Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eibarko Udalak bere jabetzako etxebizitza hutsak aztertuko ditu, Eibarko EAJk eskatuta
Eibarko EAJ-PNV udal taldeak udal aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz, Eibarko Udalak azterketa bat egingo du bere jabetzako etxebizitza hutsen egoera ezagutzeko. Helburua da etxe horiek konpondu eta alokairu sozialean jartzea.
Udal jabetzako etxebizitzen egoera ezagutzea eta horiek berritzea. Hori da Eibarko Udalean adostutakoa, Eibarko EAJ-PNV udal taldearen ekimenez. Helburua da erabili gabe dauden ahal beste etxebizitza jartzea alokairu publikoko merkatuan.
Izan ere, deigarria da Eibar bezalako udalerri batean, non etxebizitza-beharra agerikoa den, Udalak berak etxebizitza hutsak izatea, inongo erabilerarik eman gabe. Josu Mendicute Eibarko EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak adierazi duenez, “etxe horietako batzuek helburu garrantzitsua dute, larrialdi-egoeretarako baitaude; baina gainontzekoak (gehienak) ez dakigu zein egoeratan dauden ere”. Hori dela eta, abertzale eibartarrek zuzenketa bat aurkeztu zioten 2016ko udal aurrekontuari, eta PSOErekin lortutako aurrekontu-hitzarmenean txertatu zuten, 50.000 euro bideratuta.
Ondorioz, Udalak azterketa bat eskatuko du, etxe horien benetako egoera ezagutzeko eta berritze-beharrak zeintzuk diren jakiteko. Azterketa horri esker, datorren urtera begira, Udalak beharrezko baliabide ekonomikoak jarri ahal izango ditu aurrekontuan, etxe horiek berritzeko eta bizigarritasun-baldintza duinak bermatzeko, etxebizitza-beharra duten pertsonei alokatu ahal izateko”, azaldu du ordezkari abertzaleak.
Jeltzaleek espero dute 2017ko aurrekontuek beharrezko dirua gordeko dutela etxe horiek berritzeko. Baina, horretarako, gogoratu dute beharrezkoa dela lan horien kostua ezagutzea. “Horrexegatik da funtsezkoa azterlana ahal bezain laster egitea; are gehiago, Udal Erregelamenduaren arabera irailean hasten delako aurrekontua egiteko prozesua”.
Aztertuko diren etxeen artean Astelena Frontoikoak daude. Gizartekintza Saila Portaleara joan zenetik erabili gabe dago eraikinaren zati handi bat, etxeak ere badituena. Eibarko erdigunean dagoen azpiegitura hori erabiltzea nahi du EAJk.
OHZren errekargua kentzea
EAJko zinegotziak harritzen dituen beste kontu bat da Udalak OHZ (Ondare Higiezinen Zerga) igotzea bigarren etxea duten herritarrei, baina, gero, Udalak berak jabetza publikoko etxebizitza hutsak izatea. “Ez da bidezkoa bi egoera horiek batera ematea: batetik, erakundeek diskurtso bat izatea etxebizitza hutsen kontra, are gehiago, horregatik herritarrei zergak igotzea, eta bestetik, Udalak berak egoera horretan dauden hainbat etxe izatea”, salatu du Mendicutek. Gainera, gogoratu du “OHZ errekargatzea injustua da, ez da erakutsi Eibarren dugun etxebizitza-beharra pairatzen duenik, eta administrazio-lan handia eskatzen die udal-langileei”.
Hori dela eta, EAJk errekargua bertan behera uztea eskatu zuen iragan urrian, baina gainontzeko udal talde politikoek ez zuten babestu. Hala ere, iragarri dute proposamena behin eta berriro egingo dutela, “PSOEk bere posizioa zuzendu arte, beste udalerri batzuetan zuzendu duen bezalaxe”.
Bukatzeko, Eibarko EAJ-PNV udal taldeak Udalari eskatu dio “eredu izan dadila”, eta “ez ditzala itxirik eta erabili gabe mantendu titulartasun publikoko etxebizitzak, eibartar guztion diruaz ordaindutakoak, eta erabilera soziala eman diezaiela”.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


