Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/07/08

Oñatiko EAJ-PNVk aurten udal-taldeak jarrera propositiboa agertu eta elkarlanerako prest egon dela nabarmendu du

Zailtasunak zailtasun, jeltzaleek ondo baloratu dute aurten oposizioan egindako lana. EAJ-PNVren udal-taldearen jardunari esker jarri dira martxan, besteak beste, ur-txorrotaden proiektua, Herribus eta Landabus egitasmoak, gazte-lokalak egokitzeko laguntzak eta gaztetxoentzako irakurketa-taldea
Oñatiko EAJ-PNVk aurten udal-taldeak jarrera propositiboa agertu eta elkarlanerako prest egon dela nabarmendu du

Ekainean bete da legealdiko lehenengo urtea. Horren harira, Oñatiko EAJ-PNVren udal-taldeak ondo baloratu du aurten egindako lana eta azpimarratu du jarrera eraikitzailea eta elkarlanerako borondatea agertu dutela. Udal-taldeak proposamenak aurkeztu ditu, elkarlanerako prest agertu da eta neurria jarri dio EH Bilduren jardunari.

Hautesleekin eta herritarrekin, oro har, duten konpromisoa betetzeko, EAJ-PNVren taldeak programan jasota dauden herritarren iradokizunak eta proposamenak aurkeztu ditu udalean. Proposamen horiek herritarrekin gauzatutako parte-hartze prozesuaren ondorio izan dira eta, horiei esker, jeltzaleek zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan dituzte oñatiarren beharrak eta kezkak. Horiek horrela, jeltzaleen jarrera eraikitzailea eta lana lagun, proposamen horietako asko (24) 2016ko aurrekontuetan onartuak izan dira.

Horien artean, azpimarragarrienak dira: San Martin parkea egokitzea running zirkuitoa eta eta haur-jolastokia egiteko, txirrindulariak entrenatzeko indoor sala bat egokitzea eta igerilekua handitzea; gazte-lokalak egokitzeko diru-laguntza partida bat lortzea; erdigunearen eta auzoen arteko mugikortasuna hobetzeko Herribus eta Landabus zerbitzuak (Auzo-taxia) ezartzea eta haurren aisialdirako ur-txorrotaden proiektua gauzatzea. Honetaz gain, kontratazio publikoetan klausula sozialak txertatzea lortu dute jeltzaleek, gizartetik at geratzeko arriskuan daudenen alde. Era berean, Oñatiko emakume aitzindarien biografia garatzeko beka sortzea, euskarri digitalez baliatuta 13 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat irakurketa-taldea antolatzea, Oñati Herri Hezitzailea izan dadin ekintza-plana lantzea(elkarbizitza eta ekintzailetza lantzeko foroak), landa-auzoetan teknologia berriak (IKT) sustatzea eta Oñatiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko ibilbide turistikoak diseinatzea ere lortu dute jeltzaleek.   

Ildo horretatik, dagoeneko proiektu batzuk gauzatu direla argitu dute jeltzaleek eta  beste hainbat egitasmo epe laburrean martxan jarriko direla aurreikusi dute; izan ere, 2016ko aurrekontuetan onartu baitira. Honako hau ere gehitu dute: “espero dugu gobernuak aintzat hartu eta abian jartzea abenduan onartu ez zituen ekimenak”. EAJ-PNVren udal-taldeak ekimen asko aurkeztu zituen abenduan, arlo ezberdinetan: kiroletan, gazterian, hirigintzan, gizarte-zerbitzuetan, berdintasunean, kulturan, hezkuntzan, sozioekonomian… Nolanahi ere, jeltzaleen lana ez da mugatu programako proposamenak aurkeztera. Udal-gobernuarekin elkarlanean ere aritu da. EAJ-PNVren hitzetan, “batzordeetan egin dugun lanarekin ekarpenak egin dizkiogu udal-gobernuaren jardunari. Alde batetik, gugana jo duten oñatiarren kexak edo iradokizunak helarazi dizkiogu eta bestetik, gobernu-taldearen proposamenak aztertu ditugu; hala, Oñatiren aldeko zenbait alternatiba eta iradokizun aurkeztu eta hainbat hobekuntza proposatu dira, oñatiar guztien interesak lehenetsita noski. Horren adibide dira, esate baterako, babespeko etxebizitzen ordenantza, lokal publikoetan Edukieraren Auto Babes Plan eta  aparkalekuen ordenantza”, esan dute jeltzaleek.

Orobat, “oposizioan gaudenez, EH Bildu udal-gobernuaren jarduna arduraz eta zorroztasunez jarraitu behar dugu, honi neurria jarriz, bai alor ekonomikoan, bai araudiaren ingurukoan ere. Horregatik, gure eginkizuna da herritarrei jakinaraztea 2016ko aurrekontuek ez dutela bete finantza-egonkortasunaren eta iraunkortasunaren inguruko araudia (beharrezkoa da aurrekontuak orekari eusteko)”, azaldu dute. 

Gainera, EAJ-PNVren udal-taldea ez dago EH Bilduk diseinatu duen TAO sistemaren alde. Batetik, proiektua ez da ondo aztertu eta landu; bestetik, ordubetera mugatzen du aparkatzeko denbora (ordu-muga 2 edo 3 ordukoa da inguruko herrietan). Jeltzaleek erantsi dute “neurri horiekin, zailagoa da herrigunean sartzea eta honek kalte egiten die bizilagunei zein tokiko merkatariei (adibidez, San Migel Kooperatibari)”.

Azkenik, Oñatiko EAJ-PNVk adierazi du herritarren proposamenak batzen jarraituko duela, 2017ko aurrekontuetan aurkezteko asmoarekin; horien artean, kanpoko igerilekua eraikitzeko zein aukera egon daitezkeen ezagutzeko azterketa egitea eta herritarren parte-hartzea bideratzeko ordenantza atontzea nabarmendu dituzte jeltzaleek. Udal taldeak, orain arte bezala lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa dute, proposamenak aurkezten, elkarlanerako borondatea agertzen eta EH Bilduren jardunari neurria jartzen. “Oñatiarrentzat lan egitea da gure eginkizuna eta hemen gaude herritarren proposamenak eta ekimenak babesteko eta bermatzeko”, amaitu dute. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...