Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJk 1,5 milioiko aldaketak proposatu ditu Eibarko udal aurrekontuetarako
Proposamenaren ardatzak hiru dira: ekonomiaren berraktibatzea, hiri-birgaitzea eta gizarte-babesa. Osoko Zuzenketa aurkezteari uko egin dio, hiru esparru horietan oinarritutako akordio bat ahalbidetze aldera
Eibarko EAJ-PNV udal taldeak 52 zuzenketa aurkeztu dizkio udal aurrekontuei. Helburua da udal aurrekontua hobetzea, horretarako 1.577.601 eurotako aldaketak planteatuz. Proposamenen artean nabarmentzekoa da ekonomiaren berpizkundeari bideratzeko proposatutakoa (526.000€), hiri-birgaitzeari (840.001€) eta gizarte politiken idartzeari (211.600€). Jeltzaleek PSOEri eskaintza egin diote, aurrekontua berregituratzeko, akordio batera heltzeko helburuaz.
EAJk bere proposamenak aurkeztu ditu udal gobernuaren aurrekontu-zirriborroa hobetze aldera, milioi eta erdi baino gehiagoko aldaketak proposatuta. Horien artean, nabarmentzekoak dira ekonomia berraktibatzeko 13 neurriak, guztira 526.000€ batzen dituztenak. Partidak proposatzen dituzte enplegua sustatzeko, ekintzaileek dituzten kargak diruz laguntzeko, beka programa bat ikasle eibartarrek herriko enpresetan praktikak egiteko, elkarlan-hitzarmenak enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza-proiektuak bultzatzeko, enpresa-inkubagailua, armagintza-industriaren plan estrategikoa edo lursoru industrialen beharren inguruko azterketa –SPRIrekin elkarlanean, enpresak erakartzea ahalbidetzeko-.
Josu Mendicute bozeramaile jeltzaleak gogoratzen duenez “ekonomia berraktibatzea da gure lehentasuna, Eibar berpiztea bere egitura produktiboari dagokionez. Hori da daukagun eredu soziala eusteko bermerik onena”. Nolanahi ere, izaera sozialeko 15 zuzenketa ere aurkeztu dituzte, 211.600€koak. Horien artean proposatzen dira, adibidez, hutsik dauden udal etxebizitzak atondu eta alokairu sozialean jartzea, dirulaguntza bat hutsik dauden etxebizitzetan inbertsioak egiteko (Alokabideren bitartez merkaturatzeko baldintza ezarrita), azterketa bat Astelena Frontoian hutsik dauden espazioetan tutelatutako etxeak jartzeko, errefuxiatuei laguntzeko partida bat, eta etxegabeentzako elikadura-bonoak. Kulturari dagokionez, jeltzaleen proposamenak dira euskarazko zinema bultzatzea, Coliseo antzokian umeak zaintzeko zerbitzua abian jartzea, umeentzako udalekuak eta Ume eta Nerabeen Udal Plana egitea. Dirulaguntzak proposatzen dituzte, baita ere, pertsona alargunentzat eta Osatek programa darabilten pertsona nagusientzat. “Eibarko pertsonen ongizatean modu zuzen-zuzenean eragiten duten proposamenak dira”, azaldu dute jeltzaleek.
Hiri-berritzerako proposamenak
Hiriaren berritze urbanistikoa da inbertsio gehien dakarren zuzenketa-atala. Proposamenak, adierazi dutenez, “oso lotuta daude nahi dugun oparotasuneko eta ongizateko hiri-ereduarekin”. Horretarako, 17 proposamen aurkeztu dituzte, 840.001€takoak. Horien artean planteatzen dira Birjiñapeko igogailua, Bidebarrietatik Errekatxurako sarbide-proiektua, San Juan eta Jardiñeta kaleen arteko igogailua, Ibarkurutzeko eta Errebaleko espaloiak zabaltzea, Sansaburu ikastetxeko jolastokia estaltzea, parkeetako jolaslekuak handitzea, ur-parkea instalatzea, ariketa fisikorako makinak jartzea parkeetan, komun publikoak egitea Barrena eta Txantxa-Zelain, eta mendi-bideak mantentzea. Baita Matsarian eta Altamiran (hilerri berria) lur-erosketa hastea eta intermodalitate-azterketa egitea Estaziñorako. Gainera, diru-sarrera berriak ere proposatu dituzte: Udalaren jabetzako aparkalekuen kontsezio demaniala eta hirigintza-aprobetxamendua monetarizatzea.
Zuzenketa horiekin batera, izaera ekonomikoa ez duten proposamenak ere mahaigaineratu dituzte. Horien artean, proposatu dute Udalak erosiko dituen ibilgailu berriak ekologikoak izatea, “botiloi” guneetan ekitea, hezkuntza-teknikariaren interlokuzioa edo “Gazteria” kontu-sailari “Haurtzaroa eta Gazteria” deitzea. Azkenik, Plan Estrategikoaren Bulegoa abian jartzea eskatu dute, behin-betiko bultzada emate aldera. Ohartarazi dute dokumentu hori izan behar dela “alderdi guztiok batuko gaituen puntua eta gu guztion jardunbiderako gida”. Dokumentu hori oinarri hartuta aurkeztu dituzte jeltzaleek bere zuzenketak.
Horregatik guztiagatik, jeltzaleek uste dute “badaukagula errendimendu handiagorako aukerarik; 52 zuzenketa eta milioi eta erdiko proposamenak egiteko sakoneko lana egin beharra dago aurretik, eta lan hori hartu badugu, benetan ideia horiek aurrera atera nahi ditugulako da. Proposamenek hobekuntza nabarmena lekarkete eibartarron ongizaterako: etorkizunerako apostuak dira, bizi dugun egoera larritik irtetzen lagunduko digutenak”. Horretarako, jeltzaleek doitu egin dituzte aurreikusitako gastu-partidak, azken urteotako benetako exekuzioa aintzat hartuta. “Doikuntzak eginda, diru-poltsa garrantzitsua lortu dugu hiri-proiektuei aurre egin ahal izateko”, azaldu dute abertzale eibartarrek.
Bukatzeko, Mendicutek akordiorako borondatea aurreratu du: “dagoeneko iritzi-trukaketa bat izan dugu alderdi sozialistarekin. Gure asmoa da akordio bat posible egitea, interes alderdikoien gainetik, Eibarrentzat ona izango dena”. Zentzu horretan, jeltzaleek erabaki dute osoko zuzenketarik ez aurkeztea. “Uste dugu aurrekontuak benetako erronkei heltzerik badaukala, gehitu nahi ditugun planteamenduak jasotzen baditu”, amaitu du.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


