Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/12/23

Eraikinak birgaitu eta kontserbatzeko laguntza orokorren programaren balantzea egin du Iridoyk

Hirigintza eta Etxebizitza arlotik, Xabier Iridoy jeltzaleak ostiral honetan ezagutzera eman du eraikinak birgaitu eta kontserbatzeko laguntza orokorren programaren inguruan eginiko balantzea
Xabier Iridoy

Joan den ekainean onartu ziren diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak, 160.000 euroko aurrekontuarekin, etxebizitzetan eta komertzioetan irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko.

"Eskatutako laguntzek gainditu egin dute 2016 urteko deialdirako eginak geneuzkan aurreikuspenak. Aurreikusitako laguntzak, udal aurrekontuan 160.000 euro bideratu zirelarik, aurten ez dira nahikoak izan, eskarien zenbatekoa guztira 215.000 eurokoa izan delako" adierazi du Iridoyk. Aurreikuspena egin zen aurreko urteetan izandako eskaeraren arabera, izan ere inoiz ez zen iritsi prestatutako kredituaren zenbatekoa osatzera.

Laguntza horiek, arkitektura-oztopoak kentzeko edo beren eraikinetan, etxebizitzetan edo lokaletan energia-eraginkortasuneko neurriren bat sartzeko jarduketaren bat egin nahi duten partikular, jabe-komunitate eta komertzio guztiei laguntzeko bideratuta daude.

Aurten, etxebizitzetan arkitektura-oztopoak kentzeko eskatutako diru-laguntzak 72.000 eurokoak izan dira, etxebizitzetan energia-eraginkortasuna hobetzeko 134.000 euro eta komertzioetan 9.000 euro. Guztira 275 eskaera jaso dira.

Gogoratzen dugu aurtengo deialdian, arkitektura-oztopoak kentzeko etxebizitzen eraikinetan diruz lagungarri ziren jardueren artean ondorengoak zeudela: adibidez, etxebizitzetan lehen igogailua jartzea, gailu jasotzaile bereziak (plataforma bertikalak, eskailerak igotzeko plataformak, eskailerak igotzeko aulkiak), arrapalak eta bide publikotik atarira zein ataritik igogailura sartzeko dagoen desnibela gainditzeko erabil daitezkeenak, lehendik zeuden igogailuak erabili ahal izateko atarietan obrak egitea, etab. Bestalde, Xabier Iridoyk zera adierazi nahi izan du: "pertsona desgaituentzat, mugikortasun gutxitua dutenentzat eta/edo 70 urtetik gorako pertsonentzat etxebizitzen barnealdea egokitzeko obrak ere sartu ahal izan dira deialdi horretan: bainuontziaren ordez dutxa jartzea, pasatzeko ateak jartzea, argi zein gas sentsoreak jartzea eta abar."

Etxebizitzetan energia-eraginkortasunaren alorrean, diruz lagun daitezkeen jarduketak dira etxebizitzen kanpoaldeko arotzeria akristalatua berritzea (leihoak edo ate-leihoak) eta etxebizitzetan galdara berriak jartzea (ACS eta/edo berokuntza). Komertzioetan energia-eraginkortasuna hobetzeko alorrean, diruz lagundu daitezkeenak dira merkataritza-establezimenduetan instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko obrak egitea (berokuntza, hozte-sistema, ACS) eta barrualdeko argiak berritzea.

"Sortutako egoera ikusita, eta aurreikusitako demanda gainditu egin denez, prestatuta zeuden 160.000 euro eta eskatutako 215.000 euro arteko diferentzia 2017ko aurrekontuarekin ordainduko dira. Beraz, exijitutako baldintzak bete dituzten eskaera guztiak onartuko dira eta dagokien laguntza jasoko dute" erantsi du ordezkariak.

Azkenik, adierazi, "aurreikusitako espektatibak gainditu diren arren, Ordezkaritza honek egiten duen balorazioa positiboa da, izan ere horrek esan nahi du laguntzen programa hau partikular, jabe-komunitate eta komertzioentzat lagungarri dela."

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...