Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/01/18

Errenteriako EAJk Alabergako igogailuaren inguruko bizilagunen ezinegona helarazi du hirigintza batzordera

Interbentzioari ikuspegi orokorrago batetik ekin ez izanari tamalgarri irizten diote, etxe ondoan duten euste-horma botatzea izan baita bizilagunen urteetako eskaera eta ez da aukera hori aztertu ere egin
Errenteria

Urtarrilaren 17an Errenteriako Udalean izan zen Hirigintza batzordean, EAJ-PNVren udal taldeak Alaberga 23-28 etxeetako bizilagunen ezinegona helarazi zuten aipatutako batzordera. Aipatutako etxeetako hainbat bizilagunek jeltzaleei adierazi diete beren etxe inguruan, Alabergako igogailua dela eta, ekiten ari diren lanekiko duten ezinegona.

EAJ-PNVk, bizilagunen eskaerak ezagututa, udal arkitektoarekin kontrastatu du udalaren aldetik arazoari ematen ari zaion erantzuna eta jarraian, urtarrileko Hirigintza batzordean, gaia mahai gainean jarri du. Hasiera batean udalak bizilagunei egindako proposamenak, bizilagunen aldetik inbertsio handi baten beharra zekarren eta egungo egoera ekonomikoa kontutan izanik, bizilagunei ezinezkoa zitzaien horrelako inbertsio bati ekitea eta ezin izan zuten akordio batetara iritsi. Bizilagun hauen etxeen kokapenaren ezaugarriengatik, sotoetatik distantzia gutxira euste-horma bat dute hain zuzen ere, larrialdi egoera batean suhiltzaileen ibilgailu edota anbulantzien sarrera ezinezkoa da. EAJ-PNVren aburuz, beharrezkoa zen hasiera batetik lanei ikuspegi orokorrago batetik ekitea, auzo garaietarako irisgarritasuna hobetzeaz gain behealdeko ingurua ere hobetu ahal izateko eta euste-hormaren arazoari erantzuna emanez irtenbide osoago bat lortzeko. Bizilagunek aspalditik eskatzen zuten euste-horma horri irtenbide bat bilatzea eta ez dute begi onez ikusten udalak ematen dien erantzuna, horma baino gorago bide bat eraiki baita, egun obrako kamioiek igogailuaren eraikuntzan erabiltzen dutena. Bide honetatik sotoetara eskailerak eta pasabideak proposatu ditu udalak eta honi ez diote nahikoa irizten bizilagunek, kontutan izanda, gainera, horma bera ez atzeratzeaz gain bide berria egungo horma baino gorago geratzen dela.

Bizilagun hauekin hitz egin ondoren, EAJ-PNVk uste du oraindik ere badagoela proposamena hobetzeko aukera, bideari paralelo, soto desberdinen altueratara hobeto egokituko litzatekeen  arrapala baten bidez eskailerak, ahal den neurrian, gutxituz. “Hirigintza batzordera bizilagunen ezinegona eraman nahi izan dugu eta bertan ahalik eta irtenbiderik egokiena bilatu asmoz, eraiki den bideari paralelo arrapala bat egitea aztertzea proposatu dugu. Ez da aukerarik onena gure iritziz, baina igogailuen lanak dauden puntuan irtenbide bat izan daiteke, bi aldeen arteko adostasun bat lortzeko” adierazi du Garbiñe Oyarbide, EAJ-PNV taldeak Hirigintza batzordean duen zinegotziak. “Gure betebeharra da Errenteriako biztanleen arazoei irtenbideak bilatzea, horregatik egin dugu batzordean ekarpen eraikitzaile hau, eta lanean jarraituko dugu bizilagunen arazoei ahalik eta erantzun egokiena emateko, hauen zerbitzura baikaude” amaitu du zinegotzi jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...