Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/06/01

Lezotar guztiei guregan jarritako konfiantza eskertu nahi diegu

Jeltzaleek Lezoren alde lan egiteko konpromisoa berretsi dute, etorkizuna duen Lezo hobeago bat eraikitzeko, non enpleguaren sustapenak, ekonomia suspertzeak eta lezotarren ongizate eta bizi kalitatea bermatzeak lehentasunezkoa izan behar duen
Lezotar guztiei guregan jarritako konfiantza eskertu nahi diegu

Lezoko EAJ-PNVk prentsa ohar baten bidez eskertu du igandeko udal hauteskundeetan lezotarrengandik jasotako konfiantza eta babesa. “Nere lan talde guztiaren izenean eskerrak eman nahi dizkizuet jasotako 1.186 bozkengatik; aurreko udal hauteskundeekin alderatuz, gure emaitzak nabarmen hobetu ditugu eta babes honi esker Lezoko alderdi bozkatuena izan gara, gure alderdiarentzako emaitza historikoak lortuz. Horregatik, berriro eskerrak eman nahi dizkizuet eta Lezo eta lezotarren alde lanean jarduteko konpromisoa berresten dugu” adierazi du Garbizuk.

“Erantzukizun eta umiltasunez hartzen dugu gobernatzeko ardura eta hitz ematen dizuet Lezo eta lezotarren interesen defentsan jardungo dugula, dedikazio osoz, elkarrizketa eta elkarlana oinarri hartuta” jarraitu du Garbizuk. Ildo beretik, Kepa Garbizuk gogora ekarri du talde jeltzaleak hauteskunde aurretik egindako partekatze lana eta beste behin, eskerrak eman dizkie herritarrei izandako jarrera irekiagatik, eskainitako laguntzagatik eta egindako ekarpen bakoitzagatik ere, “horri guztiari esker eskaini ahal izan diegu herritarrei benetan beren behar eta nahiak jasotzen dituen proiektua”  gehitu du. “Lezotarrei aurkeztu diegun programan jasoak ditugun proposamenak lantzen hasiko gara lehen egunetik, lehentasunak ezarriz, egun ditugun arazoei irtenbidea emateko eta proiektu berriak garatzen joateko, betiere helburu izanik gure udalerri eta bizilagunen egoera hobetzea” esan du.

“Datozen egunetan bilera erronda bat hasiko dugu udal berrian ordezkaritza lortu duten alderdiekin, inor baztertu gabe. Horrela, askotan errepikatu izan dugun denon arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea jarri nahi ditugu praktikan”. 

Garbizuk azpimarratu duenez, Lezon garai berri bati hasiera ematera goaz eta lezotarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko gogor lan egingo dugu. “Lezo hobeago bat eta etorkizuna duena lortzeko lan egin behar dugu, denona eta denontzako izango den Lezo, non enpleguaren sustapena eta ekonomiaren suspertzea lehentasun izango diren” esanez bukatu du jeltzaleak. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...