Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Lurraldeko proiektu nagusiak bideratuta, etorkizuneko desafioei aurre egiteko estrategia abian jarri du Foru Aldundiak
Gizarte zibileko 300 ordezkariren aurrean, lurraldean bizitako “blokeo egoera” amaitutzat jo du Markel Olano diputatu nagusiak eta legealdiko bigarren zatiari ekin dio Gipuzkoa “lehiakor eta solidario” bat eraikitzen jarraitzeko erronkari helduz
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, legealdi erdiko balantzea egin du gaur, Donostiako Tabakaleran elkartu diren gizarteko, ekonomiako eta politikako 300 ordezkariren parte-hartzearekin egindako kontu-emate ekitaldian. Horien guztien aurrean jakinarazi duenez, legealdiko bederatzi helburu estrategiko nagusiak “bideratu” dira dagoeneko lehen bi urte hauetan, eta hemendik aurrera foru erakundeak bere aktibitatean lehenetsiko du “gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik etorkizunera begira” lurraldeak dituen desafioei aurre egitea.
“731 eguneko lanaren ondoren, hitza bete dugula baieztatu dezakegu, bete ditugula hartutako konpromisoak, hauteskundeetan babes zabala jaso ondoren. Gure lurraldea blokeo egoeratik ateratzeko ezinbestekotzat jotzen genituen proiektuak dagoeneko gauzatzen ari dira edo bideratuak daude. Etorkizunera begira jartzeko unea da, etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko unea. Eta horretarako estrategia bat abian jarri dugu, gure gizartean aski errotuta dauden bi balio nagusiren gainean: lehiakortasuna eta elkartasuna”, adierazi du diputatu nagusiak.
EAJ eta PSE-EEren gobernu koalizioa ekarri zuten 2015ko foru eta udal hauteskundeen bigarren urtemuga betetzen den honetan, Foru Aldundiak ekitaldia antolatu du Donostiako Tabakaleran, legealdiko lehen bi urteetako lanaren emaitzak herritarrei ezagutzera eman asmoz. Gipuzkoako diputatu nagusiak gidatu duen bilkuran, Aldundiaren lorpen nagusien berri emateaz gain, lurraldeak azken 24 hilabete hauetan bizitako bilakaera sozial eta ekonomikoa izan dute aztergai. Horretarako, hitza hartu dute Kultura, Turismoa eta Gazteriako foru diputatuak, Denis Itxasok, eta gizarte zibileko lau ordezkarik: Iñigo Diaz de Cerio ekintzaileak; Raquel San Sebastianek, Gureakeko ordezkari gisa; Alex Bengoak, IK-4 Teknikerreko zuzendari nagusiak, eta Henar Alcaldek, Orkestra Lehiakortasuneko Euskal Institutuko kideak.
Olanok azpimarratu duenez, foru gobernua osatzen duten alderdiek erabaki zuten gobernu “indartsu eta sendo bat” osatzea, “gaitasun profesional handikoa”, eta “lehen minututik” 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoan jarritako norabidean gogor lanean jardun dutela azaldu du. Bide-orri horretan ezarritako bederatzi proiektu estrategikoak “modu egoki batean” aktibatu eta gauzatze bidean daudela gogorarazi du –Ekonomia Suspertzeko Plana, Gizarte Zerbitzuen Mapa, hondakinen arazoari irtenbidea bilatzea, Donostialdeko Topoa, Pasaialdearen biziberritzea, Tabakalera, Deskargako autobidea, Gobernantza Berriko estrategia eta balio demokratikoetan eta bizikidetzan sakontzeko estrategia–.
Diputatu Nagusiak nabarmendu du Gipuzkoako ekonomia ehuna lagundu eta ekonomiaren susperraldia finkatzeko egindako lana, gainontzeko erakunde eta lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean. Xehetu duenez, alor honetan abian jarritako lanak Ekonomia Suspertzeko Plana izan du oinarri, batetik, eta fiskalitate aurreratu bat eta lurraldeko azpiegituren modernizazioa, bestetik. Horren lekuko, Olanok gogoratu du dagoeneko 420 enpresa eta 1.800 lanposturen sorrera bultzatu dela egitasmo honen bitartez; zerga iruzurraren aurka aritzeko 45 kontratazio berri bultzatu direla eta Deskargako obrak martxan daudela dagoeneko, gisa horretan Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko bidean jarriz.
“Aurrean dugun testuinguru ekonomiko berriak aukera ematen digu eta behartzen gaitu apustu berriak egitera. Eta hor anbizioz jokatuko dugu, gure ekonomia ehuna etorkizunera begira jarriz. Horregatik apustu sendoak egingo ditugu datozen hilabeteetan, lau eremu estrategikotan: fabrikazio aurreratua, biozientziak, energia eta mugikortasuna eta gastronomia”, aurreratu du.
“Lehiakortasuna eta elkartasuna dira gure gobernuaren kudeaketaren oinarri”, lehenetsi du diputatu nagusiak, zeinek gogorarazi dituen lan eremuan pertsonen parte-hartzea eta kontziliazioa bultzatzeko martxan jarritako ekimenak, eta Gizarte Politikara bideratutako 364 milioiko aurrekontua –foru aurrekontuaren erdia, hain justu–. “Gure politiken ardatz gisa pertsonen aldeko apustua indartu egingo dugu, Izan ere, lehiakortasunaren alorrean aurrera egiteaz gain, Europa mailan desberdintasun gutxien dituen lurraldeetako bat bilakatu nahi dugu Gipuzkoa”, berretsi du.
Etorkizunera begira, Gipuzkoan 80 urtetik gorako biztanleen konpurua egungo 49.000tik 56.000 igoko dela estimatzen da. Adin tarte horretan 7.000 lagun gehiago kokatuko dira, beraz. “Lehen mailako desafio baten aurrean gaude. Helburua da pertsona horiek guztiek arreta egokia jasotzea, emandako zerbitzuaren kalitatea bermatuz, eta horretarako politika integralak ditugu martxan. Bide horretan pauso bat aurrera emango dugu eta arreta eredu oraindik eta gizakoi eta pertsonalizatuagoak eskainiko ditugu”, jakinarazi du Olanok.
“Baina ez da soilik zer egin nahi dugun, hori bezain inportantea da nola egingo dugun”, gehitu du diputatu nagusiak. Horregatik, azaldu duenez, etorkizunera begirako politikak “etengabeko kontraste-lana eta experimentazioa” izango dute gizarte zibilarekin, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez, gisa horretan lurraldeko gobernantza eredu berrian sakonduz.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


