Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/04/27

3 milioi euro adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako tarifen eguneratzeari aurre egiteko

Hirugarren sektoreko entitateen zentroetako zerbitzuak eta baldintzak hobetzeko foru planaren barruan kokatzen da neurria
Imanol Lasa eta Maite Peña

Gizarte Politikako Departamentuak sektoreko hainbat erakunderekin sinatutako lankidetza hitzarmenen eta kontratu-programen bitartez ematen dituen mendeko adinekoentzako pertsonentzako egoitza eta eguneko zentroen zerbitzuak finantzatzeko, gehienezko erreferentzia tarifak onartu ditu aste honetan Gobernu Kontseiluak. Aldundiak entitate hauek ordaintzen dien tarifa %2,2 haziko da, eta horri esker Gipuzkoako egoitza zentroetako eta eguneko zentroetako zerbitzuen eta lan baldintzen hobekuntzari aurre egingo zaio.

Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Aldundia izango da igoerari aurre egingo diona. Horretarako, 3.031.109,56 euroko dotazioa onartu du Kontseiluak, 2017an izango diren adineko mendeko pertsonen  egonaldiak direla-eta Gizarte Politikako departamentuak edukiko dituen betebehar ekonomikoei erantzuteko. Horietatik, 2.602.034,05 egoitza zentroetara bideratuko dira, eta 429.075,51 eguneko zentroetara. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzera eraginarekin onartuko da igoera. Modu horretan, hainbat baliabide kudeatzen dituzten entitateen egonkortasun ekonomikoa bermatuko da.

Gizarte Politikako Departamentuak egoitza zentroen eta adinekoentzako eguneko zentroen kudeaketa eta baldintzak hobetzeko 2016-2019 aldirako onartutako plangintzan kokatzen da neurria. Proposamen hori da mugarri nagusia departamentuarentzat mendekotasunaren arloko proiektu eta zerbitzuen definizioan, denboraldiko lan-esparrua, aukerak, lan-ildoak eta legealdi osoko foru-finantziazio aurreikuspenak finkatzen baititu.

Lasak nabarmendu duenez, finkatutako bide orria betetzen ari da Aldundia, bai plaza kopuruaren hazkundeari -300 gehiago eskainiko dira legealdi honetan, itxarote zerrendak murriztuz-, eta baita tarifen eguneratzeari dagokionez ere. Neurri horiek ezinbestekoak dira Gipuzkoako biztanleon zahartze prozesuari aurre egiteko, egoitza eskaintza nahikoa eta lurraldeka orekatua bermatzeko, eta arretaren kalitatea zein erabiltzaileen eta haien familien gogobetetzea ziurtatzeko: “Gure adinekoei geroz eta arreta zabalagoa eta hobea eskaintzeko konpromiso irmoa daukagu”.

 Gipuzkoan egun sei mila bat egoitza plaza daude adinekoentzat. Horietatik % 90 inguru egoitza zentroetako plazak dira eta %10 inguru etxebizitza komunitarioetakoak edo babestutako apartamentuetakoak. Plaza horien %12 bakarrik dira plaza erabat pribatuak, hau da, inongo finantzazio publikorik ez dutenak. Plazen %50 titulartasun publikokoak dira eta %37, berriz, pribatuak, irabazi asmodun edo asmorik gabeko entitateek kudeatutakoak, baina administrazio publikoekin hitzarmena dutenak. “Argi dago lankidetza dela sistemaren oinarri nagusietako bat, eta indartzen jarraitzea da gure asmoa”, adierazi du bozeramaileak.

Artisauei babesa

Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko diru laguntza deialdia ere onartu du Kontseiluak. Honako lan ildoak hartuko ditu kontuan aurten 420.000 eurorekin hornitutako deialdiak: eskaintzaren egokitzapena, populazioko eta kontsumoko segmentu eta ohitura askotarikoen behar eta eskaeren arabera; banaketako eta merkatuetara iristeko formula berriak, IKTen pisu handi batekin; irudi erakargarriagoa; eskulangintza jardueraren bideragarritasunari eta jasangarritasun ekonomikoari lagunduko dioten merkataritza eta kudeaketa gaitasunak garatzea; eta sektorearen balorazioa eta aitorpen soziala eta profesionala, eskulangintzako erregistro berri bat abian jarriz.

Sorkuntzan, ekoizpenean eta banaketan eragin nahi du deialdiak, modu proaktiboan. Harreman eredu berriak bultzatu nahi ditu, lankidetzan, antolakuntzan eta sustapenean oinarritutakoak, eskulangintzaren ikuspegi soziala, kulturala eta ekonomikoa integratuz, ahalduntzea erraztuz, ikusgarritasuna indartuz, eta profesionaltasun, prestigio eta kalitateko ingurune batean kokatuz.

 Aldundiak apustua egiten du sektorea modernizatzeko, “alde batera utzi gabe bere mamia eta bereizgarritasuna: hau da, giza hurbiltasuna, benetakotasuna, pertsonalizazioa edota ingurugiroarekiko errespetua eta jasangarritasuna. Gipuzkoak betidanik eman ditu artisau eta eskulangile apartak. Asko sustraitutako jarduera da, tradizio handikoa, gure kultur ondarearen eta nortasunaren parte dena, eta iraganaz gain, oraina eta etorkizuna ere badauzkana, berrikuntzaren bidez”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...