Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/09/06

EAJ motorra da euskal autogobernua babesteko, hobetzeko eta horretan aurrera egiteko

“Defendatu, aurrera egin eta aldatu euskal autogobernua hobetzeko”, horixe da EAJren helburua proposatzen duen estatus juridiko-politiko berriarekin. “Autogobernu-estatus berria, Euskal Herriaren aitortzan oinarritua subjektu juridiko eta politiko gisa, bere etorkizunari buruz erabakitzeko, kontsultatua izateko eta bere demokratikoki adierazitako bere borondatea errespetatua izateko eskubideaz eta gaitasunaz”, azaldu du Joseba Egibarrek.
EAJ motorra da euskal autogobernua babesteko, hobetzeko eta horretan aurrera egiteko

“Estrategia zentralistek euskal autogobernua odolustea bilatu dute eta bilatzen dute”, ohartarazi du, eta baita ondorengoa salatu ere: “gure etorkizuna baldintzatu nahi dute Espainia zentralista batera, politikoki blokeatutakoa, bidean galdutakoa, Europar Batasunak tutelatutakoa eta esku-hartutakoa”.

Puntu horretan, nabarmendu du “hamarkadaz hamarkada EAJ bakarrik aritu da euskal autogobernua defendatzen; euskal autogobernua defendatzeko, hobetzeko eta horretan aurrera egiteko motorra izan da eta da”. PSOEri LOAPAren ardura egotzi dio eta PPri, “bere grina birzentralizatzaileaz, Gernikako Autonomia Estatutua bezalako lege organiko bat ez errespetatu, ez bete izanaren” ardura. “Autogobernu-alorrean emandako aurrerapauso guztiak espainiar bi alderdi nagusien -PPren eta PSOEren- behar-egoeretan eman dira”, adierazi du, “eta horrela ahuldu eta desitxuratu egin dute 1979ko akordio politikoaren printzipioa eta zentzua”.

Eredu horrekin bat datoz espainiar indar politiko berriak, Egibarrek esan duenez. Izan ere, “Ciudadanosek inboluzio autonomikoa nahi du, eta Podemosek ez du ezkutatzen bere izaera zentralista, gai zehatzetan posizioak finkatzeari uko egiten dionean, adibidez, Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoari dagokionez”.

Zerrendaburu jeltzalea ziur agertu da “autogobernu mutilatu batekin honarte iritsi baldin bagara eta daukaguna bezalako herria eraiki baldin badugu politikoki eta sozialki, zalantzarik ez dago erabateko autogobernu-estatusetik are hobeto erantzungo diegula eragiten dizkiguten arazoei eta politika publikoen kudeaketari”, adierazi du.

Halaber, azpimarratu du aldebikotasunak “halabeharrez eskatzen duela bi aldeen aitortza subjektu politiko gisa, hitzarmenera iristeko gaitasunarekin”. “Halabeharrez dakar berdinen arteko harremana, eta ez menpekotasunekoa”, erantsi du.

EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak, Joseba Egibarrek, gogoeta horiek egin ditu alderdikide gipuzkoarrekin gaur izandako topaketa batean. Bertan, jeltzaleen programaren nondik norakoak azaldu ditu: “definitutako proiektu politikoa, helburu zehatzak, ibilbide bideragarriak eta prozedimendu eta printzipio demokratikoak”. “Proiektu bat euskal herritar guztien defentsan, denboran zehar mantentzen ditugun konpromisoekin”, nabarmendu du, “ordezkatzen dugun herriarengan sinesten dugulako eta osatzen duten gizon-emakumeekin ilusioa eta ahaleginak partekatu nahi ditugulako”. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...