Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/10/07

Bizikidetzan orain lan egitea etorkizunean inbertitzea da

Gipuzkoako Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak, Maribel Vaquerok, “pertsona eta baloretan” inbertitzera deitu du indarkeria gertaerak etorkizunean “ez daitezen errepikatu”
Maribel Vaquero

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen foru zuzendariak, Maribel Vaquerok, “orain” lan egitera deitu du iraganeko indarkeria gertaerak “ez daitezen errepikatu”. “Pertsonetan inbertitu behar dugu, balore demokratikoetan, pedagogia egin behar dugu eta barneratu indarkeriaren erabilera ez duela ezerk justifikatzen”, azaldu du. “Bizikidetzen orain lan egitea etorkizunean inbertitzea da”, esan du.

Vaquerok, Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batetan, azken urteetan adiskidetze eta bizikidetzan pausuak eman direla gogoratu du, nahiz eta “asko dagoen egiteko”. “Gai hauetan gizartea eta sufritu duten pertsonak aurretik doazen sentsazioa dago, politikan gabiltzanonak baina aurrerago, legebiltzarretako ika-mika eta hedabidetako eztabaidetatik haratago”, esan du.

Foru zuzendariak bizikidetza eta giza eskubideen arloan Aldundiak bere Kudeaketa Planean jaso dituen lan ildoen berri ere eman du. Udal mailako lana indartu, giza eskubidetan inbertitu eta erakundeen arteko lankidetza hobeago bat lortzea lirateke, azaldu duenez, hiru zutabe nagusiak. Onartu duenez, zaila da arlo honetan hartzen diren erabakien egokitasuna neurtzen duten adierazleak zehaztea baina, bere ustetan, iraganean eman diren “indarkeria jazoerak etorkizunean ez errepikatzea” litzateke neurgailurik eraginkorrena eta zehatzena.

Vaquerok tokiko erakundeekin elkarlana indartzearen alde egin du apustu, udal mailako instituzioak baitira “herritarrengandik hurbilen daudenak”, eta “tokiko lider” edota herri mailan eragina duten pertsonen ekarpenak kontutan izango dituela azpimarratu du. Azaldu duenez, egun Gipuzkoako hamabi udalerrik bizikidetza eta adiskidetze programak abian dituzte eta ekimenok Foru Aldundiaren sostengua izaten ari dira.

Bestalde, foru zuzendariak hiru eguneko egonaldia egin zuen pasa den astean Nazio Batuek Ginebran (Suitza) dute egoitzan, Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta. Bertan Unesco Etxeak antolatutako NBEk Giza Eskubideen defentsarako dituen mekanismoei buruzko ikastaro batetan hartu zuen parte. Vaquerok esperientziaren balorazio positiboa egin du, eta Nazio Batuen Erakundeak arlo honetan dituen erreminten ezagutza izatearen garrantzia nabarmendu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...