Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/09/21

“Fiskalitatea garapen ekonomikoa bultzatzeko erabili nahi dugu”

Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, zerga-sistema egungo ongizate maila mantentzeko tresna dela defendatu du eta, “ahal badugu”, daukaguna “hobetzeko”
Jabier Larrañaga

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, lurraldeak duen ahalmen fiskala aldarrikatu du “garapen ekonomikoa, kalitatezko enplegua eta ongizate maila” hobetzeko tresna gisa. Hau oinarri hartuta, Larrañagak egungo zerga-sistemaren funtzioa gizarteko desberdintasun ekonomikoak murriztea dela nabarmendu du.

Foru diputatua Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean izan da gaur goizean, bere departamentuak legealdi honetarako finkatu dituen lehentasun, erronka eta lan ildoen berri ematen. Zentzu honetan, Larrañagak bere plangintza Foru Aldundiaren proiektu estrategikoaren parte dela azpimarratu du, plangintza oso baten parte.

Departamentua, jakina denez, lau zuzendaritzatan dago banatuta: Ogasuna, Jokin Perona buru; Finantza eta Aurrekontuak, Jose Corchonek zuzendua; Zerga eta Finantza Politika, Bittori Zabala zuzendariarekin; eta Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa, non Idoia Yereguik hartu duen lehendakari izateko ardura. Lan-taldea aurkeztu ostean, Larrañagak testuinguru ekonomikoaren irakurketa baikor bat egin du, baina zantzu positiboak baieztatzearen norabidean lan egitera dei egin du. Besteak beste, lurraldeko Barne Produktu Gordinaren bilakaera positiboa izan du hizpide, eta zerga-bilketaren esparruan azken hilabeteotan izandako emaitza onak azpimarratu ditu. “Zuhur eta arduraz jarraitu behar dugu lanean hau guztia baieztatu eta egonkortzeko”, azaldu du.

Larrañagak azaldu duenez, “zerga sistema justu bat lortzea” izango da Ogasun eta Finantza foru departamentuaren xede nagusia legealdian zehar, beti ere aurrekontuaren egonkortasuna bermatuz. Oinarri honetatik abiatuta, lurraldeko enplegu eta garapen ekonomikoa bultzatzeari, aberastasunaren banaketa errazteari eta “Ongizatearen Estatua definitzen duten” zerbitzu publikoak bermatzeari eman die berebiziko garrantzia foru diputatuak. “Egun duguna mantendu eta, ahal bada, hobetu”, defendatu du.

Helburu hauek betetzerako bidean, Larrañagak departamentuaren irudia zaintzearen garrantzia nabarmendu du. Zentzu honetan, zuzentzen duen Foru Aldundiaren alorra “eredugarri” izateko lan egingo duela azpimarratu du, bai berak zein bere taldeak, eta gardentasuna eta hiritarrenganako hurbiltasuna lortzeko konpromiso irmoa hartu du. “Gizarteak Ogasun eta Finantza departamentua positiboki antzematea nahi dugu”, esan du.

Iruzurraren aurkako lana eta eraginkortasuna hobetu

Bere hitzaldian zehar, Ogasun eta Finantza foru diputatuak beste zenbait konturi ere eman dio lehentasun maila. Larrañagak iruzurraren aurkako lanak departamentuaren jardunean izango duen garrantzia berretsi du, “lehen jarduketa ardatzetako bat”. “Bide honetan aurrera egiteko, behar-beharrezkoa da zerga obligazioak borondatez betetzeko kultura bultzatzea”, esan du. Helburua, azaldu duenez, gizartean Ongizate Estatua bermatzen duten kontribuzioei “balio sozial handiagoa” ematea eta iruzurraren aurrean “tolerantzia gutxiago” erakustea da. Arlo honetan, departamentuak esfortzu berezia egingo duela iragarri du egiaztapenaren eta ikerketaren esparruetan. Honekin batera, Larrañagak kudeaketa eraginkorrago bat lortzea eta departamentua modernizatzea legealdiko erronken esparruan kokatu ditu.

Bestalde, foru diputatuak alorreko “interes taldeekin” hartu-emana hobetu eta hauen iritziak entzun eta kontutan hartzearen garrantzia azpimarratu du, “legealdi hasieran finkatu ditugun helburuak betetzen goazen ala ez jakiteko neurgailu gisa”. Multzo honetan zergadunak, enpresak, entitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko beste departamentuak, administrazio publikoa, Ogasuneko langileak eta gizartea orokorrean aipatu ditu Larrañagak. Hauekiko “lankidetza” eta “hurbiltasuna” hobetzen saiatuko direla iragarri du Larrañagak.

Aberastasunaren zerga

Azkenik, Larrañagak Aberastasunaren zergaren erreformaren berri ere eman du. Hala, Foru Arauaren zirriborroa prest dagoela azaldu du. Aldaketa nagusia, azaldu duenez, enpresetako parte-hartzeak salbuetsita uztea da, enpresa proiektuak bultzatzeko asmoz. Foru diputatuak gogoratu du “guztiontzako aberastasuna kalitatezko enpleguaren bitartez” datorrela eta, horretarako, behar beharrezkoa dela jarduera ekonomikoa eta proiektuen sustapena bultzatzea.

Mugimendu “oso neurtua” dela argi laga nahi izan du Larrañagak. Honekin batera, erabaki honi esker aspektu honetan Gipuzkoa Araba eta Bizkaiarekin harmonizatuta geratuko dela azpimarratu du eta, aurrera begira, norabide honetan lanean jarraitzeko asmoa berretsi du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube