Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Harro gaude Euskadiz, baina oraindik ez gaude konforme
"Enplegu gehiago eta hobeak lortzea eta %10etik beherako langabezia tasara iristea da gure erronka” adierazi du Urkulluk. Lehendakariak urte politikoari eman dio hasiera Zarautzen. Ortuzarrek argi eta sendo esan du abuztuaren 26an Rajoyri ‘Ezetza‘ emango dion EAJk ‘Ezetza‘ emango diola irailaren 26an.
“Harro gaude elkarrekin eraikitzen ari garen Herriaz. Harro gaude Euskadiz, harro gaude euskal gizarteaz. Baina, arazoak eta beharrak ditugu, jakin badakigu zein diren eta ezin gara konforme geratu krisialdian galdutako enplegu guztiak berreskuratzen ez ditugun bitartean. Aurrera egiten segitu behar dugu. Bide luzea daukagu egiteko, baina gaur jakin badakigu gizarte honen erronka handia lortzerik badugula: langabezia % 10etik behera jartzea. Hori lortzeko moduan gaude eta, elkarrekin lan eginez, lortu egingo dugu. Euskadi ezagutzen duenak, Euzko Alderdi Jeltzaleak ezagutzen duenak, jakin badaki ezin garela konforme egon. Ez gara konformatuko, aurrera egiten segituko dugu, hazten, enplegu gehiago eta hobeak sortzen”. Horixe izan da Iñigo Urkulluk Lehendakari eta EAJ-PNVren hautagaiak, kurtso politikoari hasiera emateko orduan, EAJ-PNVk gaur Zarauzko malekoian egin duen ekitaldian batu diren 500 pertsonei helarazi nahi izan dien mezu nagusia. Mitin berean hitz egin dute Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak; Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarraren presidenteak; eta Jokin Landak , Zarauzko Uri Buru Batzarraren presidenteak. Bestalde, bertaratuen artean izan dira Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Donostiako alkate Eneko Goia eta Zarauzko alkate Xabier Txurruka; eta EAJ-PNVren beste hainbat herri kargudun eta barne kargudun. Lehenago,eguerdi aldean, Getarian, Euzkadi Buru Batzarrak, urte politiko honen lehen bilera egin du.
Hitzaldiari hasiera emateko orduan, Urkulluk “ilusioz beteta” aurkeztu du bere burua Euskadiko hauteskundeetarako hilabete bat falta dela. Bere esanetan, ilusio hori Eusko Jaurlaritzaren azken lau urteotan “lortu ditugun emaitzetan” oinarritzen da, eta horren adibide batzuk eman ditu. “ Euskadin defizit eta zor helburuak betetzen dira, hiru eurotik bi gastu sozialera bideratzen ditugu; Hezkuntza eta Osasunerako baliabide gehien jartzen dituen erkideetako bat gara; ekonomia produktiboa babesten dugu eta honek irtenbide praktikoak eskaintzen dizkie ontzigintzari, automozio sektoreari, aeronautikari, linea zuriari, makina erremintaren sektoreari eta orain ate berria zabalduko dio siderurgiari; Bake eta Bizikidetzaren 18 ekimen bete dira eta Gogora Institutua sortu da; eta akordioetara iritsi gara denekin: zergen erreformarako eta iruzurraren kontrako borrokarako akordioa; suspertze ekonomikorako eta enplegurako akordioa, aurrekontuei buruzko akordioak, akordioa Nafarroarekin, akordioa EUDEL erakundearekin eta Udal Legearen inguruan, akordioa hiruko elkarrizketa sozialean. Lantaldean aritu izan gara eta emaitzak hor daude” azaldu du Urkulluk. Lehendakariak , era berean, EAJ-PNVk azken lau urteotan Eusko Jaurlaritzan egin duen lanaz oso ondo hitz egiten duten adierazle batzuk aipatu ditu. “Euskadi munduko zortzigarren Herrialdea da giza garapena neurtzen duen adierazleari dagokionez: hezkuntza, osasuna eta bizitza kalitatea; gure txirotasun arriskua Europako bataz bestekoaren zazpi puntu beherago dago; Euskadik esportazioen errekor historikoa gainditu du azken hiru urteotan; gure ekonomia jarraian hazi da azken 10 hiruhilekoetan; enplegua sortu dugu 2013ko martxotik hona; berrikuntzan egiten dugun inbertsioa Europako bataz bestekoaren gainetik dago; gure eskola porrota Europako bataz bestekoaren azpitik dago azken hiru urtetik hona; gure per capita gastu soziala Europako herrialde aurreratuenen mailan dago eta Estatukoa baino % 35 altuagoa da; 2015ean lehen aldiz hiru milioi bisitarien kopurua gainditu genuen eta urte honetan ere lortuko dugu…”. Horregatik guztiagatik, Urkulluk zera baieztatu du “harro gaude elkarrekin eraikitzen ari garen herriaz” baina era berean aitortu duenez “arazoak eta beharrak ditugu eta ezagutzen ditugu” eta hurrengo legealdirako erronka aipatu du “enplegu gehiago eta hobeak eta %10etik beherako langabezia”.
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, diskurtsoaren zati handia dedikatu du Espainiako egoera politiko ezin okerrari buruz hitz egitera. Gainbehera honek, zoritxarrez, euskal gizartea ere kaltetzen du. Eta batzuek, lotsagabeki eta inolako oinarririk gabe, EAJ-PNVri egotzi nahi diote zentzugabekeria honen errua. “Guk halakorik bilatu ez arren eta nahi ez arren, bakoitzak dagozkion erantzukizunei uko egiten dien dinamikan sartzen jarraitzen gaituzte eta guri ez dagozkigun erabakiak egotzi nahi dizkigute. Argi eta garbi esango dut, itzulinguruka aritu gabe, ea EAJk egiten duena edo egingo duena asmatzen dabiltzan buru bero horiek zorakeria asmatzaile horretatik irteten diren. Gaur, abuztuaren 26an, EAJk ‘Ez eta Ez’ esan nahi dio Rajoyren inbestidurari. Eta, irailaren 26an ere, EAJk ‘Ez eta Ez’ esango die Rajoyri eta Alderdi Popularrari. Ez gaur ezta irailaren 26an ere, EAJk ez ditu Rajoy edo PP babestuko Espainia Ciudadanosekin batera goberna dezaten. Argi dago? Gai honetan ere ‘ez, ezetz da’”, esan du Ortuzarrek Euskadiko Hauteskundeak amaitutakoan EAJ PPrekin hitzartzeko prest egongo dela esan dutenei erantzuteko. Jeltzaleen buruak hipotesi hori sendotasun osoz eta argudio argiekin baztertu du. “Uste al dute horiek egun batetik bestera PPren azken lau urteak ahaztuko ditugula? Zapaltze urteak, birzentralizazio eta errekurtsoen urteak ahaztuko ditugula?. Bazterrean utzi gaituzte, eraso egin digute, beraien menpeko jarri nahi izan gaituzte. Orain esaten dute Euskadiko Hauteskundeetako emaitzen arabera, gure botoa aldatuko dugula eta Rajoyri babesa emango diogula. Lehenengo eta behin: Espainian, PPrekin eta Ciudadanosekin ez dugu jaraunspena jasotzera ere joan nahi. Eta bigarrenik: Euskadin, PPk ez du indarrik izango. Orain arte bezala. Zergatik? Ez EAJk halakorik esaten duelako, hiritargoak dagokien lekua emango dielako, beraiei dagokiena”.
Minutu batzuk lehenago, Urkulluk Espainiako politikaren egoerari buruz hitz egin du. “Agintea PPren gehiengo absolutuaren eskuetan egon den legealdi hau kaltegarria izan da Euskal Autogobernuarentzat, eta ez da kasualitate bat izan. Gure Autogobernuaren ahalmen politikoa ahultzea bilatzen duen estrategia baten fruitua izan da. Orain, PP eta Ciudadanos elkartzera doaz eta okerrena espero dugu. Ciudadanosek auzitan jarri du Ekonomia Ituna, uko egiten dio alderdi abertzaleekin hitz egiteari; LOMCE legeari, lan erreformari eta kopagoari eutsi nahi die, kontratu bakarra inposatu nahi du, hauteskunde legea aldarazi nahi du eta indarra kendu nahi die talde abertzaleei eta, gainera, PPri proposatu dio Estatua Autonomien kontra blindatzea… Hori guztia da PP-Ciudadanos akordioa: iraganera bueltatzea, zentralismorako jauzia.Hori da PP-Ciudadanos akordioa. Galdera hurrengoa da: Nola norbaitek, ekintza edo omisioz, saiakerak egin ditzake Euzko Alderdi Jeltzalea honen alde egin dezan?. Ezinezkoa da. Hilabete barru erantzun sendoa emateko aukera izango dugu. Euskadiren interesen defentsaren aldeko deia egin nahi dugu Euskal autogobernua deuseztatu nahi dutenen aurrean. Euskal agendaren aldeko defentsa egiteko deia egin nahi dugu: Autogobernu maila handiagoa, ongizate sendoagoa, bizikidetza maila handiagoa eta etorkizun politiko berria” esan du Lehendakariak.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


