Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/06/12

Digitalizazioa jorratuko du Eibarko III Foro Ekonomikoak, EAJ-PNVren ekimenez

Eibarko EAJk hirugarren urtez antolatu du Eibarko Foro Ekonomikoa. Hainbat adituk hiriaren ekoizpen-egitura berritzeko etorkizuneko aukerak aztertzen dituzte bertan
Digitalizazioa jorratuko du Eibarko III Foro Ekonomikoak, EAJ-PNVren ekimenez

Eibarko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak hiri armagineko hirugarren Foro Ekonomikoa antolatu du. Oraingoan, digitalizazioa eta robotika izango ditu aztergai, hiri armaginaren hazkunde-aukera gisa. Herritar guztiei irekia den ekitaldia datorren ekainaren 14an izango da, asteazkenarekin, arratsaldeko 7etan, Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkartearen egoitzan. Ekitaldiaren helburua da Eibarren etorkizuneko aukerak aztertzea, enplegu gehiago eta hobea sortzeko. Bertan, Vicomtech-IK4ren Zuzendari Orokorrak, Julian Florezek, hitzaldia emango du, eta berarekin batera parte hartuko dute Alex Arriola SPRIren Zuzendari Nagusiak eta Aitor Cobanera SPRIren Teknologia eta Berrikuntza Zuzendariak, Eduardo Zubiaurre UBBren presidentearekin batera.

Jeltzale eibartarrek behin eta berriro eskatu dute Udalak erakunde-lidertzari hel diezaiola ekonomia berpizteko eta enplegu gehiago eta hobea sortzeko. Alor horretan eman dira udal-akordio nagusiak, baina baita jeltzale eta sozialisten arteko gatazka handienak ere. Plan Estrategikoak ezarritako bideari ekitea proposatzen du EAJk, jarduera ekonomikoa indartze aldera. Horretarako, funtsezkotzat jotzen dute enpresa-ehuna indartzea, balio erantsidun jarduerak eta kalitatezko lanpostuak sortuz. Hori dela eta, EAJ-PNVren ustez digitalizazioak bere lekua behar du udal agenda politikoan, eta apustu garbia eskatzen dute modernizazioa, teknologia berriak eta sektore produktibo berriak bultzatzeko.

Eibar berrasmatzea

Digitalizazioak iraultza teknologikoa dakar, eta gero eta aplikazio gehiago izango ditu automatikan, robotikan, programazioan eta sensorikan, besteak beste, hainbat eremutan islada izango duelarik: industria, etxebizitzak, bulegoak, ospitalak edo automobilak. Abertzale eibartarrek uste dute Eibarrek ezin diola digitalizazioaren aukerari bizkarra eman, eta apustu indartsua egin beharra dagoela ezagutzan, hedapenean eta sustapenean, jarduera ekonomikoak suspertzeko eta dibulgazio- eta praktika-guneak bultzatzeko.

Jeltzaleek aspalditik dihardute aldarrikatzen tokiko jarduera ekonomikoek bere lekua bilatu beharra daukatela eszenatoki teknologiko berrian, eta horretarako hiru erronka proposatu dituzte, Eibarko Plan Estrategikoaren eskutik: bizirik dirauen enpresa-ehuna indartzea, bailara-ekosistema bultzatzea eta benetako sustapena egitea Zientzia, Berrikuntza eta Ezagutzaren Hiriari.  

Euzko Alderdi Jeltzaleak neurri andana aurkeztu ditu 2015-2017 agintaldi erdian, pertsona ekintzaileekin kolaboratzeko, bertako industriaren erronka teknologikoak laguntzeko, Bic Berrilanen enpresa-inkubagailua eraikitzea, edo  enplegugarritasunerako plana abiatzea. EAJtik nabarmendu dute “baldin eta Eibarko pertsona langabetuen egoera eta talentu-ihesak kezkatzen bagaitu, horiek dira Udal jardunean denbora hartu behar diguten kontuak; eta ez denbora gehiago galdu inora ez garamatzaten eztabaidetan. Jakin badakigu horrek konfort gunetik irtetzea eskatzen diola gobernuan dagoenari, hainbeste urtean gauza bera egiten ibili ondoren akomodaturik baitago. Supermerkatu bat ekartzeko baino lan gehiago eskatzen du, baina hor daude gure gazteentzako aukerak. Hiri gisa berrasmatu beharra daukagu”.

EAJ-PNVren Eibarko UBBk dei egiten die Eibarko ekonomiaren aukera-eremuetan interesa daukaten pertsona guztiei ekitaldian parte har dezaten, datorren asteazkenean, ekainak 14, Armeria Eskolan.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...