Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
18 milioi euro Gipuzkoan desgaitasuna artatzen duten elkarteentzako
Foru Aldundiak hitzartuta dituen lau plazetatik bat desgaitasuna duten pertsonak artatzeko dela gogorarazi du Imanol Lasak
Diputatuen Kontseiluak 18 milioi euro pasatxoko aurrekontua onartu du Aspace, Atzegi, Gautena eta Fundación Goyeneche elkarteekin dituen hitzarmenak berritzeko. Urtarrilaren batean, desgaitasun arloko koordainketa sartu zen indarrean eta honek orain arteko hitzarmenak berritu behar izatea ekarri duela azaldu du prentsaurrekoan Imanol Lasa foru bozeramaileak.
“Orain arte, erabiltzaileek ordaintzen zutena kontuan hartu gabe, prezio bat ordaintzen zitzaien elkarte hauei; dekretu berriarekin, erabiltzaile bakoitzak ordaintzen duena kontuan hartuta, elkarteek eskaintzen duten zerbitzu bakoitzeko tarifa kalkulatzen da, eta diru hori ordaintzen zaie elkarteei”, argitu du. Horrek zerbitzuen prezioak bateratzea ahalbidetuko du, eta aldaketa hau onuragarria izango da erabiltzaile gehienentzat.
Aspacek adimen atzeratasuna, garuneko paralisia edo antzekoak dituzten pertsonak artatzen ditu eta 90 plaza eskaintzen ditu. 6.868.483,91 euro jasoko ditu guztira. Atzegik, berriz, 266 plaza ditu adimen urritasuna duten pertsona desgaituentzako egoitza zerbitzuak eskeintzeko. Hitzarmen berriarekin, 5.238.078,47 eskuratuko ditu.
Gautenari dagokionez, autismoa edo garapeneko desoreka orokortua duten 60 urtez azpikoentzako 58 plaza eskaintzen ditu, eta 4.329.390,62 euro jasoko ditu. Fundación Goyeneche elkarteak, azkenik, adimen urritasuna duten eta desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eskaintzen du. 1.749.602,24 eurorekin hornitutako hitzarmena sinatu du Aldundiarekin.
Gaur adostutako hitzarmen hauek 10 plaza berri sortzea aurreikusten dute; 8 Atzegik Bergaran irekiko duen etxebizitzan, eta beste bi Fundación Goyenechen, Atzegik irekiko duen pisuko erabiltzaileei zerbitzua emateko. “Desgaitasuna duten pertsonei eta euren familiei arreta eta zerbitzu egokiak eskaintzea oso garrantzitsua da gobernu honentzat”, azaldu du Lasak. Ildo horretan, gogorarazi du hitzartuta dituen lau plazetatik bat, desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta dagoela: “Kontzertatutako 9.873 plaza eskaintzen ditugu guztira, eta horietatik 2.544 desgaitasuna dutenei zuzendutakoak dira”.
Desgaitasuna duten pertsonen familien ongizatea bermatzeari ere garrantzi handia eman dio bozeramaileak, “familiek eurek sekulako lana egiten baitute pertsona hauek zaintzeko, eta gure ardura da ere merezi duten atsedena bermatzea. Zaintzailea zaindu esamoldea betetzea ere gure ardura da eta horretarako programa desberdinak daude”.
Aspace, Atzegi, Gautena, Fundación Goyenechek eta beste hainbat elkartek egiten duten lanaren garrantzia ere azpimarratu du: “Ondo baino hobeto ezagutzen dute errealitatea, eurak dira erantzun egokiena emateko gai direnak, eta erakundeok babesa eman behar diogu Gipuzkoan hain garatuta dagoen gizarte eredu honi. Eredugarria den hirugarren sektore honekin lankidetza bermatzea eta sostengua eskaintzea giltzarri da guretzat”, berretsi du.
Olaberria-Ventas Irungo errepidea, urgentziaz
Bide Azpiegituretako departamentuak hala eskatuta, Diputatuen Kontseiluak onartu du urgentziaz tramitatzea Irungo Olaberria eta Ventas auzoak lotzen dituen GI-3452 errepidearen konponketa lanak. Iazko otsailean errepide horrek luizi bat izan zuen eta egoera kaxkarrean zegoen ordudanik. Errail bakarra zegoen zabalik eta ibilgailuak txandaka pasatzen ziren.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak adierazi duenez “aurreko gobernuak errepide horri konponbiderik eman ez bazion ere, legealdi honetan, hasieratik, Olaberria-Ventas errepidearen konponketa aurreikusita zegoen aktuazio inportanteenen artean. Dagoeneko proiektua idatzita dago. Orain egin duguna, lanak lehenbailehen hasi daitezen, irekita zegoen prozedura bertan behera uztea da”.
Izan ere obra horien prozedura pausoz pauso jarraituz gero, uda aurretik ezingo lirateke GI-3452 errepidea konpontzeko lanak hasi. Oiarbide diputatuaren esanetan, “auzotarren egoera ikusita eta epeak azkartzeko, gaurko diputatuen kontseiluak onartu du prozedura aldatzea eta iragarkirik gabeko prozedura negoziatua abian jartzea kontratuen legearen 170 E artikuluaren babesean”.
Horrela, erantzun “azkarra eta eraginkorra” eman ahal izango zaio bizilagunen eskaerari. Lanek 307.736,80€ aurrekontua dute (254.327,93€ + BEZ) eta hiru hilabete iraungo dutela aurreikusten da. Martxoaren erdi aldera hasiko dira.
Euskararekiko babesari eutsiko zaio
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza nagusiaren ekimenez, Kontseiluak oniritzia eman dio ere euskararen erabilera sozialaren esparruan lanean ari diren elkarteei, erakundeei eta norbanakoei zuzendutako 2016ko diru-laguntzen deialdiari. Laguntza hauenhelburuak askotarikoak dira: euskararen erabilera soziala hedatzeko jarduerak, ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bultzatzea, udaletan normalizazio programak garatzeko laguntza, eta abar.
Hauxek dira laguntza jasoko duten jarduera ildo zehatzak: euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak; lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egitea; euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak; itzulpen praktikak egiteko bekak; Gipuzkoan euskaraz emititzen duten toki telebistak; informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak hedatzeko proiektuak; eta Gipuzkoan euskaraz emititzen duten irratiak.
Aldundiak 1.882.643 euro bideratuko ditu aipatutako jarduerak sustatzeko. Horrek esan nahi du, Imanol Lasak azpimarratutakoaren arabera, euskararekiko babesari eusten zaiola, murrizketarik gabe, “guretzako apustu estrategikoa delako”. Bozeramaileak aurreratu duenez, Mikel Irizar buru duen Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak partaidetza prozesua jarriko du martxan euskaltzale eta euskararen arloko eragile guztiekin, helburu estrategikoak definitzeko eta sektoreak dituen erronkei “elkarlanean” aurre egiteko. Prozesu honek 2017ko diru-laguntza deialdian edukiko du isla.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


