Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/11

Goiak aurreratu du pertsonen arreta lehenetsi eta gizarte politiketarako baliabideak mantenduko dituela

Donostiako Alkatetzarako hautagaiak konpromisoa hartu du donostiar guztientzat gobernatu eta inor ez bide bazterrean uzteko
Goiak aurreratu du pertsonen arreta lehenetsi eta gizarte politiketarako baliabideak mantenduko dituela

Donostiako Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, Eneko Goiak, aurreratu du gizarte justizian oinarritutako hiri baten alde lan egingo duela, eta ez duela inor bide bazterrean utziko. “Donostiar guztientzat gobernatuko dugu eta pertsonen arreta izango da geure lehentasuna”, ziurtatu du. Ildo horretan, gizarte politiketarako baliabideak mantentzeko konpromisoa hartu du, bai eta behar handienak dituzten kolektiboak zaintzekoa ere, esaterako, gizarte-emergentzietarako laguntzak jasotzen dituztenak, genero indarkeria jasan dutenak eta babesik gabeko haurrak. “Hiri bat elkarren artean lagundu behar diren pertsonen elkartea da. Betebeharra daukagu hiri, herritar eta erakunde moduan inor bide bazterrean gera ez dadin”, defendatu du.

Gizarte politiken arloan Donostiako EAJ-PNVk hartu dituen sei konpromisoak eman ditu ezagutzera Goiak:

Lehenengoa, langabezian dauden 45 urtetik gorako pertsonei zuzendutakoa da. Kolektibo honi lan merkatuan sartzeko erraztasunak eman behar zaizkiola ziurtatu du, Donostiako langabeen erdia adin tarte honetan dagoelako.

Emakume langabetuen aldekoa da bigarren konpromisoa. Izan ere, jakinarazi du emakume askok lana uzten dutela familia arrazoiengatik, eta, ondoren, zailtasun handiak izaten dituztela lan mundura bueltatzeko. Prozesu hori ahalbidetzeko, Goiak proposatu du ekonomia estimulatzeko planetan diru kopuru zehatza gordetzea emakume horiei laguntzeko. Lan eta familia mundua kontziliatzeko helburuari lotuta, aurreratu du bere alderdiak lau haurreskola zabaltzeko asmoa daukala Aiete, Loiolako Erriberak, Altza eta Gros auzoetan.

Hurrengo proposamena, 65 urtetik gorako pertsonei dagokie. Goiak azaldu du hiritarren %22 dagoela kolektibo honen barruan, eta 2030ean hiru donostiarretik bat izango dela 65 urtetik gorako adin tartean. “Pertsona hauek garrantzia izugarria daukate hiriko bizitza aktiboan, eta parte hartze hori bermatu behar dugu”, adierazi du. Hori ahalbidetzeko, proposatu du helduentzat hezkuntza zentro bat eraikitzea Donostian, hiriko bizitza modernoan modu aktiboan nola bizi ikasteko.

Laugarren konpromisoa mugitzeko arazoak dituzten lagunen mugikortasuna eta lan integrazioaren aldekoa da. Kolektibo honek eskaera luzatu dio Goiari hiriko zenbait zebra-bideren egoera hobetzeko, eta hala egiteko borondatea azaldu du hautagaiak. Horrez gain, pertsona hauek lan mundura sartzeko erraztasunak bilatzeko asmoa erakutsi du. Esaterako, praktiken sistema bultzatzea edota Udalak ixten dituen kontratuetan baldintzak jartzea pertsona hauek kontratatuak izan daitezen.

Gizarte Politiken departamentuan diskriminazioaren aurka egiteko zerbitzua sortzea ere proposatu du Goiak. Halaber, departamentu honetan esparru publiko eta pribatuaren arteko elkarlanarekin jarraitzeko beharra nabarmendu du. “Donostiako eta Gipuzkoako gizartea benetan aktiboa eta eredugarria dira. Irabazi asmorik gabeko elkarteek errealitate askori erantzuten diote, eta altxor hori babestu behar dugu”, esan du. Jarraian, honakoa gehitu du: “Eelkarte horiek betetzen duten papera ordezkatu beharrean, erakundeek horiekin kolaboratu beharko lukete. Historikoki hala egin dugu gure lurraldean”.

Goiaren ondoan izan dira zenbat elkarte eta kolektibotako ordezkariak. Besteak beste, Itxaropenaren Telefonoko Juan Carlos Redondo, Admgiko María Pilar Larreina, María Luisa Ustarroz eta Zuriñe López; Gipuzkoako EAJ-PNVren Gizarte Politiken arduraduna, Maite Peña; eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendaria, Lide Amilibia.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...