Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk 3. adinaren eta zahartze aktiboaren aldeko plana garatu nahi du
Jeltzaleek datorren asterako interes handiko bi informazio hitzaldi antolatu dituzte, egunerokotasunean gertatzen diren erorien ondoriozko hausturen prebentzioari buruzkoa bata, eta zaintzaileen zaintzaren gainekoa bestea Maite Peña alkategaiak adineko jendearen askatasunaren eta bizitza duin eta osotasunezkoaren aldeko neurriak bultzatuko ditu
Errenteriako EAJ-PNV udalerriak etorkizunera begira izan ditzakeen beharren inguruko hausnarketa eta diagnosia egiten ari da. Lanketa horren baitan zahartzaroak badu bere garrantzia. “Kontziente gara gizartean aldaketak gauzatzen ari direla, eta kontutan izatekoa da gizarte geroz eta zaharkituagoa dugula” adierazi du Maite Peña EAJ-PNVko Errenteriako alkategaiak. “Datozen urteetan, gure udalerrian adineko pertsonen kopurua %20 handituko da, eta ondorioz beharrek ere gora egingo dute” gaineratu du.
EAJ-PNVk helburu gisa jarri du zahartze aktibo, baikor, bateratzaile eta osasuntsuaren aldeko neurriak hartzea udalerrian, herritarrei, duten adina dutela, bizi kalitatea bermatze aldera. Maite Peñak azpimarratu du ezinbestekoa dela adineko pertsonen egunerokotasunean aurrera eman daitezkeen gomendio xumeak hautematea, “egoki zahartzea bizi osoko lana baita” esan du.
Ildo honetatik, Errenteriako EAJ-PNVk jardunaldi ireki bi antolatu ditu 3. Adinaren inguruan errenteriarrak sentsibilizatu eta informatzeko helburuz.
Astelehenean, hilaren 20an, egunerokotasunean erorketak eta hezur hausturak nola ekidin azalduko da, adin batetik aurrera gai garrantzitsua baita, osteoporosisa dela eta. Hitzaldia Jokin Larretak, hausturak saihesteko gimnasia irakasle eta FHOEMOko Euskadiko ordezkari denak eskainiko du. “Hitzaldia baino, hartu-emanerako parada izango da, ulerterraza izango den aurkezpen txiki baten ostean, bertaratzen direnen kezkak eta galderak argitzea izango baita nire helburua” adierazi du hizlariak. Gaia dela eta 3. Adineko jendeari zuzendutako jardunaldia bada ere, interesik duen errenteriar oro gerturatu daiteke hitzaldira, baita noski, beren inguruan adineko pertsonaren bat dutenak, informazioa jaso eta haiei helarazi diezaieten.
Bestetik, apirilaren 23an, osteguna, “Zaintzaileen zaintza” hitzaldia eskainiko da. Jardunaldi honek helburu izango du zaintzaileen zaintza ondo kudeatzeko gida-lerroez hitz egitea, zaintzaileek beren burua zain dezaten, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere, izan ere, zaintzaileen ongizateak zainduaren ongizatea baldintzatuko baitu. Hitzaldia Erkuden Aldazek eskainiko du, Gizarte Lanean diplomatua eta Psikologian lizentziatua da hizlaria. Era berean, “Psikologia: norbanakoa, taldea, antolakuntza eta kultura” masterra du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren SENDIAN programan irakaslea ere bada.
Hitzaldi biak 15:30tan Reina aretoan izango dira. Aipatu hitzaldiez gain, EAJ-PNVk hitz eman du adineko pertsonen alde lan egiten jarraituko duela, dituzten oztopo eta zailtasunetatik haratago zoriontsu izan eta bizi kalitate ona izan dezaten. Besteak beste, beren etxeetan baldintza egokietan ahalik eta denbora gehien egon daitezen lortzeko neurriak bultzatuko dira, baita mugikortasun arazoak dituzten pertsonen etxebizitzen egokitzapenerako neurriak ere.
Halaber jeltzaleek gogorarazi dute, joan den aste bukaeran hasitako auzoz auzoko bisitei jarraipena emango dietela. Gaur Matxain izango dira eta igandean berriz, Beraungo Pablo Sorozabal plazan, bietan 11:30tatik 13:30ra. Errenteriarrak bertaratu daitezen animatu dituzte beren ekarpenak egin ditzaten eta dituzten kezkak helarazi diezazkieten.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


