Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/07/24

Legealdi garrantzitsua izango da; lurraldea aktibatuko dugu

Kargua hartu eta hilabetera, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Markel Olanok, lehen aste hauen balantzea egin du, eta berretsi du aurreko kudeatzaileek egindako gestioaren ondorioz sortu ziren arazoak konponduko dituela bere gobernuak. “Gipuzkoarrek eman diguten aukera probestuko dugu. Legealdi garrantzitsua izango da eta lurraldea aktibatuko dugu”, ziurtatu du Onda Cerori eskainitako elkarrizketan.
Markel Olano

Jakinarazi duenez, bere lantaldeak “ilusioarekin eta sentsazio onarekin” ekin dio legealdiari, kide guztiek argi daukatelako datozen lau urteak “oso garrantzitsuak” izango direla lurraldearentzat. Diputazioko langileek egin dieten harrera ona nabarmendu ondoren, adierazi du bere gobernua dagoeneko lanean ari dela Gipuzkoan arazo bilakatu ziren gai sektorialei irtenbidea bilatzeko. Hondakinen kudeaketaren adibidea jarri du, eta aurreratu du Diputazioak egoera aztertuko duela, eta alde batera utziko dituela “orain arte tesi zehatz bat defendatzeko faltsutu diren datuak”. Bere helburua hondakinen arazoa legealdi amaierarako konpontzea dela zehaztu du. “Behar den informazio guztia hartuko dugu kontuan; hau da, araztegietako lohiak, industrietako hondakinak eta hiri-hondakinak. Eta kalkuluak egin eta gero, errauskailua eraikiko dugu 2019rako”, ziurtatu du.

Olanok GHKren inguruan izandako polemika ere izan du hizpide. GHKko jarduneko arduradunak araudiaren “erabilera interesatua” ari dira egiten haren iritziz, erakundean erreleboa “moteldu nahian”. Jakitera eman duenez, Diputatuen Kontseiluak bilera eskaera formala egin zuen, GHKko aurreko kudeatzaileen erreleboa gauzatu ahal izateko, baina Ainhoa Intxaurrandieta presidenteak entzungor egin dio eskaerari, araudiaren formalismoetan oinarrituz. “Jarrera hori publikoki eta politikoki salagarria dela uste dugu. Erakunde guztiek normaltasun osoz ekin diote bide berriari hauteskundeen ondotik, eta GHKn beste horrenbeste gertatu beharko luke”, adierazi du.

Edonola ere, botere aldaketa epe motzean egingo dela ziurtatu du: “Hondakinen kudeaketarekin dagoen arazoa konpontzen hastea ahalbidetuko du horrek, modu naturalean”. Ildo horretan, bere foru gobernuak “argitasunez, zehaztasunez eta plangintza batean oinarrituta” funtzionatuko duela baieztatu du “etorkizuneko erronkak finkatuz, eta orain arteko inprobisazioa saihestuz”.

Azken egunotan ezagutu diren langabezi eta enplegu datuen inguruan galdetuta, berriz, Euskadin, eta bereziki Gipuzkoan, “joera positibo ukaezina” ematen ari dela nabarmendu du. Olanoren esanetan, datu esanguratsua da Euskadin sortu diren 8.400 lanpostuetatik erdia gure Lurraldean sortzea. Nolanahi ere, gehienak zerbitzuen sektorean sortu direla, eta hor aldi baterakotasuna handiagoa dela gogorarazi du. Hori dela-eta, oso garrantzitsua da haren ustetan industria sektorean enplegua sustatzeko eginahalak egitea. Helburu horrekin, konpromisoa hartu du legealdi honetan urtero 50 milioi euro inbertitzea Foru Aldundiaren bitartez. “Aldundiak ezin du berak bakarrik langabeziaren arazoa konpondu. Hortaz, sektore ekonomikoekin eta sindikatuekin elkarlanean arituko da egoerari aurre egiteko. Aliatuak izango gara”, azpimarratu du.

Elkarrizketatzaileen galderei erantzunez, Bidegiri buruz ere mintzatu da Diputatu Nagusia. “Oso lasai” dagoela, eta guztiaren jatorria “salaketa faltsuan” dagoela adierazi du. Salaketa horrek bi denbora dauzka, haren hitzetan: “Politikoa, eta judiziala”. Azaldu duenez, denbora politikoa ezker abertzaleak markatu nahi izan zuen, azken udal eta foru hauteskundeak baldintzatu nahirik, baina “erabateko porrota” eduki zuen. Denbora judizialari dagokionez, “prozesuak aurrera” doala, eta urrian lekuko gisa deklaratzera joango dela gogorarazi du, bere esku dagoen informazio guztia helarazteko borondatez.

Bestalde, Kataluniako prozesuaren aurrean Estatuak hartutako jarrerarekin “kezkatuta” agertu da Olano. Izan ere, Espainiako Gobernuak jakinarazi du ez duela baztertzen Konstituzioko 155. artikulura jotzea Kataluniaren autonomia bertan behera uzteko, Mas Presidenteak independentzia lortzeko bide orriarekin jarraitzen baldin badu. Diputatu Nagusiak azaldu duenez, Kataluniako Herria gehiengo nabarmenekin hartzen ari da erabakiak, eta “modu aske eta demokratikoan adierazitako borondate horri bide eman behar zaio, Eskozian egin den bezalaxe”. Espainiak Erresuma Batuak bezala ez jokatzea arbuiatu du: “Jarrera zentralista eta inposatzailea da nagusi, eta ez dago herritarrekiko errespeturik”. Ildo horretan, adierazi du argudio juridikoetan ezkutatzea, Raxoiren Gobernuak egiten duen modua, “euliak kanoikadekin akabatzea” bezalakoa dela.

Azkenik, Uxue Barkos, Nafarroako lehendakari berriaren inbestiduraren harira, esan du normaltasuna berreskuratuko dela. “Badugu zertaz hitz egin Nafarroako gure anai-arrebekin. Harreman hori arrazoi politikoengatik etetea egotea ez zen inondik inora ere logikoa”, ondorioztatu du. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...