Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/12/10

EAJren aldeko botoa da huts egiten ez duena eta Madrilera euskal hiritarren interesak, ilusioak eta aldarrikapenak eramango dituena

Andoni Ortuzar, EBBren presidenteak, Eibarren gogoratu du EH Bilduk oraindik ez dakiela Madrilera zertara joan behar duen, eta adierazi du beldur dela euskal interesak jokoan daudenean, Ahal Dugu taldearen baitan ez ote den “Pablo Iglesiasen atzamarra inposatuko”, Euskadiko zerrendak egiterakoan gertatu zen bezala
EAJren aldeko botoa da huts egiten ez duena eta Madrilera euskal hiritarren interesak, ilusioak eta aldarrikapenak eramango dituena

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, botoa erabaki ezinik daudenei hitz egin nahi izan die. Euskadiri dagokionez, azterketa soziologikoek aurreikusi dute zalantza kasu hauek Espainiar Estatukoak baino murritzagoak izango direla, eta zalantza hau EAJ-PNV, EH Bildu eta Podemosen artean egongo litzatekeela. “Erabaki ezinik daudenek ez dute zalantzarik izan behar. Huts egiten ez duen botoa, boto hurbila; zure interesak, zure aldarrikapenak, zure ilusioak Madrilera eramango dituen botoa Euzko Alderdi Jeltzalearena delako. Gurea defendatuko duen botoa, gurea, zurea, denona, gu guztiona defendatuko duena… hori, EAJ baino ez da”. Hitz horiek esan ditu jeltzaleen buruak gaur arratsaldean Eibarko Unzaga Plaza esanguratsuan egin den ekitaldian, Kongresu eta Senaturako zerrendaburu jeltzale Joseba Agirretxea eta Maria Eugenia Iparragirre ondoan izan dituela.

Ortuzarrek jeltzaleen kanpainaren ideia nagusia azpimarratu nahi izan du. “Hauek ere badira gure hauteskundeak. Abenduaren 20an egingo direnak euskal hauteskundeak izango dira. Hemen ez da egongo Mariano Rajoy, Pablo Iglesias edo Pedro Sanchezen izenak eramango dituzten boto orririk. Hemen, Madrilen ordezkatuko gaituzten euskal emakume eta gizonak aukeratuko ditugu”. EBBren presidenteak bere alderdia espainiar telebista kateen aldetik sufritzen ari den “itzalaldia” salatu du, baina era berean azpimarratu du espainiar politikariak ikuskizun lotsagarria eskaintzen ari direla eta hor dagoela Espainian antzeman diren zalantzati kopuru handien jatorria. “Jarrai dezatela beren telebistetan, beren eztabaidetan. Guk kalean segituko dugu, oinak zoru gainean, herritarrengandik hurbil, bere etorkizuna irabazi nahi duen euskal gizartearengandik hurbil”. Ortuzarren esanetan, EAJ-PNV kanpaina arduratsua egiten ari da, euskal hiritargoari arduratzen zaizkion gaiez hitz eginez. Esan duenaren adibide batzuk eman ditu. “Kobratuko ditugun pentsioez hitz egiten ari gara... heltzen badira, Rajoyren martxarekin, ez dakit nik zeozer geratuko den; Euskadi Europarekin lotzeko azpiegiturez ari gara; Euskal Y trenbideaz ari gara; Pasaia eta Bilboko portuez; argindarraren prezioaz hitz egiten ari gara, gure enpresa txikiak lehiakorrak izan daitezen; industria babestuko duen politika ekonomikoaz ari gara; produkzioaren alde eta espekulazioaren kontra, enpresari txikiak eta autonomoak itolarrian utziko ez dituen politika ekonomikoaz; kalitatezko enplegua sortzea eta langabeziaren beherakada ekarriko duen lan merkatuaz ari gara; eta Euskadiren nazio aitortzaz ari gara, gure etorkizuna erabakitzeko eskubideaz”.

Rajoyren “murrizketak” Sanchezen lidergorik eza eta Albert Riveraren izaera “eskuindarra eta zentralista” salatu ondoren, Ortuzarrek Eibarreko emakume eta gizonei azaldu die zalantzan daudenek zergatik egin behar duten EAJ-PNVren alde eta ez Podemos edo EH Bilduren alde. “Ondotxo sufritu duzue Bilduk eta bere inposizio politikak suposatzen dutena, bere agintekeria, bere itxurakeria. Aurrera egiten dutelako plantak bai, baina inora ez joateko. Orain dela gutxira arte gu kritikatzen egon dira Madrilgo Parlamentura joaten ginelako, hauteskunde hauetan aurkezten ginelako. Esaten zuten ordainaren truke saltzen ginela. Eta oraingo honetan eurak ere badoaz. Hauek, beti berdin: berandu eta txarto. Hori bai, beti zalantzan, ez dakite zer aurpegi erakutsi behar duten. Ez dakite ezkerrean egon behar duten ala abertzaleago izan behar duten. Ez dakite nora joan behar duten ere. Eta, beren alderdia nora eraman behar duten ez badakite, nola emango diegu Madrilen gure interesak defendatzeko ardura? Ahal Dugu-Podemosekoak ere hor daude. Horiek ere beldurra ematen digute. Podemosekoek esan dute beraiekin gauza asko aldatu ahalko direla, baina egin duten lehena izan da hemengo zerrendak aldatzea, eta gainera, Madrilgoek aldatu dituzte. Horiei ere agintzea gustatzen zaie... Madriletik, gainera. Ikusi duzue, ezta? PP eta PSOEren antzera. Hemengoak bigarren mailakoak dira. Eta, zer gertatuko da Kongresuan edo Senatuan Euskadiren gaiak aztertzen direnean? Erabakia nork hartuko du? Iglesiasen atzamarrak ala euskal hautesleek aukeratu dituztenek?”.

Gaurko ekitaldian, Joseba Agirretxeak, Kongresurako zerrendaburuak, EAJ-PNVk azken 40 urteotan herri honen zutabeak eraikitzeko egin duen ahalegina azpimarratu du, ezker abertzalea “beste eginkizunetan” ari zen bitartean. Hautagai jeltzalearen hitzetan, “erraza da independentziaz hitz egitea, burujabetasun osoaz, aldarrikapenez hitz egitea, etxeko zutabeak ondo finkatzeko konpromisorik hartu gabe; hori, teilatua jartzeko lanera apuntatzea bezalakoa da”, eta gaineratu duenez “ez zaio erraz egingo Madrilen ezer defendatzea, Euskadin gure autogobernua, gure Ekonomia Ituna, gure erakundeak edo gure jarduera ekonomikoa eta gure industria ehuna defendatzeko gai ez denari”. Zentzu berean gogoratu duenez, EAJ-PNV da Euskadirentzako egitasmoa duen bakarra: “Autogobernua eta Ekonomia Ituna defendatuko dugu; Espainiar eredu prekario eta ahularen aurrean hazkunde indartsu baina orekatuan oinarritutako politika ekonomiko eta industriala babestuko dugu; birzentralizazioaren aurrean gure eskuduntza guztiak defendatuko ditugu; norbanakoaren eta taldearen askatasunen kontra joango den edozein ekimen edo legeren kontra egingo dugu”.

Maria Eugenia Iparragirrek, Senaturako hautagai gipuzkoarrak, bere aldetik, Alderdi Popularraren birzentralizazioaren, murrizketaren eta atzeraldiaren politikaren aurrean proposatu ditu Euskadiko “aldebikotasuna, kudeaketa lan ona eta ongizatea”. Irungo senatariak gogoratu duenez, EAJ-PNV “egon zen, dago eta egongo da; atzo gaurkoa finkatzen; eta gaur biharkoa bultzatzen”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...