Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Aldundiak 3.300.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako nekazal sektorera landa garapeneko laguntzetan, FEADER funtsak lagunduta
“Ezinbestekotzat jotzen dugu gure baserritarren lana eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea”, azpimarratu du Imanol Lasak
Gipuzkoako nekazaritza ustiapenen aldeko landa garapeneko urteko laguntzak onartu eta deialdiak irekitzea erabaki du gaur Diputatuen Kontseiluak. Lehen sektorera bideratutako bi deialdi aurkeztu ditu: mendi zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan dauden nekazaritza ustiapenetako titularrei zuzendutakoa batetik, eta bestetik, nekazaritza ingurumenaren eta klimaren arloko eta nekazaritza ekologikorako laguntza. Bien artean, 3.300.000 euro bideratuko dira guztira, Imanol Lasa foru bozeramaleak jakinarazi duenez.
Lehen sektorearen hezurdura indartzeko helburua duten diru-laguntza hauek, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak kudeatuko ditu. Aldundiak estrategikotzat jotzen du lehen sektorea eta honen garapena. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Enplegua eta kalitatezko produktuak sortzen dituen sektorea da. Horregatik, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du gure baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea”, azaldu du Lasak.
Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkideko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan (LGP) jasota daude. Hori horrela Landa Garapenerako Nekazaritzako Europar Funtsetik (FEADER), %75ean finantza ditzake Europar Batasunak.
Mendi nekazaritzako zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan lan egiten duten nekazariei laguntzeko, 1.850.000 bideratuko dira guztira. Ustiapenetako titularrei zuzendutako kalte ordain orekatzaile gisa planteatzen dira laguntza hauek, dauzkaten mugengatik. Modu honetan, balio natural handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen laguntzen da, eta nekazaritzarako lurzorua eta hari lotutako ekosistemak eta paisaiak babestu. Foru bozeramaleak gogorarazi duen moduan, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren %90 kudeatzen du: “Beraz, berebiziko garrantzia du Lurraldearen kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegitik”.
Bigarren deialdia aldiz, bi programatan banatzen da: nekazaritza ingurumena eta klimaren arloko laguntza lerroak batetik, eta bestetik, nekazaritza ekologikoarekin loturiko laguntza ildoak: “Nekazaritza habitat-ak zaindu, biodibertsitatea mantendu, bertako eta kalitatezko produktuak sustatu… hainbat alor jorratzen dira”, esplikatu du.
Lehendabizikoari dagokionez, 1.450.000 euroko aurrekontua du eta neurri ezberdinak kontuan hartzen ditu: ekoizpen integratua, Euskal Herriko sagardoetarako sagarrondoen tokiko barietateak kontserbatzea, bertako abere arrazen kontserbazioa, eta erlezaintza biodibertsitatea hobetzeko zein mendiko larreen aprobetxamendua kudeatzeko neurriak. Nekazaritza ekologikoari dagokion programara, berriz, 140.000 euro bideratu dira eta honetarako bi laguntza lerro zehazten dira: nekazaritza ekologikora bihurtzea, eta nekazaritza ekologikoa mantentzea. Deialdia hurrengo astean irekiko da eta maiatzaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira eskariak, Gipuzkoan dauden 7 Eskualde Nekazaritza Bulegoetan (ENB / OCA).
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


