Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/05/02

Gipuzkoan herriz herri ibiliko da gaurtik aurrera Foru Aldundia herritarrak entzuteko eta haien proposamenak jasotzeko

Aurrekontu irekien prozesua Urnietan hasi da gaur; aurrez aurre zein internet bidez parte hartu ahal izango da
Imanol Lasa

Gaurtik hasita eta ekainaren 30era bitarte, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2018ko aurrekontuen osaketan. Aurten ere, herritarren lehentasunak eta proposamenak jasotzea du helburu Aldundiak, aurrekontuetan isla eduki dezaten. Prozesua indartze aldera, iraupena luzatu da –bi hilabete-, eta baita ekimenak bisitatuko dituen herrien kopurua ere. Gobernu Kontseiluaren ondoren Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur argitu duenez, hori da berritasun nagusietako bat; 37 herritan izango dira foru ordezkariak, iazkoan baino 21 gehiago, herritarrek helarazi nahi dituzten behar eta iradokizun guztiak “pertsonalki eta bertatik bertara” jasotzeko, entzute aktiboan eta kontu ematean oinarrituta.

Www.gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean kontsulta daiteke bisiten egutegia. Gaur hasiko dira Urnietan eta Donostian jarraituko dute –ostirala bitarte-, eskualde guztietara iritsiz. Iaz bezala, karpa jarriko du Aldundiak, eta bertan izango dira Lasa bera eta Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendaria. Arretarako teknikariak izango dira karpan, parte hartzeko interesa dutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, herritar guztiei parte hartzera animatzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko. Ordutegi jarraian egongo da zabalik, 10:00etatik 19:00etara.

16 urtetik gorako herritar guztiek, eta herritar kolektiboek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, esku orria bete eta karpan utziz. Tokian tokiko erregistroetan, eta Gipuzkoa Plazan –beheko solairua- kokatutako herritarren arretarako eta informaziorako gunean ere entregatu ahal izango dira. Guztira 300.000 esku orri inguru bidali dira Gipuzkoako etxeetara, herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko. Horrekin batera, Aldundiaren kopuru, datu eta proiektu nagusien berri ematen duen mapa zabaldu da. Foru erakundeak herritarren eguneroko bizimoduak duen garrantziaren tamaina eman nahi da maparen bitartez, aurrekontuen osaketan parte hartzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko.

Arretarako eta partaidetzarako aurrez aurreko kanalak eta birtualak uztartuko ditu prozesuak, gipuzkoar biztanlegoaren estratu guztietara iritsi ahal izateko. Hala, lehen aipatutako epe berean, internet bidez parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Plataforma berritu da partaidetza arintzeko, izena emateko galdetegia eta tramiteak erraztuz. Izan ere, iragan urtean parte hartu zuten 1.547 pertsonen artean, 182k besterik ez zuten web orria erabili. Bestalde, parte-hartzaileen batez besteko adina 45 urtetik gorakoa izan zen. Hori horrela, Lasak aitortu du gazteak erakartzea dela aurtengo erronka handienetako bat. Proposamenak bidaltzeaz gain, esku orrian beste bi aukera ematen zaizkie herritarrei: haientzat Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen adieraztea.

Era berean, ahalegin berezia egingo da kolektibo espezifikoengana iristeko, hala nola hezkuntza zerbitzuak, aisialdikoak, 16 urtetik gorako gazteak, plataformak, adinekoen elkarteak, profesionalen elkargoak, edota sare sozialetan irismena duten pertsonak. Ildo horretan, karpetan egoteaz gain, Lasak herrietara egingo dituen bisitak aprobetxatuko ditu hainbat topaketa eta bilera egiteko, ekintzaileekin, enpresekin, eta hainbat arlotako eragile eta ordezkariekin: kultura, kirola, boluntariotza edo gizarte politika. Iaz, 542 lagunekin batzartu zen agenda paralelo horren barruan, eta aurten kopuru hori gainditu nahi da: “Gipuzkoak elkarte ehun aktiboa eta eskarmentu handikoa dauka. Beraz, ehun horren eskaera, kexa eta proposamenak jasotzea eta Aldundiaren plangintzan txertatzea balio handiko ariketa da, lurraldeak dituen erronkei modu partekatuan erantzuteko”, azpimarratu du.

Hauteskunde deialdiak nabarmendu zituen iazko aurrekontu irekiak, estrainekoan. Aurten, muga hori gabe, metodologia aldetik hobera egingo du prozesuak, proposamenak jasotzeko epea eta bisitak handitu direlako, aurreratu direlako, eta iralerako eskaera guztiak memoria exekutibo batean kodifikatuta egongo direlako. Foru zuzendaritza guztiek mahai gainean edukiko dute memoria aurrekontuen zirriborroak prestatzen hasten direnerako, modu eraginkorrean txertatzeko. Aldundiko zerbitzu teknikoek ikuspegi tekniko, juridiko eta ekonomikotik aztertuko dute jasotako proposamenen edukia, eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa egiaztatuko dute.

Kontu emate fasea indartzea da beste helburuetako bat. Proposamen guztiek erantzuna edukiko dute memoria batean, arrazoituko duena zeintzuk onartzen diren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Parte-hartzaile guztiei helaraziko zaie memoria 2018ko urtarrilean. Baina horrez gain, aurrekontuetarako onartutako eskaera edo proiektuak nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango dira: “Legealdi hasieratik garrantzi handia eman diegu Aldundiaren politiken ebaluaziorako mekanismoei, eta arlo horretan aurrerapauso handia da”. Halaber, herritarrei erantzun indibidualagoa emateko sakontzen jarraitu nahi da, eta beste erakundeen eskuetan jarriko dira jasotako eskaerak, eskumena haiena den kasuetan, edo Aldundiarekin partekatua denean, erakunde arteko lankidetza indartu ahal izateko.

Partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, eta 943 113960 telefonoan, proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoen bitartean, interesa duten guztiek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute horiek prestatzeko. Iaz, 1.547 lagunek parte hartu zuten guztira, 1.168 ekarpen egin zituztenak. Balantzea “positiboa” izan bazen ere, Aldundiak eragin hori handitzea espero du hartutako neurriekin. Hori dela eta, Lasak dei egin die gipuzkoar guztiei, 2018ko aurrekontuei begira gaien beharrak eta lehentasunak adieraz ditzatzen. “Aldundiaren aurrekontuak guztion aurrekontuak dira, lurraldearen lehentasunei aurre egitea da haien xedea, eta horiei geroz eta modu eraginkorragoan aurre egiteko, ezinbestekoa da partaidetza. Herritarrak balio publikoaren sorreran konprometitzea ona da denontzat”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...