Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/05/07

Aberri Batzarrak Iñigo Urkullu izendatu du aho batez Lehendakarigai

EAJ-PNVren organo gorenak Bakartxo Tejeria aukeratu du Eusko Legebiltzarrerako presidentegai eta onetsi egin ditu talde jeltzaleak Euskal Hauteskundeetan aurkeztuko dituen zerrendak
Aberri Batzarrak Iñigo Urkullu izendatu du aho batez Lehendakarigai

Iñigo Urkullu Renteria izango da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-PNVren Lehendakarigaia. Hala erabaki du aho batez jeltzaleen Aberri Batzarrak, gaur goizean Vitoria-Gasteizeko Europa Jauregian ezohiko bileran batzartuta. Bakartxo Tejeria ere aukeratu dute Euskal Ganberako presidenterako hautagai. Aldi berean, erakunde jeltzalearen organo gorenak Eusko Legebiltzarrerako hautagaitzak onartu ditu (Herrialde bakoitzeko 25 pertsona eta 5 ordezko), EBBren proposamenez eta Aberri Batzarraren onespenez udazkeneko hauteskundeetan talde jeltzaleak aurkeztuko dituen zerrendak osatuko dituztenak. Aberri Batzarrak, era berean, ekainaren 26an ospatuko diren Hauteskunde Orokorretarako berronetsi ditu EAJ-PNVk iragan abenduaren 20ko Gorte Nagusietarako hauteskundeetan aurkeztu zituen zerrendak. Beraz, orduan bezala, Kongresurako zerrendaburu izango dira Aitor Esteban (Bizkaia), Mikel Legarda (Araba) eta Joseba Agirretxea (Gipuzkoa) eta Senaturako José María Cazalis (Bizkaia), Almudena Otaola (Araba) eta María Eugenia Iparragirre (Gipuzkoa).

Iñigo Urkullu, oraingo Lehendakaria eta jada Lehendakarigaia, EAJ-PNV alderdian alderdikidetu zen 1977an eta Durangoko Uri Erakundean dago. 54 urte ditu, ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Irakasle eskolan diplomatua, Urkullu Bizkaiko Foru Aldundian Gazteria eta Gizarte Ekintza arloaren zuzendaria izan da, Legebiltzarkidea izan da Gasteizko ganberan ,Bizkai Buru Batzarraren presidentea (2000-2008) eta Euzkadi Buru Batzarraren presidentea (2008-2012). Gaur egun Euskadiko Autonomi Erkidegoko Lehendakaria da.

Bakartxo Tejeria, bere aldetik 1999an egin zen EAJ-PNVren alderdikide eta Billabonako Uri Erakundekoa da. Zuzenbidean lizentziatua da, Tejeriak 45 urte ditu eta bi alabaren ama da. Eusko Legebiltzarraren presidenterako hautagaia Gipuzko Buru Batzarraren burukide eta Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide izan da.

Araban, Gasteizko ganberako lehen tokietan joango dira Iñigo Urkullu, Jone Berriozabal eta Estefanía Beltrán de Heredia. Bizkaian, berriz, Eusko Legebiltzarrerako boto orrian lehen tokietan joango dira, Josu Erkoreka, Iñigo Iturrate eta Josune Gorospe, hurrenez hurren. Eta Gipuzkoan Joseba Egibar, Bakartxo Tejeria eta Arantza Tapia izango dira EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen zerrendaren lehen hiru tokietan joango direnak.

Gaur Vitoria-Gasteizen hartu diren erabaki horiekin amaitu da iragan martxoaren 27an, Aberri Egunean, hasi zen barne hauteskunde prozesua. Martxotik hona EAJren Euskadiko Uri Erakunde guztietako alderdikideek izan dute parte hartzeko eta hautagaiak aukeratzeko aukera eta bozketa prozesua gaur amaitu da esandako Ezohiko Aberri Batzarrean.

Behin Aberri Batzarra amaituta, EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkeztuko dituen zerrendetan joango diren hautagaiak aurkezteko ekitaldia egin da. Aurkezpen honetan EAJ-PNVren mila bat alderdikide eta alderdizale batu dira eta hizlari izan dira Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta EAJ-PNVren lehendakarigai Iñigo Urkullu. Ekitaldia amaitzeko orduan eskaini den bideoaren amaieran EAJren buru biek alderdiaren batasuna irudikatu dute elkarri besarkada bero bezain hunkigarria eskainiz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...