Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Rialto Kafe Antzokia egitea proposatu du Eibarko EAJk
Eibarko EAJ-PNV udal taldeak bide eman dio udal hauteskundeetarako aurkeztu zuen egitasmoaren 174. Ekimenari, eta Rialto zinema izandakoa Kafe Antzoki bilakatzea proposatu du. Horretarako, eraikina erosi eta, behin Merkatu Plaza Errebalera itzultzen denean, egokitzea proposatu du.
Eibarko Udalak Kafe Antzokia abian jar dezala proposatu du EAJ-PNVk. Horretarako, zuzenketa bat aurkeztuko dio udal aurrekontuari, Rialto zinema izandako eraikina erosteko diru-partida gaituz. Duela 10 urtetik hona, behin behineko Merkatu Plaza egon da bertan. Jeltzaleek 2011tik hona defendatutako proiektua abiatzea proposatu dute horrela. Abertzale eibartarrek 2011 eta 2015eko hauteskunde-egitasmoan jaso zuten azpiegitura kultural hau egitea.
Eibarko EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak, Josu Mendikutek, ez du ulertzen nola den posible Eibar horrelako proiektu bat martxan jartzeko gai ez izatea, herri txikiagoek lortu dutenean horrelako proiektu bat iraunkor egitea. “Eibarko gazteok beste herri batzuetako antzokiak ezagutzen ditugu, Bilbokoa, Donostiakoa, Elgetakoa edo Durangokoa kasu, eta ez dugu ulertzen Eibarrek horrenbeste ez izatea”, azaldu du. Zinegotzi gazteak gogoratu du aspaldiko aldarrikapena dela, 2008-2014 Gazte Plana egin zenean azaleratutako proposamena izan baitzen. “Herriko gazteei dei egin zitzaigun gure eskariak planteatzeko, eta argi ikusi zen guztiok bat egiten genuela Kafe Antzokiaren beharraz. Hala ere, Udalak bizkarra eman zion eskaera horri Plana egiterako orduan”, deitoratu du, eta gaineratu duenez, “Eibarko EAJ-PNV udal taldeak aintzat hartzen ditu Euzko Gaztedi-EGIk bideratutako eskariak, eta ondorioz, Gazte Plan berri bat eskatzen dugu beren beharrei benetan erantzuteko, eta baita Kafe Antzokia martxan jartzeko ere”.
Hala ere, ordezkari abertzaleak gogoratu duenez, bereziki gazteek eskatzen badute ere, guztiontzako azpiegitura kulturala izango da, kultura sorkuntza eta hedapena bultzatuko duena. “Eibarren kontzertuak egiteko azpiegiturak falta zaizkigu, eta balio dezake bestelako kultur-jarduerak ere antolatzeko. Erakusketak, aurkezpenak eta bestelakoak. Rialto Antzokiak balio beharko luke kultur-eta sormen-industriak sustatzeko, enplegu-sorkuntzak hazkundea izatera deitua den sektorea baita”. Bozeramaile jeltzaleak uste du hobe zela Rialto duela 10 urte erostea, Merkatu Plaza bertara eraman zenean. “Udalaren planifikazio-falta erakusten du. Dendariek eta baserritarrek hamar urte egingo dituzte behin behineko alokairuan eta hori ekidin zitekeen hasieratik erosita”. Hala ere, gaineratu du Merkatu Plaza Errebalera itzultzean “une egokia dela espazio horri erabilera publiko bat emateko, eta EAJk proposatzen duena da Eibarko Kafe Antzokia izatea, eta inguruaren berpizkunde ekonomikoa, komertziala eta ostalaritzakoa ekarriko duen tresna izatea”. Rialtoko lokala, gainera, Txomoko aparkaleku publikoaren aurrean dago.
2008-2014 Gazte Plana egiteko diagnostikoan, gazteen eskari nagusienetakoa izan zen Kafe Antzokia. Hala ere, Udalak eskaera horri bizkarra eman zion. EAJren asmoa da Kafe Antzokia egin eta bailarako erreferente kultural bilakatzea, kontzertuak, antzezlanak, hitzaldiak, erakusketak eta errentabilitate sozialeko bestelako ekintzak garatuz.
Eraikina erosteko beharrezko adostasuna lortuz gero, jeltzaleek gogoeta prozesu bati ekitea proposatuko dute, herriko eragile ekonomiko, sozial eta kulturakoekin batera, proiektu kultural bat adoste aldera, hiriko jarduera kulturalekin eta ostalaritzarekin bateragarria izango dena. “Azpiegitura hau kultur eragile garrantzitsua izango da eta inguruko jendea erakarriko du”.
Mendikutek ez du ezkutatu penaz hartu duela gazte eibartarrak Elgetako Espaloia Kafe Antzokiaren kudeaketari ekin izana, hiri armaginean aukera hori ez dagoenean. “Udal arduradunak baliteke gai ez izatea horrelako espazio batek behar duen dinamismoari ekiteko, baina badauka dirua eta Eibarren badaukagu horrelako erronkari aurre egiteko prest dagoen jendea”. Hori dela eta, diru-partida bat proposatuko dute eraikinaren balio katastrala ordaintzeko balio duena, eta proposatuko dute 2016ko diru soberakina erabiltzea merkatu-baliora iristeko. Izan ere, hainbat milioiko diru soberakina aurreikusi dute jeltzaleek. Ondorioz, EAJ-PNVk dagoeneko iragarri ditu aurrekontuari aurkeztuko dizkion hainbat zuzenketa: Rialto lokala erostea, enplegu gehiago eta hobea sustatzeko ekintzak, eta hainbat inbertsio hiri birgaitzea bultzatzeko.
Herri eskaria
2010ean “Kafe Antzokixa nahi dogu Eibarren” orrialdea jarri zuten martxan Facebooken eta dagoeneko 1.200 pertsona baino gehiago batu dira. Bertan, partaideek hainbat proposamen egin dituzte: Rialto zinema, Untzaga zinema, Arrate Kultur Elkartea edo hutsik dauden tailerrak. Orrialde horretatik, aste hontan bertan sinadura bilketari ekin diote Change.org orrialdean eta 200 sinadura baino gehiago batu dituzte lehen 24 orduetan.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


