Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/10/30

Foru Aldundiak 813 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, Gipuzkoa suspertzeko ekonomiaren bidetik

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, proiektuak Kudeaketa Plana oinarri duela gogoratu eta lurraldeko biztanleen nahi eta behar nagusiekin uztartzen dela nabarmendu du

Gipuzkoako Foru Aldundiak 813 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du gaur, kudeaketa orokorreko fondoak eta finantza karga barne hartzen dituen zifra. Jakina denez, 2015ean aurrekontua luzatuta egon da eta, honen baitan, zenbait doikuntza eta kreditu gehigarri txertatu dira, guztira 771 milioi euro osatu arte. Foru Aldundiak 2016rako egindako proposamena zifra honekin alderatuz gero, hurrengo urteko aurrekontua 42 milioi euro handiagoa izango da, hau da, %5,4ko hazkundea.

Gakoa Gipuzkoa ekonomia sustapenaren bitartez berpiztea da. Ideia honen gainean eraiki ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak bere aurrekontuak eta ekimenak lurraldeko biztanleek dituzten arazo nagusiei erantzuna ez ezik irtenbidea ere ematen die. Aurrekontuak legealdi honetan Gobernu jarduera gidatzen duen Kudeaketa Planetik eratorriak dira eta, zehazki, ekonomia sustapenaren arloan, 23 milioiko hazkundea jasotzen dute, 2015ean baino %49,11 gehiago. Zentzu honetan, diputatu nagusiak, Markel Olanok, Foru Gobernuaren plan ekonomikoa azaroaren 18an aurkeztuko dutela aurreratu du. Azaldu duenez, 50 milioi bideratuko dira proiektu honetara eta lurraldeko ekonomiari bultzada ematea izango du xede.

Olano eta Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga, izan dira gaur goizean zehar aurrekontuak aurkezteko ardura izan dutenak. Lehen orduan, dokumentuak ez-ohizko saioan batzartutako Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso du eta, ondoren, Batzar Nagusietako lehendakari den Eider Mendozari eman diote. Ostera, Olano eta Larrañaga hedabideen aurrean agertu dira proiektuaren xehetasunak gizartearekin partekatzeko. Hemendik aurrera, dokumentuak Batzar Nagusietako ohiko ibilbidea bete beharko du. Aurreikuspenen arabera eta, ezustekorik izan ezean, abenduko hirugarren astean eztabaidatu eta bozkatuko dira osoko bilkuran.

Hedabideei eskainitako hitzaldian, diputatu nagusiak zuhurtzia eskatu du baikor izatera gonbidatzen duen egungo egoera ekonomiaren aurrean. Zentzu honetan, mundu mailako eszenatokian ziurgabetasunak agerikoak direla nabarmendu du. Olanok azaldu duenez, aurrekontuen hazkundea diru-bilketaren hazkundearen aurreikuspenekin uztartzen da, eta baliabideak “era egokian” kudeatzera konprometitu da “zenbakiak bat etor daitezen”.

Hemendik abiatuta, diputatu nagusiak ekonomia sustapenaren garrantzia azpimarratu du eta, honen bitartez, politika sozialak “blindatzea” dela xede azaldu du. Aurrekontuak esku artean, 

Ekonomia Sustapeneko departamentuari dagokion kantitatea gehien hasten denetariko bat da, %49,11 2015ekin alderatuz gero. Puntu honetan, kontutan hartu beharra dago aurreko foru Gobernuak 20 milioi gehiago izan zituela oposizioak Gipuzkoako ekonomiari laguntzeko onartu zituen bi foro arauren eraginez. 2016 urteari begira, Olanok zuzentzen duen taldeak partida hauek aurrekontuan egonkortu ez ezik, indartu ere egin ditu.

Erdia, Gizarte Politiketarako

Gizarte Politika departamentuari, bere aldetik, Aldundiak eskura izango dituen baliabideen ia erdia dagozkio, %46,78 zehazki. Horrela, Maite Peñak zuzentzen duen alorrak 2015ean baino 11 milioi gehiago izango ditu gipuzkoar guztien babes sozialeko sistema bermatzeko. Kantitate honek biztanleko 480 euro baino gehiagoko gastua suposatzen du eta, diputatu nagusiak azaldu duenez, Foru Aldundiak Ongizate Estatuaren defentsan harturiko konpromisoa berresten du.

Hondakinen arazoari irtenbidea ematea aurrekontuetan islatzen den beste proiektu estrategikoetako bat da. “Aurreko legealditik egiteke zeuden kontu eta arazoei irtenbidea eman eta egun eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetu eta zabaltzera goaz”, nabarmendu du Olanok. Lurraldeko errepideen hobekuntzari dagokion diru-saila, bere aldetik, 53 milioi eurokoa izango da, eta Gipuzkoak egun dituen azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzen jarraitzea du jomuga. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...