Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/01/20

Errenteriako EAJk Lekuonarekiko konpromisoa berretsi du

2014an egin zuen bezala, EAJ-PNVk, Errenteriari, bere kultur tradizio oparoak merezi duen auditorio bat eskainiko dion, Lekuonako azpiegituraren aldeko apustua egiten du
Errenteria

Lekuonako proiektuaren inguruan lortutako akordioaren ondoren, EAJ-PNVk honekin duen konpromisoa berretsi nahi izan du. Jeltzaleek adierazi dutenez, hasieratik erakutsitako koherentzia eta konpromisoarekin lanean jarraituko dute, Errenteriak, bere kultur oparotasunaren neurriko auditorio bat izan dezan.

“2014an, gobernu taldearekin aurrekontuetarako akordio batera iritsi ginen, Lekuonako proiektuak gure herriaren beharrei erantzuna emateko adinako auditorio bat izan zezan” azaldu du José Ignazio Irastorza, garai hartako zinegotzi eta egungo Errenteriako Uri Buru Batzarreko kide denak. “Zorionez, Errenteriak tradizionalki kultur bizitza benetan oparoa du, hori, neurri handi batean, gure herriko elkarte eta talde desberdinek egiten duten lan eskergari zor zaio, bereziki, musika eta dantzaren inguruan” jarraitu du Irastorzak “horregatik, argi daukagu, bere garaian izan genuen bezala, Errenteriako kultur eta musika tradizio oparoak auditorio eta espazio balio anitz bat behar dituela bere beharrak asetzeko”.

Horiek horrela, egun jeltzaleen zinegotzi den Garbiñe Oyarbidek adierazi duenez “tamalez hartu dugu Errenteriak, Dantzagunea bezalako lurralde mailako azpiegitura bat izateko galdu duen aukera, baina, bere garaian egin genuen bezala elkarlanean aritzea da gure asmoa, proiektuak arrakasta izateak Errenteriarrentzat onurak ekarriko lituzke eta”. “Maila honetako azpiegitura bat, erantzukizun eta errespetuarekin landu beharrekoa dela deritzogu, alderdikeriak alde batera utzita” jarraitu du Oyarbidek. “Lekuonak, gure herriko kultur bizitza oparoari merezi duen tokia emateaz gain, azpiegitura egokia izanik, kultur zirkuitu zabalago batean sartzeko aukera eta errenteria Euskal Herri mailako kultur mapan kokatzeko aukera emango digu, horrek ekar lezaken tokiko ekonomiarekiko bultzadarekin” dio zinegotzi jeltzaleak.

Azkenik, Errenteriako EAJ-PNVren Uri Buru Batzarreko lehendakari den Elixabete Muruak, alderdi bezala proiektuarekiko babesa adierazi nahi izan du “nire alderdikideek jada azaldu dituzten arrazoiengatik, proiektuari alderdi bezala gure babesa ematea erabaki genuen, eta erabaki hori berresten dugu egun. Gure izaera eta lan egiteko moduagatik, beti saiatzen gara gure herriaren alde, bide koherente bat jarraituz, lan egiten. Horregatik, alderdien arteko hika-miketatik haratago, bide horri jarraituko diogu eta gure babesa emango diegu gure taldea osatzen duten zinegotziei, Errenteriak egun eta etorkizunean dituen beharrei erantzungo dien azpiegitura hori gauzatzeko lanean jarrai dezaten “ amaitu du Elixabete Muruak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...