaok orduan erakutsitako jarrera. “Izan ere, oso une gogorretan, eta hainbat aldetatik jasandako presioen aurrean, aurre egin zioten euskal erakundeei eta horien erabakitzeko gaitasunari egindako eraso argiari. Ordezkatzen zuten herri borondatea duintasunez defenditu zuten”.
Gogora ekarri duenez, Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak errugabe deklaratu zituen Mahaiko hiru ordezkariak, autoritate judizialarekiko leporatzen zieten desobedientzia delituaren aurrean, baina ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu egin zituen “haien lekukotza entzun gabe”. Bozeramailearen arabera, Estrasburgoren ebazpenak agerian uzten du “politikaren judizializazioa, edo justiziaren politizazioa” praktika kaltegarria dela, “giza eskubideak ahultzen dituelako, eta norgehiagokak eta gatazka politikoak luzatu eta larritu egiten dituelako”. Gaineratu du praktika hori ez da bateragarria “gure erakundeetan eta gure legeetan ordezkatutako herri borondateari eta autogobernuari zor zaien errespetuarekin. Ona litzateke iraganean gertatutakoak kontuan edukitzea, hankasartze berdinetan ez erortzeko, eta elkarrizketan eta akordioan oinarritutako politikaren alde egiteko”.
Amaitzeko, adierazi du Atutxa, Knörr eta Bilbaok jarduera politikoa “duindu” egin zutela, “baloreek eta printzipioek ematen duten sendotasunarekin” jokatu zutelako.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


