Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/08/21

Urkulluk esan du euskaldunak erne egon behar direla PP-Ciudadanos alderdien itunaren aurrean, “mehatxua” baita gure autogobernurako

Egungo Lehendakaria, eta EAJk berriz ere kargurako aurkeztu duen hautagaia, pozik agertu da euskal jaien normaltasuna dela eta; gainera, eraso sexisten kontrako aldarria egin du berriz ere
Urkulluk esan du euskaldunak erne egon behar direla PP-Ciudadanos alderdien itunaren aurrean, “mehatxua” baita gure autogobernurako

Egungo Lehendakari eta EAJren lehendakarigai Iñigo Urkulluk euskal herritarrei ohartarazi die “euskal autogobernuarentzat mehatxua” dela Alderdi Popularra eta Ciudadanos Madrilen prestatzen ari diren ituna. Urkulluk Donostiako hipodromoan (Lasarte-Oria) egin ditu adierazpen hauek, zaldi-lasterketak ikusi baino lehen.

Lehen hitzak politikatik urrun ibili dira. “Gaurkoan, Donostiako Aste Nagusiko azken egunean, lehenbizi Euskadin giro onean bizi garela aipatu nahi dut, Euskadi positiboa ikusten dela Donostiako zein beste herri eta hiri askotako jaietan. Herrietako jaietan Euskadi positiboa islatzen da, gurera ondo pasatzera etorri nahi duten guztientzat besoak zabalik dauzkan gizartea. Eta giro positibo honetan ezinbestekoa da, halaber, eraso sexisten aurrean erne egotea, batetik, eta halako eraso guztiak zorrotz eta irmoki salatzea, bestetik”.

Lehendakarigai jeltzaleak esan du egoera positibo hau “gure lurraldeko akordiozaletasunaren eta egonkortasunaren ondorioa” dela. “Gure lurraldeak ondo egin dio aurre krisiari, lankidetza oinarritzat hartuta, denok elkar hartuta lan egitea ezinbestekoa baita krisialdi hau, gurean ere gogor jasan duguna, gainditzeko. Izan ere, industriaren, zerbitzu aurreratuenen eta turismoaren adierazleak positiboak dira, eta horrek argi erakusten du ederto asmatu dugula krisiari lankidetzaren elkarlanaren bitartez aurre egiten”.

Hala ere, Urkulluk euskaldunei ohartarazi die Euskadi krisitik aldentzen ari direla dioten adierazle positiboetako asko arriskuan daudela, gure inguruan inondik ere ez baita ikusten inolako gogorik ez lankidetzarako ez elkarlanerako. “Akordioetara iritsi nahia, denok batera aurrera arraun egiten saiatzeko gogoa, horixe da ingurukoetatik bereizten gaituena. Espainiako Estatuan ez dago akordiorik ez elkarrizketarik. Horregatik, geure autogobernuaren alde egin behar dugu. Euskal herritarrei esan nahi diet gogoan hartu behar dutela nondik datorren gure autogobernua, nola sortu diren Euskadiko erakundeak, zeintzuk diren gure autogobernuaren sustraiak eta berezitasunak. Geure autogobernua lantzen jarraitu nahi dugu herritar guztien ongizatea bermatzeko. Horregatik, erne ibili behar dugu, EAEren autogobernua mehatxatuta gerta liteke eta Alderdi Popularraren eta Ciudadanos-en arteko balizko itunaren ondorioz. Estatua eraberritzeaz hitz egiten dute, hezkuntza, esate baterako, baina ez dituzte ezbaian jartzen joan den legealdian onetsitako legeak. Estatua eraberritzeaz ari dira, baina benetan berriz eratu behar da eta estatu plurinazionala sortu. Estatu plurinazionalerako konpromisora itzuli behar gara. Ostera, praktikan Ciudadanos-en politika daukagu, hau da, Ekonomia Itunaren kontrako aldarriak eta inolako borondaterik ez alderdi nazionalistekin berba egiteko. Bestetik PP daukagu, gehiengo osoa eduki duen lau urte hauetan buru-belarri eta gogotsu birzentralizazioan jardun duen alderdia. Horrenbestez, euskaldunei eskatzen diet egon daitezela erne PP eta Ciudadanos-en arteko itunaren aurrean, iraganeko eskarmentua eta batzuk zein besteak euskal autogobernuaz esaten dutena kontuan hartuta, badakigu eta nolako mehatxua etor daitekeen hortik”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...