Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/11/03

Kabiako arreta eta kudeaketa eredua erreferente bihurtuko dela Gipuzkoan adierazi du Maite Peñak

Lurraldeko 16 udal egoitzak kudeatuko dituen Foru erakundeak 1.505 plaza eta 1.248 langile hartuko ditu bere baitan
Maite Peña

Foru Aldundiak gaur goizean Batzar Nagusietan aurkeztu ditu Gipuzkoako udal egoitzak Kabian pixkanaka sartzeko prestatu duten egutegia eta kudeaketa eredua. Horrela, dagoeneko Kabian integratuta dauden Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako zentroei, beste 12 erantsiko zaizkie: Andoain, Arrasate, Bergara, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Oñati, Ordizia, Pasaia eta Tolosako zentroak erantsiko zaizkie. Ondorioz, 224 plaza kudeatzetik 1.505 kudeatzera pasako da 2019. urtean (1.336 egoitza plaza, gehi 169 plaza eguneko zentroetan). Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak aurkezpenean nabarmendu du Kabiako arreta eta kudeaketa eredua “erreferente" bihurtuko dela Gipuzkoan adinekoen egoitza alorrean, eta ”jasangarria eta kalitatezkoa" izango dela, “emaitzetara” bideratutako kudeaketarekin. Peñak erantsi du Kabiako bide orria “denon artean” definitu dela, Aldundiaren, udalen eta egoitzen arteko “adostasuna eta akordioa” lortzeko asmoarekin, eta, gainera, Kabian integratuko diren egoitzetako “ezagutza” aprobetxatu nahi dela.

Ildo horretan, diputatuak zehaztu duenez, Kabiaren helburua da “zaintza eta arreta” ematea bere ardurapeko egoitzetan eta eguneko zentroetan mendetasun egoeran dauden adineko pertsonei. “Kalitatezko zaintza, eta arreta integrala eta pertsonalizatua eskainiko dira, erabiltzaileen beharrei erantzuteko eta beren eskubideak bermatzeko; halaber, kualifikatuta, motibatuta, inplikatuta eta zerbitzuaren etengabeko hobekuntzan parte hartzen duen talde profesionala izango dugu, erabiltzaileen eta horien familien harreman eta parte-hartzea bermatuz eta sustatuz", azaldu du diputatuak, eta nabarmendu Kabiaren plan honen bitartez ere “aurre egingo” diotela herritarren zahartzearen “erronkari”, egoitza zentroetan eta eguneko zentroetan 300 plaza berrien osagarri, “gure adinekoak gehiago eta hobeto zaindu ditzagun”.

Halaber, Peñak adierazi du Kabiaren bitartez egoitzetan eta eguneko zentroetan eredu “bateratua” erabiliko dela arreta emateko, eta egungo plaza kopurua “mantenduko” dela,  kasu hauetan izan ezik: Lasarte-Orian plaza gehiago jarriko dira, eta Irun eta Pasaian zentro berriak irekiko dira (“proiektuak zehazteko bidean ari gara eta”).

Pixkanaka integratzea

Adostutako ereduari jarraituz, udal egoitzak pixkanaka integratuko dira Kabian, bakoitzak integratzeko izango duen zailtasun teknikoaren mailaren arabera (baxua, ertaina edo altua), eta kontuan hartuta Irun eta Pasaian egoitza berriak irekitzeko proiektuak daudela.  Horrela, 2017. urtean, Andoain, Bergara, Ordizia eta Lasarte-Oriako zentroak integratuko lirateke: 2018. urtean, Oñati, Errenteria, Tolosa eta Arrasate; eta 2019an, Pasaia, Irun, Eibar eta Hernani.

Finantzaketari dagokionez, plan ekonomiko bat dago prestatuta, Kabiak 2017-2019 denboraldian izango duen eragin ekonomikoa aurreikusten duena, guztira 115.742.691 eurokoa, era honetan banakatuta: 2017 (21.082.221 €), 2018 (39.233.180 €) eta 2019 (55.427.290 €). Hala ere, Arantza Lekuona Kabiako gerenteak azpimarratu duenez, egoitzen integrazioa “pixkanaka” egingo da eta, beraz, egoitza bakoitzean “landu eta adostu” beharko da prozesu hori. Horren harira adierazi du "ezinbestekoa" izango dela Kabiak bere zerbitzu nagusiak antolatzea, egoitzetako langileen bitartez eta/edo hautapen prozesuen ondorioz hautatutako langileen bitartez.

Udal egoitza guztiak 2019. urtean Kabian txertatu ondoren, guztira 1.248 langile izango ditu (299 plantilla propioan eta 949 zerbitzu enpresetakoak). Gai horri dagokionez, Lekuonak adierazi du Kabian sartuko diren langileek “egungo lan baldintzak izango dituztela”.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...