Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eibarko aurrekontuaren tramitazioa gaizki hasi da, planifikazio faltagatik
EAJk PSOEren jarrera “harroputza” salatu du, “gainontzekooi epeak ezarri eta bere buruari bat bera ere ez jartzeagatik”
Eibarko EAJ-PNV udal taldeak udal gobernuaren “harropuzkeria” salatu du, aurrekontua tramitatzeko “lan-plangintzan” zuzenketak aurkezteko epea ezarri duelako, aurretiaz zirriborroa aurkezteko eperik jarri gabe.
“Aurrekontuaren zirriborroa bi hilabeteko atzerapenarekin dakarte, eta gainera, lan-plangitza delako batekin, oposizioari betetzeko epeak ezarriz. Epe horiek betetzea zaila da udal gobernuaren beraren atzerapenen ondorioz”. Horrela azaldu du Josu Mendicutek, Eibarko EAJren bozeramaileak, eta gobernu sozialistaren “harropuzkeria” salatu du oposizioari epeak ezartzeagaitik, “udal gobernua bera izanik epeak betetzeko trabak jartzen diharduena”. Zinegotzi jeltzaleak gaineratu duenez, “udal gobernuaren zeregina da aurrekontu-proposamena aurkeztea. Kontua ez da dokumentua hartu eta mahai gainean uztea, baizik eta hori aurkeztu eta azaltzea udal taldeok aztertu eta horren arabera posizioa finkatu ahal izateko. Zirriborroa aurkeztuta, zuzen eginda dagoen aztertuko dugu, baina ez dakigu zein proiektu egin nahi dituzten 2016an eta horrela ezinezkoa da edukiaren balorazioa modu egokian egitea. Ez da onargarria zuzenketak aurkezteko epea ezartzea, zirriborroa noiz aurkeztuko duten jakin gabe”, ohartarazi du.
Jeltzale eibartarrek “onartezintzat” jo dute zuzenketak aurkezteko epea ezartzea, zirriborroa aurkezteko eperik zehaztu gabe. “Hori guztia, sozialistek zirriborroa aurkezteko bi hilabeteko atzerapena daramatenean. Adar-jotzea dirudi”, deitoratu dute, eta gaineratu dutenez “jokabide horrek PSOEk Udala kudeatzeko duen planifikazio falta itogarria erakusten du. Arrapataka ibiltzea sozialisten DNAn dago”, esan dute.
Abertzale eibartarren esanetan, norberak nahi ez duena ez zaio urkoari egin behar, eta maxima horri uko egin dio PSOEk. Jeltzaleek ez dute “enpatia falta” ondo hartu, eta zalantzan jarri dute zein izango litzatekeen PSOEren jarrera bere egoeran egongo balitz. “EAJ-PNV gobernatzen balego eta berdin jokatuko balu, PSOEk Udala hankaz gora jarriko luke”. Hori dela eta, EAJk “zorroztasuna eta planifikazioa” eskatu ditu, eta baita “enpatia eta zentzua” ere.
Akordiorako borondatea
Hala ere, EAJk baieztatu du berretsi egiten duela akordioetara iristeko borondatea, baina baldintza jarri du “PSOEk bere jokamoldea aldatzea”, ez baitute uste bidezkoa denik zuzenketak aurkezteko eperik ezartzea, zirriborroaren aurkezpenerako epemugarik jarri gabe. Izan ere, “ez da batere onargarria iaz Obra sailak egindakoa: zirriborroa zuzenketak aurkeztu ondoren azaldu zuten”. Hori dela eta, jeltzaleek idatziz eskatu dute epea egokitzea. Zentzu horretan, Mendicutek aitortu du “akatsa zuzentzen baldin badute eta udal gobernuak bere lana egiten baldin badu, keinu bat izan daitekeela”, baina akordio bat erdietsi aurretik “2016ko akordioaren betetze-mailaren inguruko balorazioa egin beharko dugula”.
2016ko martxoan EAJ-PNVren eta PSOEren udal taldeek aurrekontu-akordioa lortu zuten. Horren ondorioz, Udalak 750.000 euro inbertituko zituen ekonomia berraktibatzeko, eta beste 500.000 euro hirian hainbat hobekuntza egin eta babes soziala indartzeko. EAJk leial jokatu du eta urte osoan zehar ez du akordioaren gauzatzeari buruzko balorazio kritikorik egin, baina “2017rako akordioetaz hitz egin aurretik, mahai gainean jarri beharko dugu zer gertatu den 2016an adostutakoarekin”. Edozein kasutan, aurreratu dutenez, bere borondatea “eraikitzailea da eta lan egingo dugu jatorrizko proposamena zuzendu eta hobetzeko, batez ere Udal jarduna onbideratzeko, ekonomia hazte eta kalitatezko enplegua sortze aldera, EAJk iaz ekindako bidea jarraituta eta Plan Estrategikoa oinarri hartuta”. Izan ere, EAJk berretsi egiten du plan horrekiko duen konpromisoa.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


