Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/09/16

Arantxa Tapiak eta Eneko Goiak bilera egin dute ekonomia suspertzera bideratutako baterako ekintzak berrikusteko

Donostiako enpresa-sarea Euskadiko industria-estrategian txertatu eta erakunde arteko koordinazioa sendotuko dute, hirian egiten diren biltzarren kopurua handitzeko eta jarduera profesionala hobetzeko
Arantxa Tapia eta Eneko Goia

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak eta Donostiako alkate Eneko Goiak bilera egin dute, gaur, bi erakundeek batera kudeatzen dituzten interes komuneko gaiak aztertzeko.

Arantxa Tapia buru duen Sailaren eskumenak kontuan hartuta, hainbat gai izan dituzte hizpide, guztiak ere Gipuzkoako hiriburuaren ekoizpen-ekonomiari, lehiakortasuna hobetzeari eta enplegua sortzeko aukerei buruzkoak.

Sailburuak eta alkateak konpromisoa hartu dute Donostiako enpresa-sarearen eta Euskadiko industria- eta teknologia-estrategiaren artean lotura handiagoa egon dadin, kontuan hartuta asko direla Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Miramon) nahiz Zuatzu enpresa-parkean kokatuta dauden EIKTen alorreko ETEak, eta Basque Industry 4.0 ekimenean diseinu, fabrikazio eta ekoizpen industrialeko zerbitzu aurreratuak eskaintzeko.

Enpresen nazioartekotzearen arloan, Tapia eta Goia ados agertu dira eta gazteen prestakuntzan elkarlanean jarraituko dute, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Global Training bekak direla medio. Horrela, Donostia Sustapena arduratuko da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ematen dituen 370 beketatik 60 kudeatzeaz.

Horrez gain, Donostiaren potentzialtasun turistikoei etekin ateratzea adostu dute, ekonomia suspertzeko hiriko ostalaritzan eta merkataritzan. Horretarako, bi erakundeek eta Donostiako Hiriko Merkataritza Plataformak 2013an sinatu zuten hitzarmenean ezarritako merkataritza-estrategiaren garapenari bultzada emateko konpromisoa hartu dute.

Kongresugintza hobetzea

Bileran, Eneko Goia alkateak kezka adierazi dio sailburuari, aholkularitza-enpresa batek Donostiako Bulego Estrategikoarentzat egindako txosten baten ondorioetan salatzen denez, Eusko Jaurlaritzak bilera eta ekitaldi gehiago antolatzen dituelako gainerako hiriburuetan Donostian baino.

Azterlan hori, sailburuak nabarmendu duenez, ez du Eusko Jaurlaritzak egiaztatu eta ez dator bat Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatutako ekinbidearekin, Gipuzkoako hiriburuan kongresuren bat egiteko interesa egon den bakoitzean babesa eskaini du-eta.

Jakitun dira gai horri buruzko polemikak ez diola mesederik egingo hiriaren sustapenari, eta alkateak eta sailburuak erakunde arteko estrategia sendotzea beharrezkoa den aztertzea adostu dute. Era horretan, inguruan onura ekonomikoa eragingo duten kongresu eta ekitaldi profesional berriak erakarri nahi dira, eta egungoak beste norabait aldatzea ekidin. Horrela,  Donostia, aberastasuna eragin dezaketen ekitaldiak hartzeko hiri eredu gisa hedatzearen garrantzia azpimarratu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...