Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Markel Olanok “elektoralistatzat” eta “alderdikoitzat” jo ditu Kontzertu Ekonomikoaren inguruko adierazpenak
Kontzertua “egonkortasuna” eta “kudeaketa egokia” eskaintzen dituen tresna dela adierazi du, eta gai hau nahastea “Euskadiko herritarren aurka” doala eta “beraien interesei zuzenean eraso” egiten diela erantsi.
RNE Gipuzkoa irratiak gaur egin dion elkarrizketan, Markel Olano diputatu nagusia kezkaturik agertu da Kontzertu Ekonomikoaren inguruan zabaldu nahi izan den eztabaida, eta eztabaida horren harira estatu mailako formazio politikoek emandako iritziak direla eta, “alderdikoiak”, “elektoralistak”, eta “kanpaina aurreko giroaren ondorio” direla iritzita. Kontzertua “egonkortasuna” eta “kudeaketa egokia” eskaintzen dituen tresna dela adierazi du, eta gai hau nahastea “Euskadiko herritarren aurka” doala eta “beraien interesei zuzenean eraso” egiten diela erantsi.
Haren ustetan, beste behin, argi gelditu da gai honetan “estatuko ikuspegia” nagusitu dela: “Oso argi ibili behar dugu, zuzenean gure autogobernu sistemaren aurka doazen adierazpenak entzuten ari garelako azken aldian”. Adierazpen horiek praktikara eramateak kalte egingo lieke, Olanoren aburuz, “euskal politika publikoei” eta “Euskadiko enpresen lehiakortasunari”.
Biztanlego aktiboaren inguruan Eustatek eta INEk argitaratutako datuez galdetuta, esan du epe motzean “albiste ona” direla, enpleguaren errekuperazioaren ikuspegitik, baina “kezkagarritzat” jo du epe ertain eta luzean biztanleriaren zahartzea. Izan ere, joera aldatzen ez baldin bada, biztanle aktiboen kopurua “ez da nahikoa” izango enpresen beharrei erantzun eta Gipuzkoaren ekonomiaren “erronkei” aurre egiteko. Horrek inmigrazio politiketan ere eragina izango duela eman du aditzera.
Diputatu nagusiak IK4ko instalazioak bisitatuko ditu gaur arratsaldean, Foru Aldundiak ikerkuntza eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko duen plangintzaren barruan: “Horiek dira etorkizunerako hazia, ehun ekonomikoa eraberritu eta sektore berriak ezartzeko gakoa”. Gogorarazi duenez, azaroan, Foru Gobernuak “sendotze ekonomikorako” egitasmoa aurkeztuko du, 50 milioi eurorekin hornituta, eta horrek baldintzatuko du bere estrategia ekonomikoa: “Plan hau aurrekontuekin batera osatzen ari gara, Kudeaketa Plana ere aintzat hartuta. Prozesu konplexua denez, gogor ari gara lanean”.
Gerdau-ren etorkizunari dagokionez, Olanok “zuhurtzia” eskatu du. “Badakigu multinazionala bere aktiboak saltzeko dinamika batean sartuta dagoela, Brasilgo egoeraren ondorioz, eta horrek kezka eta ziurgabetasuna piztu ditu”. Gogorarazi du Azpeitiko lantegian 400 langile inguru daudela. Horrenbestez, enpresari dei egin dio haien etorkizuna “lehenbailehen argitu dezan”. “Eusko Jaurlaritzarekin etengabe ari gara harremanetan eta elkarlanean. Gure esku dagoen guztia egingo dugu Gipuzkoan lanpostuei eta jarduera ekonomikoari eutsi ahal izateko”.
Aberastasunaren zergaren erreformaz ere aritu da diputatu nagusia, azpimarratuz Aldundiaren diru-sarreretan beherakadarik ez duela ekarriko: “Diru-bilketaren hazkundea 225 milioi eurokoa da eta aldatutako zergak 1,3 milioi baino ez ditu ekarri, hau da, %0,6. Argi ikusten da zenbaterainoko ibilbidea duten”.
Aditzera eman duenez, erreforma ezinbestekoa zen “lehiakortasunaren” eta enpleguaren ikuspegitik gure Lurraldean. “Gure egitura ekonomikoarentzat kaltegarria zen faktore bat da aldatu duguna. Europako kasu bakarra ginen, pabilioiak edo makinak ondare pertsonal gisa konputatzen zutena. Kualitatiboki, deslokalizazioen arriskua ekar zezakeen. Izan ere, inguruko lurraldeetan jasotzen zuten tratamendu fiskala askoz hobea zela ikusten zuten askok”.
Azkenik, PFEZaren deklarazioan egindako aldaketa ere defenditu du. “Ahalbidetu dugu, edozeinek, bere deklarazioan, bi laukitxoak batera markatu ahal izatea, bai helburu sozialena eta baita Elizarena ere. Aukera hori bazegoen lehen, baina aurreko Foru Gobernuak kendu egin zuen, modu ulertezinean. Herritarren askatasunari erreparatuta aurrerapauso inportantea dela uste dut”.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2026/06/10
DONOSTIA
2026/06/09
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



