Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eibarko EAJ-PNVk onartezintzat jo du 40.000€ baino gehiago bideratzea Eibarren zezenketak ahalbidetzeko
EAJ-PNVren ustez gehiegizko gastua da Eibarko Udalak egin nahi duena, PSOEren aldebakarreko erabakiz eta Kultura Batzordeari bizkarra emanez. Gastua 40.000 euro baino handiagoa da eta erakusten du PSOEren aurreikuspen falta eta gaitasunik ez Zezen Plazako jolasguneko lanak egitean. Ez hori bakarrik: diru publikoaren kudeaketan duen zorroztasun falta ere erakusten du.
Eibarko EAJ-PNV udal taldeak gehiegizko gastutzat jo du Eibarko Udalak zezenketak ahalbidetzeko egin nahi duena: 40.000 euro baino gehiago. Jeltzaleek salatu dute erabakia inprobisazioz hartutakoa dela, eta PSOEk ez duela aintzat hartu oposizioko taldeen iritzia, Eibarko Udalean gehiengo absolutua batzen duten taldeena.
Abertzale eibartarrek azaldu dutenez, “PSOEk Eibarko Udalean izaten diharduen kudeaketa kaxkarraren eta etengabeko bat-batekotasunaren ondorioz, 40.000 euro bideratu nahi ditu Zezen Plaza behin-behineko erabilerarako egokitze aldera”. Izan ere, iragan otsailean kirol-kantxak estreinatu ziren bertan, 84.554 euro erabili ondoren. Lau hilabete geroago, PSOEk lan horren %50aren pareko gastua egiteko asmoa du, Zezen Plaza zaharrean zekorketa bat egin ahal izateko. “Jarri berri dagoena kendu behar dute, are-kamioiak ekarri eta berriro eraman, eta abar. Guztira, 40.000 euro inguruko gastua”, azaldu dute. Era berean, galdetu dute kalkulu horiek ez ote zituzten zezen plazako lanak egin aurretik egin.
“Argi dago egindakoa ez dela EAJk proposatzen zuena”, ziurtatu dute. Izan ere, esandakoaren arabera, jolasgunea jarri eta kentzeko modukoa zen, “eta badirudi orain guztiok ordaindu behar ditugula PSOE arduragabekeriaren ondorioak”. Jeltzaleek proposatu zuten eraldaketa txiki bat egitea, “erraza, bideragarria eta zezenketak egiteko edo etorkizunean proiektu sendoago bat egiteko oztopo izango ez zena”.
“Gutxi gora behera, 40.000€ bideratuko dituzte. Hori guztia, Udaleko gehiengo politikoari bizkarra emanez, parte hartzen utzi gabe, azken orduan, eta onartezina den gastu irrazionala eginez”, salatu dute jeltzaleek. Gastuak honako hauek dira: jolasak kentzea (2.000 euro), area ekarri eta kentzea (15.000), hesia konpontzea (10.000), antolatzen duen enpresariari ordaintzea (6.000). Gainera, bestelako gastu batzuei ere egiten die aurre Udalak, adibidez, Musika Banda. “Astakeria galanta eta justifikaezina da zezenketak horrelako dirutzaz laguntzea”, salatu dute.
Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk uste du zezenketak ahalbidetzeko diru hori bideratzea gehiegikeria dela. Halaber, uste dute erabaki hori PSOEren inprobisazio itogarriaren ondorio dela.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


